Ezarian. Merkataritza

Erdi Aroko Bilbo, museora ekarria

'Merkatariak eta merkatu gaiak' erakusketak duela 500 urteko Bilbon hiritarrak nola bizi ziren erakusten duKontsuletxearen mendeurrenaren harira antolatu dute erakusketa Euskal Museoan

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2011ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Bilboko kontsuletxea sortu zenetik bost mende igaro dira aurten, eta garai hartan Bilboko jarduera sozial eta ekonomikoa nolakoa zen ezagutzeko, Euskal Museoak Merkatariak eta Merkatu gaiak izeneko erakusketa jarri du abenduaren 31ra arte. «Jendeari kontsuletxea aipatzen zaion bakoitzean, garai hartako bizitza nolakoa zen jakin gura izaten du, euren bizitza nolakoa zen», Amaia Basterretxea Euskal Museoko zuzendariaren hitzetan. Eta nahi horri erantzuteko antolatu dute erakusketa, baina «zertzelada batzuk besterik ez ditugu bildu ordea, garai horietatik gelditzen diren arrastoak ez baitira ugariak. Horietako batzuk ekarri ditugu erakusketara». Denera, 80 objektu eta material grafiko bildu dute erakusketan, denek ere Erdi Aroko bilbotarren bizitza nolakoa zen erakutsiko dute. Erakusketa antolatzeko garaian, Bilboko Merkataritza Ganberaren laguntza jaso du; aurten 125 urte beteko ditu.

Zazpi ataletan antolatuta

Kontsuletxearen eta Merkataritza Ganberaren garaia erretratatzeko, erakusketa zazpi ataletan banatu dute Euskal Museoko arduradunek. Era horretan, Erdi Aroko gizartearen argazki ahalik eta fidelena erdiestea lortu dute, Basterretxeak azaldu duenez.

Lehen atalean, hastapenak ageri dira. XVI. mendetik aurrera, Bilboko jarduera ekonomiko eta soziala asko hazi zen kontsuletxeari esker. Baina haren sorrerarako, «merkatari bilbotarren ekimena ezinbestekoa izan zen», Basterretxearen hitzetan. Bilbotarrak garraiolariak ziren, eta Burgosen zeuden merkatariak. Baina Bilboko merkatariek, euren jarduna babesteko, kontsuletxea sortu zuten. Eta erakunde berriak eratu zituen lehen legeen ondorioz, bilbotar merkatariak atzerrira iristen hasi ziren. Horixe da erakusketaren lehen atalean ikusi ahal izango dena, bizkaitarrek atzerrian izan zuten eragina eta garrantzia. Horretarako, garaiko hainbat mapa daude ikusgai.

Hiribilduaren hainbat zertzelada ere jaso ahal izango ditu bisitariak erakusketan, merkataritza jarduerak bertan gauzatzen ziren heinean. Eraikinen itxura nolakoa zen ikusi ahal izateko, urbanismoko hainbat kontzeptu topatu ahal izango dira, garaiko leiho edo modiloi bat, kasu. Baina hori eraikinen fatxada zen. Barrualdean ere altxor ugari biltzen zituen Bilboko oligarkiak. Esaterako, mundu osoan Bilbo ispilua bezala ezagutzen den ispilu baten eredu bat ikusi ahal izango da Euskal Museoan.

Aipatutako klase sozialeko pertsona horien nahia nobleziaren estamentura iristea zen, eta hori lortzeko bidea ezkontza zen. Baina horretarako, odol garbia izatea ere ezinbestekoa zen, horregatik familia liburuek zeresan handia zuten maila sozial horietan. «Kontuan hartu behar da, Bilboko hiribilduan bizi zen gehiena maila altukoa zen», Basterretxearen hitzetan. Horren adierazle, Diego Maria de Gardoqui-ren XVIII. mendeko traje bat ere ikusgai dago.

Jarduera ekonomiko nagusia merkataritza izan zen hiribilduan. Bertako burdin minerala eta kanpotik etortzen ziren artile eta oihalak hartu eman horietan egoten ziren. Bizitza horren lekuko, itxura antropomorfoa duen olagizon baten irudia ekarri dute erakusketara, «garai horretakoa izateko, berezia».

Baina lanaz gain, bilbotarrek bazekiten aisialdiaz gozatzen. Euren denbora libreko jolas eta entretenimenduak zeintzuk ziren biltzen dituzten hainbat margo daude Merkatariak eta Merkatu gaiak erakusketan. Zezenketak, dantza, musika, karta jokoak, edo apostuak dira ikusi ahal diren denborapasak.

Kontsuletxetik Merkataritza Ganberaren sorrerara hainbat urte igaro ziren, eta azken honek hasierako erakundearen botereak bere gain hartu zituen 1866an. Botere aldaketa hori ziurtatzen duen dokumentu orijinala ere irakurri ahal izango du ikusleak.

Erakusketa gehiago

Euskal Museoan dagoen Merkatariak eta Merkatu gaiak izeneko erakusketa, ordea, ez da urteurren honetan ikusgai egongo den bakarra izango ordea. Izan ere, Merkataritza Ganberarekin batera beste bi erakusketa ere jarriko baitira Bilboko Itsasadarra eta Itsas museoan batetik, eta Ondare aretoan bestetik. Lehenengoa azaroaren 11tik urtarrilaren 8ra arte egongo da zabalik, Bilboko itsasadarra izenpean. Bertan,itsasadarreko merkataritza jarduera jorratuko dute. Abenduaren 11tik otsailaren 28ra arte zabalik egongo den erakusketa bestetik, Bilboko kontsulatuaren artxiboa izenpean joango da, eta bertan zabalduko dute kontsuletxeko dokumentazio guztia. «Ondare aretoan bertan gordetzen dituzte artxibo horiek guztiak, beraz leku aproposa da artxiboak erakusteko», Basterretxearen hitzetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.