ETBko eguraldi tartearen aurkezle eta zuzendaria izan da Urko Aristi (Ibarra, Gipuzkoa, 1977) urte luzez. Azkenaldian, Bi errepidean eta Bizirik saioetan ibili da.
«Urko Aristi, irratian gazteleraz! Nola liteke?». Galdera hori askotan entzungo zenuen azken asteotan, ezta?
Batzuek, elkarrizketatzeko deitu eta Radio Euskadirako dela lautan esan arren, berdin jarraitu dute pentsatzen Euskadi Irratirako zela. Kontua da nik oposizioetan plaza atera nuela Eusko Irratiak talderako, eta hor irrati guztiak sartzen dira. Plaza Bilbon da, eta, Bilbon gauza gehientsuenak Radio Euskadirako egiten direnez, pentsatzen dut horregatik nagoela Radio Euskadin. Zuzendaritzak erabaki du.
Zer pentsatu behar da: entzule euskaldunak berezko esatari bat galdu duela, edo entzule erdaldunak euskarara hurbilduko duen ahots bat irabazi duela?
Telebistan bi hizkuntzatan aritu naiz, egia da, baina neure burua askoz erosoago ikusten dut euskaraz, jario eta naturaltasun handiagoa dudalako. Erdaraz makalxeago nabilela onartzen dut. Baina uste dut Radio Euskadin egotea ere ez dela kalterako. Etxe honetan hausnarketa egin beharko genuke. Uste dut profilen arabera egin beharko litzatekeela banaketa. Bada jendea prestatuago dagoena hizkuntza batean bestean baino, eta hori kontuan hartu beharko litzateke.
Zer ekarpen egin diezaioke euskaldun peto batek erdarazko irrati bati?
Besterik ez bada ere, entzuleak igartzen badu erdaraz arituta ere euskaldunak garela, hori ere bada aurrerapauso bat. Ni tematuta nago erdaldunak euskal kulturara ekartzearekin. Ez dut esango etsita nagoela, baina sentsazio kontrajarriak dauzkat: batetik, ahalegin handia egiten ari naiz kolaboratzaileen profila aldatzeko, eta euskal esferako hainbat jende gurera ekartzeko, erdaldunek orain arte ezagutu ez dituzten ahotsak ezagut ditzaten. Lortu dut, esaterako, Ana Galarraga eta Idurre Eskisabel ekartzea. Baina ezetz esan dit jende mordo batek. Ongi ikusten dutela ahalegina, baina eurek horretan muga jarria dutela eta ez daudela prest erdaraz egiteko. Horrek kontraesanak agerian utzi dizkit neuri ere. Nik ez daukat argudiorik hori esan didan bati kontra egiteko, koherentzia gauza handia baita, eta errespetatzea besterik ez dagoelako. Baina, niretzat, pena da: zubiak ez baditugu eraikitzen, berriz ere ezezagutza handia izango da bi munduen artean. Denok jarri behar dugu zer edo zer harresi hori botatzeko. Ni bezalako bat erdaraz jartzeak horretarako balio badu, ongi etorria izan dadila erabakia.
Aurrekoan, esatari euskaldun batek «hagan uno con nosotros» euskarakada bota zuen ETB2n.
Konplexuak kendu behar ditugu horretan. Euskaldunak oso gogorrak gara geure buruarekin: erdarakada bat entzun eta barre egiten dugu, baina euskarakada batek ihes egiten badigu, larritu egiten gara. Asteburuetan pertsona berak egin behar zuen euskarazko eta erdarazko eguraldia. Niri, batzuetan «este fronte que viene por aquí» ateratzen zitzaidan, euskaraz pentsatzen jarraitzen nuelako. Naturaltasunez hartu behar dira halakoak. Gainera, gero horrek balio badu erdaldunei bat egin esamoldea erakusteko... Egia da Radio Euskadiko entzule profila erdaldunagoa dela, eta, askotan, ez direla euskarakada horietaz jabetzen. Nahiko nuke... seinale ona litzatekeelako.
Edonola ere, Radio Euskadiko entzule gehienek ere ez dute, ziurrenera, Valladolideko (Espainia) gazteleraz egingo.
Aurrekoan antaño atera zitzaidan, aspaldi esateko, eta gero urduri egon nintzen hitz hori ez ote den potoloegia edo zaharkitua. Saioan badugu atal bat gurasotasunaren gainean, eta hor eztabaida sortu zen, euskaraz badugulako genero desberdintasunik egiten ez duen hitza, baina gazteleraz ez genuen topatzen: bakarrik paternidad edo maternidad. Naturaltasun osoz atera zen gaia, eta horrela eztabaidatu genuen saioan. Elebidunak garenok badugu abantaila hori. Bitara aritu gaitezke, eta, hori beti izango da aberastasuna. Ni euskalgintzatik nator, eta, gainera, Nafarroatik. PSEren kanpainako bideoa lotsagarria izan zen. Egin duenak ere ez du sinesten.
Urko Aristi. Irrati esataria
«Erdaraz egiteko prest ez daudela esan didate askok»
Radio Euskadiko 'Graffiti' arratsaldeko magazina gidatzen hasi da Aristi, gazteleraz. Erdaldunak euskarara eta euskal kulturara ekartzearekin «tematuta» dagoela esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu