Balerdi mendiaren babesean (Bedaio, Gipuzkoa), «kutsaduratik urrun» daude Balerdipeko erleak. Mattin Jauregik (Ikaztegieta, Gipuzkoa, 1998) bere kide Inaxio Arinekin batera sortutako proiektua da. Jauregi erleez arduratzen da, eta Arin, berriz, eztiarekin produktu eta plater berriak sortzeaz.
Nolatan dabiltza bi gazte Bedaioko erlauntzen artean?
Deigarria da, bai. Ni duela bost edo sei urte hasi nintzen. Beti izan dut jakin-mina erleen inguruan, eta bi erlauntz jartzera animatu nintzen. Ez nekienez ezer erleen inguruan, erle guztiak hil zitzaizkidan. Ikastaro batzuk egiten hasi, eta pixkanaka ikasiz joan nintzen, eta erlauntz gehiago jarriz. Lanak handituz joan ziren, eta Inaxio [Arin] hasi zitzaidan laguntzen. Inaxio sukaldaritzaren mundutik dator, eta pentsatu genuen: zergatik ez saiatu eztitik zetozen produktu berriak sortzen?
Zein produktu dituzue?
Adibidez, ozpina sortu dugu. Eztiaren lehenengo hartzidura alkoholikoa izaten da, glukosaren eta fruktosaren eraginez. Bigarren hartziduran, ordea, ozpindu egiten da. Ozpin gozo moduko bat sortzen da. Kakao krema bat ere sortu dugu, pestoa, propolia... Sukaldaritzari dagokionez, zenbait plater sortzen ari gara. Zerbaitetan zentratu beharrean, denetarik egitea gustatzen zaigu.
Beste ikuspuntu batetik lantzen duzue erlezaintza.
Guk beti esan dugu erlezaintza gaztea egiten dugula. Orain arte, erlezaintza eztia bakarrik izan da, eta guk ez dugu beti salgai. Gure produktuak egiteko erabiltzen dugu gehienbat eztia, eta ez dugu beti ezti gordina salgai izaten.
Nolakoa izaten da zuen egunerokoa? Zer-nolako lanak egiten dituzue?
Bi zatitan banatuko nuke gure lana. Batetik, erlearen produktu gordinak lortzea: eztia, propolia... Lan horiek nik egiten ditut; ni naiz erleen arduraduna. Inaxio produktuen sorkuntzaz arduratzen da, gastronomia arloaz gehiago daki eta. Produktuak azoketan saltzeaz ere bera arduratzen da. Hala ere, elkarri laguntzen diogu.
Euskal Herriko erle beltzarekin egiten duzue lan. Zer ezaugarri ditu erle mota horrek?
Arazo bilakatzen ari da erle beltzarekin lan egitea, egia esan. 80ko hamarkadan, moda moduko bat izan zen kanpoko erleekin lan egitea, hemengo erleak baino ezti gehiago ematen zutelako; erle italiarrak, adibidez. Erle beltzaren erreginak hegan ernaltzen dira, eta, behin erlauntzera iristean, ezin dugu jakin zein espezierekin ernaldu den. Kanpoko arraza batekin ernaltzen bada, hibridazioa dago, eta horrek galerak ekartzen dizkio bertako arrazari.
Zer egiten duzue zuen erleetako bat beste arraza batekin nahastu dela ikustean?
Erlauntz hori alboratu egiten dugu, eta erle beltzaren beste erregina bat sartzen saiatzen gara.
Zenbat erle dituzue?
Orain, 120-130 erlauntz inguru ditugu. Erlauntz bakoitzean 40.000 erle inguru daude.
Zeintzuk dira, gaur egun, erlezaintzaren mehatxurik edo erronkarik handienak?
Liztor asiarra da mehatxuetako bat. Izugarrizko kaltea eragiten du. Iaz, Gipuzkoako erlauntzen %60 galdu ziren liztor asiarraren ondorioz. Barroa da beste bat. Akaro txiki bat da, eta oraingoz ez dago %100 deuseztatzeko tratamendurik. Horiek dira aurkaririk handienak, baina badaude beste batzuk ere: kutsadura edo monolaborantza, adibidez. Nola uste duzu dagoela erlezaintzaren sektorea Euskal Herrian?
Profesionalak gutxi daude, baina egia da historikoki erlauntz asko izan ditugula. Garai batean, baserri ia gehienetan zeuden erlauntzak. Gaur egun, erlezaintza profesionalizatu egin da, denbora asko eskatzen duelako. Gure esku dago erlezaintzaren etorkizuna. Erle gehiago hazi behar dira, eta jendeari ofizioa gehiago erakutsi behar zaio, erlea beharrezko intsektua baita.
Bisita gidatuak ere egiten dituzue. Zer erakusten duzue bisitetan?
Zer-nolako erremintak erabiltzen ditugun erlezaintzan, eztia nola egite duten erleek, polinizazioaren garrantzia... Lan handia dago kilo bat eztiren atzean. Helburu horrekin hasi ginen bisitekin, gehienbat. Irailera arte egingo ditugu bisitak, larunbat goizean bakarrik, igandean azokak baititugu. Gehienez hamaseiko eta gutxienez lauko taldeak izan behar dute. Gure webgunean eman daiteke izena [www.balerdipeko.eus]. Gainera, ez dugu erlezaintzaren inguruan bakarrik hitz egiten. Gipuzkoaren eta Nafarroaren arteko mugan gaude, eta hemengo hau Gipuzkoako baserririk handiena da. Garai batean kartzela eta mojen egoitza ere izan zen, pentsa.