Bertrand Lefebvre. FBPBko burua

«Erdaldunei egokituz sustatu behar dugu euskara»

France Bleu Pays Basque irratia «ireki eta gaztetu» nahiko luke Lefebvre zuzendari berriak. Erdaldunak euskarari «interesatzeko» asmoz, euskarazko orduak gutxitu ditu.

MADDI ANE TXOPERENA IRIBARREN.
maddi ane txoperena iribarren
Angelu
2016ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Frantzia iparrean hasi zen esatari lanetan Bertrand Lefebvre (Henin-Beaumont, Frantzia, 1959). Besançongo France Bleu irratiko zuzendari egin zuten gero. Abuztutik irratiaren Ipar Euskal Herriko adarraren burua da. Euskara sustatu nahi duela dio, baina zuzendari denetik gutxitu egin daeuskarazko ordu kopurua. Donostiako Tabakaleratik saio berezi bat egin ondotik, Angelun irratiaren besta egin zuten ostiralean, eta han erantzun zituen galderak.

Donostiatik saio berezia egin duzue. Zergatik?

Gure egitekoa loturak sortzea baita. Loturak alde honen eta Pirinioen bertze aldearen artean, euskaldunen eta erdaldunen artean, barnealdearen eta BAMen artean... Loturak errazteko gogo horretan Donostia 2016 adibide enblematikoa da, egitasmoaren aldarria elkarbizitza baita. Interesatu ginen, eta sei orduko emankizun bat egitera joan gara. Urte osoan ere segituko dugu asteroko saio batekin; ostiraletan, 07:25ean eta 18:15ean, kontatzeko kulturan zer gertatzen den.

Abuztutik zara FBPBko zuzendari. Zein erronka dituzu?

Irratia irekiago egin eta loturak sortu nahi ditut. Egia da irratia jada ongi dabilela: audientzien buruan gaude. Baina helburua da are gehiago irekitzea eta audientzia gaztetzea. Zeren eta beti entzule kopuru ona baldin badugu, joera egon daiteke lasaitzeko, eta zinezko modernizazio bat egin behar dugu. Hurbileko irrati bat gara, eta, beraz, Euskal Herrian gertatzen den guziaz hitz egin behar dugu. Baina beharbada egin daiteke tonu gaurkotuago batekin, izan antenaren itxuran, izan albisteak emateko moduan...

Berrikuntza horretan zein garrantzi izanen du euskarak?

Funtsezkoa! Euskara kulturaren oinarria da. Guretzat premiazkoa den gai bat da hizkuntzarena: aitzina dadin lagundu nahi dugu. Baina norabide horretan, ene lana da euskal hiztunak ez direnak interpelatzea, eta eginahalak egitea hizkuntzari interesa daitezen. Garatu nahiko nukeena da euskara maizago entzutea, baina formatua aldatuz, hiztunak ez direnak ez daitezen antenatik joan. Zeren eta ez badute hizkuntza ulertzen, bistan da, frekuentziaz aldatuko dute. Hobe da geldi daitezen, interesa daitezen. Horregatik eman dugu berriro antenan B A BA du Basque irratsaioa, ikasgai bat bezala dena. Euskararen sustapena ez da irekiduratik baino iritsiko: hizkuntza eskuragarri bilakatu behar da. Badira euskaraz bakarrik egiten duten hedabideak, baina gu zerbitzu publiko bat gara, orokorra: denei zuzendu behar gatzaizkie. Hizkuntzari interesatzea funtsezkoa da, baina gaia minbera da... Ene eginbeharra, berriz diot, irekitzea da. Gehiago edo gutxiago egitea baino, kontua hobeki egitea da.

Justuki, euskarazko emankizunen iraupena laburtuz doa.

Ez...

Lehen 18:15ean hasten ziren emankizunak 18:30ean hasten dira orain. Orotara astean euskarazko 1,15 ordu gutxiago.

Bai, baina gehitu ditugu bertze hitzordu batzuk 09:40an, 10:40an eta 11:40an. Beraz, orotara zenbatuz, gauza bera da.

Iraupen motzagoa dute...

Baina maizago dira. Ikusten? Kopuruaz ari zara. Kopurua gai bat da, baina euskara sustatzeko gure eginbeharra erdaldunei egokitutako formatuak sortzea da.

Eta euskaldunentzat, zer?

Euskaldunentzako ere badira...

Bi minutuko iraupena dute.

Bai. Gero, 18:30etik 19:00etara osoki euskaraz da. Asteburuetan ere, 12:00etatik 12:30era. Beraz, badira hitzordu luzeak ere, euskaldunentzat baizik ez direnak.

EITBrekin batera emankizun bat sortu behar zenuten.

Espero dut martxan jarriko dugula. Proiektua gibelatua da ez dugulako langilerik atzematen. Baliatuko dut zure bidez mezua pasarazteko: irratian ibili izan den euskaldun baten bila gabiltza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.