Eredu publikoaren defentsa

Balmasedan ospatutako 23. Euskal Eskola Publikoaren jaiak hainbat aldarrikapen bildu ditu, eta antolatzaileen ustez, baita aurreikuspen guztiak hautsi ere.

Porrotx Balmasedako Seberino Deuna plazan bilduriko umeen aurrean. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Iñaki Larrañaga Aizpurua.
Bilbo
2014ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Janaria, edariak eta jantziak bukatu zaizkigu. Aurreikuspen guztiak gainditu ditugu». Euskal Eskola Publikoaren jaiak Balmasedako herritarren aurreikuspenak gainditu eta biharamunean, Lurdes Imaz EHIGE Euskal Herriko Ikasle eta Guraso Elkarteko koordinatzaileak ez du hitz txarrik. Gorantz Goaz. Go-Go! lelopean, eta eguraldia lagun —ez zuen euririk egin—, aurtengo jaia azken urteetan ospatu den jendetsuena izan dela nabarmendu du Imazek, eta horrek azken urteetan hartutako bideari ekiteko indarrak ematen dituela gaineratu.

Igandekoa ez zen izan egun erraza. Euria egin zezakeela adierazten zuen iragarpenak mesfidati izateko arrazoiak ematen zizkien antolatzaileei. Hala ere, hasiera ekitaldian bertan suma zitekeen jende andana bilduko zela Balmasedara. Goizeko lehen orduetan, eta agintariz inguratuta, Mendia ikastetxeko arduradunek hasiera eman zioten eskola publikoaren jaiari. Han izan ziren, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua.

EHIGEko ordezkariarentzat, igandeko gauzarik nabarmenetarikoa izan zen euskararen presentzia. «Jendeak esaten zigun euskara entzuten zela Balmasedan, eta hori oso garrantzitsua da, Enkarterriko eskualdean euskararen presentzia ez baita ohikoa. Egia da hango eskoletan esfortzu handia egiten dela euskara indartzeko, baina, aldi berean, aitortzen dute haren presentzia ez dela oso handia. Guretzat erronka bat zen, eta, egun batez bada ere, euskararen presentzia indartu dugu Balmasedan eta Enkarterrian».

Goizetik hasi eta iluntzera arte, eskainitako proposamenek bertaratutakoen nahiak gogobete zituzten. Pirritx, Porrotx eta Irrien Lagunek alde zaharreko Seberino Deuna enparantza bete zuten, eta handik gertu, San Joan elizpean, herriko hainbat sukaldarik 60 kilo indaba prestatu zituzten. Guztira, 600 pertsona inguru zerbitzatu zituzten.

Hala ere, eta jai giroa alde batera utzi gabe, igandekoa aldarrikapen eguna ere izan zela nabarmendu du EHIGEk, hasiera ekitaldian argi utzi zuen moduan. Beste batzuetan egin bezala, LOMCE legea jarri zuten jomugan, «ikasketen amaiera azterketan eragiten baitu, adibidez». Horrez gain, eskola pribatuek eskatutako balizko finantzaketa igoera batek modu negatiboan eragin diezaiekeela azaldu zuen Imazek: «Horrek, automatikoki, hezkuntza publikoan murrizketak ekarriko lituzkeelako». Aldarrikapen horiek egiteaz gainera, murrizketak egon badaudela salatu dute, eta guraso elkarteentzako diru laguntzak eta obretarako aurrekontua murrizteko instituzioek egindako ahaleginak jarri dituzte horren adibidetzat. Imazen arabera, aipatutako doitze plan horiez gain, adierazi diete garraio zerbitzuak murriztuko dituztela, eta, kasu batzuetan, dagoeneko ari dira pairatzen irakasleen ordezkapenen falta.

«Giro osasuntsua»

Aurtengo jaia eskola publikoaren alde egiten den hogeita hirugarrena izan da. Hala ere, aldarrikapenak ez ezik, guraso elkarteetan egiten den lana goraipatzeko aukera ere egon da.

Aurreko jaien esperientziaz baliaturik, aisialdirako alternatibak eskaini zizkieten Enkarterrira bildutako gazteenei. Horrelako jaietan gazteen artean izaten den alkohol kontsumoaz arduraturik, alternatibak eskaintzea izan da aurtengo erronketako bat. Alde horretatik, Imaz oso pozik agertu da: «Gure helburua da jende gaztea erakartzea, baina alternatibak eskaini behar dizkiegu. Gazteen gunean, kirola egiteko hainbat eskaintza jarri genituen, tirolina eta Cadagua ibaian kanoan ibiltzeko aukera, adibidez, eta oso harrera ona izan zuten. Oso familia giro osasuntsua izan genuen».

Etorkizunerako erronkei begira, EHIGEko koordinatzaileak azaldu du helburu nagusia LOMCEri aurre egitea izango dela. Azkenaldian proposamen bat helarazi diete ikastetxeei, eta pixkanaka aurrerapausoak eman nahi dituzte. Horrez gain, Imazek azaldu du duela urte batzuk aurkeztutako Euskal Eskola Publikoa Haratago proposamenean badaudela hainbat gai jorratzeko, Eskola Mapa berritu eta hizkuntza ereduen sistema aldatu, esaterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.