Udako proposamenak

Erdi Aroz jantzi da Lizarra

Lizarrako Erdi Aroko astea ospatzen hasi ziren astelehenean, eta igandera arte iraunen du.

Lizarrako Erdi Aroko astea, artxiboko irudia. LIZARRAKO OSTALARITZA ELKARTEA
Lizarrako Erdi Aroko astea, artxiboko irudi batean. LIZARRAKO OSTALARITZA ELKARTEA
2024ko uztailaren 18a
05:00
Entzun

Uztailaren hirugarren edo laugarren astean —urtearen arabera— Lizarra (Nafarroa) Erdi Aroz janzten da: lantokiei itxura aldatzen diete, Erdi Aroko janzkera erabiltzen dute, eta saltokiei gaztelu traza eman. Astelehenean hasi zen Erdi Aroa Lizarran, eta igandera arte iraunen du, San Pedro eta San Miguel auzoetan. Jatetxeek ere betiko platerak egokitu dituzte; Erdi Aroko janaria kozinatzen ari dira aste honetan. 

Astebeteko bestak, dena den, arlo akademikoan du jatorria berez: Ikerlanen Nazioarteko Astean. Zer Erdi Aro gaur egun? Erronka globalak, bide berriak, bestelako publikoak lelopean abiatu dute aurten Lizarrako Erdi Aroko Ikerlanen Nazioarteko Astearen 50. aldia; asteartean hasi eta bihar artean izanen da martxan, Erdi Aroko astearen barrenean. Ikerlanen Nazioarteko Astearen testuinguruan aste osorako kultur ekitaldiak antolatzen dituzte. 

Arlo akademikoan, urteurren borobila izaki, mahai inguru bat egin zuten asteartean Nafarroako Gobernuko ordezkariekin; eta erakusketa bat prestatu urteotako istorio guztiekin. Erakusketa, bere horretan, bi zatitan banatua dago: batetik, 1961. urtetik gaurdaino egin dituzten Erdi Aroko asteen azterketa egin dute; eta, bertzetik, Lizarra hainbertze urtez Erdi Aroz janztea ahalbidetu duen jendeari eskertza egin nahi izan diote. 

Astelehenean hasi zen Erdi Aroa Lizarran, eta igandera arte iraunen du, San Pedro eta San Miguel auzoetan.

Erdi Aroko asteaz, akademikoaz bainoago kulturalaz, Lizarrako ostalaritza elkartea arduratzen da, eta, egitaraua urtetik urtera zertxobait aldatzen bada ere, bada urtero errepikatzen den ekintzarik: kale antzerkia, zuzeneko musika, dantza, ikuskizunak eta malabarak, bertzeak bertze. Horrez gain, artisau azoka ere izaten da, eta norbere postuan eskuz egiten dituzte salgai dituzten lanak; anitzek, momentuan bertan. 

Gainera, hainbat aditu joaten dira hitzaldiak ematera eta entzuleekin solasaldiak egitera, Erdi Aroari buruzko ikasketa bat ere izan dadin jaialdia. Gaur egun, interes komertzial, kultural eta turistiko bilakatu da astea, eta Egatik haragoko jende anitz biltzen da hiriaren iragana ezagutzera. Egun baterako joan ala aste guzirako, Erdi Aroko arropekin janzten dira bai bertaratuak, bai eta bertan lanean ari direnak ere. 

Egitaraua

Gaurkoa Patrasko apezpikuaren eta haren erlikien eguna izanen da; 11:30ean hasi eta iluntzera arte, egiteko anitz egonen da hirian. Goizean musika ibiltaria adituko da karriketan barrena: Erregearen musikariak, Kondenatuen zigorra, Erresumako doinuak, eta musikaren iratzartzea. Arratsaldean, ipuin kontalarien eta bisita gidatuaren ondotik, ikuskizuna eginen dute Foruen plazan: Maricastaña. 20:00etan, berriz, deabrudunek hartuko dute hiria. Handik ordu erdira, Bangaluru ikuskizuna eskainiko dute; eta, ondotik, musika eta dantza.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.