Banaiz Bagara elkartea 2009az geroztik dabil etorkinekin lanean. Euskara eguneroko komunikazio tresna izatea dute helburu. Horretarako sortu dute Nik ere euskaraz lanean proiektua; salmahai bat jarriko dute herrietako asteroko merkatuetan eta bestelako azoka berezietan. Horrela, bezeroekin euskaraz aritzea ahalbidetu nahi du Banaiz Bagara elkarteak.
Bi hilabete iraungo du egitasmoak. Azaroan euskarako eskolak jaso zituzten, eta orain, abenduan, praktikan jarriko dute ikasitakoa. Zortzi ikaslek parte hartuko dute egitasmoan: lau emakumek eta lau gizonek. Jatorri desberdinekoak dira; besteak beste, Kolonbia, Argentina, Maroko, Ekuador eta Espainiakoak. Tomas Zaldua dinamizatzaile euskalduna haiekin egoten da salmahian.
Eva Bravo argentinarra eta Osama Nciri marokoarra dira taldeko bi kide. Oraindik ez dira euskaraz hitz egiteko gai, baina gogotsu ari dira lanean. Bravok, adibidez, urtebete baino gutxiago darama lantaldean, eta zaila egiten zaio euskaraz hitz egitea, batez ere, ikasitakoa etxean praktikan jarri ezin duelako: «Nire semeek euskaraz badakiten arren, beti jotzen dugu gaztelaniara. Lau urte dituenarekin hitz egiten dut batzuetan, anaia zaharrenak baino erraztasun handiagoa baitu hark euskaraz hitz egiteko». Hala ere, salmenta postuan ondo sentitzen da: «Erosoa da, ez delako asko hitz egin behar. Eta gainera, jendeak pazientzia handia dauka; gu entzuteko prest daude, eta horrek ondo sentiarazten gaitu».
Bravo jakitun da urduri jartzen delako kostatzen zaiola hainbeste euskaraz egitea: «Konfiantza da falta zaidana. Hala ere, badakit hanka sartuz ikasten dela, eta garrantzitsua dela saiatzen jarraitzea, ondo egin arte». Hitz egitera ausartu ez arren, euskaraz hitz egiten badiote, ulertzeko gai da.
Ncirik, berriz, ez du euskaraz hitz egiteko beldurrik, akatsak egin arren: «Kostatu egiten zait, baina praktikatzen badut, ziur nago erraz lortuko dudala euskaraz ondo egitea». Hilabete darama Banaiz Bagara elkartearen bidez euskara ikasten, lehenengo aldiz, «poliki-poliki» izan arren. «Arabiera eta txinera zailak dira, baina euskara, ez!», dio barre artean. Postuan lanean dabilenean ere bere saltsan ibiltzen da, prezioak ikastea falta zaion arren: «Neurriak, koloreak... Horiek ikasi ditut, eta ondo moldatzen naiz! Gainera, jendeak oso ongi tratatzen gaitu».
Bravoren antzera, euskaraz jakinda lanerako aukera gehiago izango dituela iritzi dio Ncirik, baina hori ez da euskara ikasteko duen motibazio bakarra: «Leku askotan bizi izan naiz, Madrilen, Bartzelonan... Baina ez dut berriz bizilekuz aldatu nahi: Euskal Herria leku lasaia da, eta oso kontentu nago hemen. Falta dudan bakarra euskara ikastea da».
Elkar ezagutzea helburu
Petra Elser da Banaiz Bagara elkartean eskolak ematen dituen irakasleetako bat. 2009an elkartea sortu zutenean hasi ziren etorkinekin lanean; gaur egun, bederatzi lantalde dituzte, Gipuzkoan. Modu informal batean etorkinei euskara irakatsi eta praktikatzeko sortu zituzten lantaldeak.
Ematen dituzten eskoletan ez dago arbelean gauzak idazten dituen irakaslerik: mahai baten inguruan eseri, eta hitz egiten dute. Batek galdetu, beste batek erantzun, eta horrela, txandaka aritzen dira: «Galdera sinpleak izaten dira, lagunartean izan dezakegun hizketaldi baten antzera: asteburuan zer egin duten, zer bazkaldu duten, eta gisa horretakoak izaten dira». Ikasleei apunte eta fotokopiak banatu ordez, garrantzi handiagoa ematen diote guztien artean hitz egin eta ahozkotasuna lantzeari.
Euskal Herriko hainbat elkarterekin elkarlanean aritzen da Banaiz Bagara. Euskara irakastea ez ezik, etorkinen eta euskaldunen arteko distantzia murriztea ere bada elkartearen helburuetako bat. «Ez zait integrazio hitza askorik gustatzen; nahiago dut elkar ezagutzea edo elkarbizitza eraikitzea bezalako terminoak erabiltzea. Kultura eta bizimodu desberdinak ezagutu, eta guztion artean gizartea osatzea bilatzen dugu: hobe da hori, bakoitza bere aldetik ibiltzea baino».
Horretarako, elkarren arteko komunikazio tresna izan behar du euskarak, Elserren ustez: «Automatikoki gaztelaniara jotzen dugu etorkinekin hitz egiteko, eta gure nahia hori aldatzea da».
Elser bera ere etorkina da: duela hamar urte etorri zen Alemaniatik, baina badira hogei euskara ikasten hasi zenetik. Hizkuntza jakin arren, zaila egin zitzaion hemengo bizitzara ohitzea: «Kanpotik datorren batentzat ez da erraza lagunarteko giro batean sartzea. Eta, hein batean, bizitako esperientzia horren ondorio da Banaiz Bagara elkartea».
Hizkuntza ikasteko prozesuan, baina, garrantzitsua da inguruan giro euskalduna izatea, edo gutxienez, euskaraz hitz egiteko jendea alboan izatea: «Nabaritzen da nork duen ikasitakoa praktikan jartzeko aukera eta nork ez. Saiatzen gara taldeen arteko topaketak egiten, baita euskaldunekin ere, pixkanaka trebetasuna har dezaten».
Nciri ere jabetu da horretaz: «Jende euskalduna ezagutzen dut, baina ez naiz beti egoten haiekin: astean bitan, gehienez». Pena bakarra du: ikastaroa laster bukatuko dela. Baina argi dauka bukatzen denean bere kabuz ikasten jarraituko duela: «Gutxi bada ere, ez dut galdu nahi azken hilabetean ikasitakoa».
Erdaratik euskararako zubia
Etorkinei euskara irakasten lan egiten du Banaiz Bagara elkarteak, eta abenduan zenbait salmahai jarriko dituzte herrietako asteroko merkatuetan, eskoletan ikasitakoa praktikan jartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu