Donamaria udalerria Malerreka ibarrean dago, Doneztebetik hiru kilometrora, eta Iruñetik 50era. Askarragak, Artzek, Donamariak, Gazteluk eta Igurinek osatzen dute, eta Donamaria da hiriburua.
Jauregia dorretxea da Donamariako eraikinik ezagunena. Hark ematen dio ongietorria herrira joaten den orori. Ez zen horretarako sortu, aitzitik. Muino baten gainean dago, ibaiaren ondoan; herria defendatzeko leku estrategikoan, beraz. Erdi Aroan eraiki zuten, XV. mendean, defentsa dorre gisa. Ezohikoa da haren egitura: lehenbiziko bi solairuak harriz eginak dira, baina azken biak egurrezkoak dira. Kultura intereseko ondasuna da dorretxea, eta 2000. eta 2001 artean zaharberritu zuten.
Dorretxearen gerizpean eraikia dago Donamaria herria, koloretako parke, igerileku eta frontoi estali eta guzi. Nabarmentzekoa da Andre Maria Jasokundekoaren eliza. Ezkila dorrea zilindrikoa da, eta teilatuak kono forma du; horrek ipuinetako gaztelu itxura ematen dio elizari. Inguruan harrizko etxe ederrak ditu, herriko plaza inguratzen dutenak.
Donamaria inguruan zenbait ibilbide daude. Horietako bat egin behar da Troskatako ur jauzia ikusteko. Ez da ibilbide zaila, baina hiru ordu inguru behar dira buelta osoa egiteko, zirkularra baita. Plazatik abiatuta, dorretxea atzean utzi, eta Artze auzorako bidea hartu behar da. Bidean, Laztaiko borda, iturria eta Bidartxo menhirra ikus daitezke. Troskata ur jauziak ikusi ondotik, meatze zaharrak agertuko dira Donamariako bidean, eta, azkenik, Agerrea jauregia. Eraikin hori XVIII. mendean eraiki zuten, eta, 1960. urteaz geroztik, Karmeldar oinutsen komentua da.
Krimen lazgarria
Gaztelu herria Donamaria udalerriaren parte da. Han dago Legarreako leizea, eta Nafarroako Memoria Historikoaren Leku izendatu zuen Nafarroako Gobernuak 2020. urtean. Izan ere, 36ko gerran krimen lazgarri bat egin zuten han: leize horretara bota zituzten garai hartan 38 urte zituen Juana Josefa Goñi Sagardiaren gorpua eta haren zazpi seme-alabetatik seiren hilotzak: Joaquin, 16 urtekoa; Antonio, 12 urtekoa; Pedro Julian, 9 urtekoa; Martina, 6 urtekoa; Jose, 3 urtekoa; eta Asuncion, 18 hilabetekoa. 2016ko irailean, gorpuzkiak lurpetik atera zituzten.
Leizea itxita dago, hesi baten bidez, eta ondoan oroitarri bat dago Goñi Sagardia familiaren omenez. Ibilbide zirkular bat eginez ailega daiteke, Gaztelutik aterata. 8,6 kilometro inguruko bidea da, hiru orduan egin daiteke, eta zailtasun ertainekoa da. Ibilbidea Legasatik ere pasatzen denez, handik has daiteke.