Azti bat ez da inoiz berandu iristen, ezta goiz ere; iristen da berak hala nahi duenean». Gandalf grisaren esaldia da, John Ronald Reuel Tolkienen Eraztunen jauna liburukoa (1954-1955). Berak hala nahi zuelako, Agustin Otsoa Eribekok euskarara itzuli zuen abentura eta fantasiazko liburu hori; Txalapartak argitaratu zituen trilogiako hiru liburuak, Peter Jackson zinemagilearen filmak estreinatu ziren sasoian. Hogei urte beteko dira aurten, eta Tolkinenen obraren itzala ez da apaldu: Amazon Prime Video plataforma eraztunaren munduarekin lotutako telesail batean ari da lanean. Ez du estreinaldi datarik.
Gari Berasaluze Txalaparta argitaletxean zen lanean duela hogei urte, eta hark eraman zuen Eraztunen jauna-ren zuzenketa eta argitaratze prozesua, Otsoa Eribekorekin. «Peter Jacksonen lehen pelikula estreinatzeko zegoen, eta marketin aldetik erauntsia iritsi zen. Urte berean trilogiako lehen liburua euskaraz argitaratu nahi genuen, eta lan erraldoia izan zen: erlojuaren kontra ibili ginen», gogoratu du Berasaluzek. Trilogiako hurrengo bi liburuen itzulpenarekin «lasaiago» ibili zirela gogoan du. Tolkienen liburua euskaraz irakurri ahal izatea «garrantzitsua» iruditzen zaio editore ohiari. Txalapartak esan du egun ere saltzen direla liburuaren aleak.
Otsoa Eribekok uste du Eraztunen jauna-k irakurleak erakartzeko osagaiak dituela: «Tolkienek mundu bat oso-osorik ekartzen dizu, zeharo desberdina. Horrek liluratu ninduen. Ematen du beste planeta batean zaudela». Itzultzailearen iritziz, mundu hori, alde batetik, «magikoa» da, baina, beste alde batetik, «erreala» ere izan daiteke. «Tolkienek I. Mundu Gerra bizi izan zuen: soldadu ibili zen gerran. Eta horrek markatu egin zuen. Pertsonaia on batzuetan alde iluna ere ageri da». 2019an, idazlearen gaztaroari buruzko film bat estreinatu zuten (Tolkien), Dome Karukoskik zuzendua.
Hamarkadaz hamarkada, belaunaldi desberdinetako irakurleak kateatu ditu liburuak. Iban Zaldua idazle eta EHUko irakasleak Sustatu-n idatzi zituen Jacksonen filmen kritikak, eta Tolkienen obraz zera esan zuen orduan: «Liburua edo maite egiten duzu, edo mardulio irenstezina iruditzen zaizu». Nerabezaroan irakurri zuen aurreneko aldiz Zalduak, 15-16 urterekin. «Liluratu egin ninduen. Bizi izan dut lilura hori liburuarekiko behar zen momentuan», esan du orain. Ralph Bakshik, 1978an, animaziozko film bat egin zuen, istorioaren erdira iristen zena, eta olatu horretan iritsi zen Zaldua Tolkienen obrara. «Long seller bihurtu zen nobela; 1960ko hamarkadako hippyek eta ekologistek beso zabalik hartu zuten: biblia alternatibo ere bilakatu zen. Gazte helduen literaturaren arrakasta handietako bat ere bihurtu zen, nahiz eta berez liburua helduentzat kontzebitu zuen idazleak».
Zalduak garrantzitsutzat jo du liburua euskaraz argitaratu izana. «Abaguneak aprobetxatu egin behar dira; beste batzuetan, galdu egin dira, eta, kasu horretan, hartu egin ahal izan zen». Euskararen normalizazioaren ikuspegitik, Otsoa Eribekok uste du «aletxo bat» dela liburua euskaraz irakurri ahal izatea. «Euskararen unibertsoan beste aukera bat da: inguruan dauzkagun hizkuntza handien parean jartzen da, behintzat, Tolkienen liburuaren kasuan».
Zinemako lanen eragina
Zalduak, ordea, susmoa du Jacksonen filmek liburua «irentsi» zutela. «Liburuaren eragina asko apaldu dute filmek, eta liburua ez da hainbeste kontsumitu, irakurle potentzialak badaukalako produktu mamurtuago bat, pantailan ikus daitekeena. Garaipen pirrikoa izan zen horregatik liburuaren itzulpenarena».
2001etik 2003ra estreinatu ziren filmak; euskarazko azpidatziak Azpitituluak.eus atarian eskura daitezke, baina ez dago euskarazko bikoizketarik. Katalunian, gaztelaniaz ez ezik, katalanera bikoiztuta eman zituzten filmak aretoetan. Lehen zatiak lau Oscar sari irabazi zituen; bigarrenak, bi; eta hirugarrenak, 11.
Efektu berezietan aritzen diren profesional askok goraipatu dute Peter Jacksonen trilogiak egin zituen ekarpenak. David Heras Ellamedia Studioseko efektu berezien ikuskatzaileak —Goya saria irabazi zuen Handia filmeko lanagatik— uste du pelikulak «oso garrantzitsuak» izan zirela: «Inflexio puntu bat markatu zuten; konfiantza sorrarazi zuen ekoizleengan eta zuzendariengan mota horretako filmak egiteko». Herasek aitortu du horretan lagundu egin zuela Jacksonek berak efektu digitalekin lan egiten duen enpresa bat izateak. «Teknika berri ugari ikertu eta garatu zituzten. Inteligentzia artifiziala erabili zuten batailak egiteko, eta, ziur aski, masen tratamendua izan zen ekarpen garrantzitsuena». Soldadu askoren batailen eszenak beste ekoizpen handi batzuetan erabili dira gerora —adibidez, Game of Thrones telesailean—.
Efektu berezien sektorean egindako ekarpenez beste hau azaldu du Herasek: «The Lord of the Rings iritsi arte, jendeak film batean teknika jakin bat garatzen zuen, eta gero ezkutatu egiten zuen: ez zuen argitara ematen. Galdera izaten zen ea nola egin duten hau ala bestea». Jacksonen filmetan efektu digitalen kategoria guztiak jorratu zituzten, eta eredutzat jo ziren gero. «Handik aurrera, pelikuletan esaten zuten hau edo bestea egingo zutela, The Lord of the Rings-en bezala. Teknika ezkutatu ordez, aurrenekoak iristea izan zen hor kontua».
Ellamedia Studioseko efektu berezien ikuskatzaileak nabarmendu du Tolkienek «unibertso erraldoi» bat eraiki zuela liburuan, eta gaineratu du esaldi hau entzun izan duela behin baino gehiagotan: «Jacksonen filmen ostean, gizartea bitan banatzen da: pelikula horiek ikusi dituztenen eta etorkizunean ikusiko dituztenen artean».
Otsoa Eribekok dio liburutik buruan egina zeukan unibertsoa topatu zuela Jacksonen pelikuletan. «Literatura gauza bat da, eta zinema beste bat. Baina aditua izan gabe, esango nuke filmak bat datozela liburuarekin. Inguruan neuzkan liburuaren zaleak ere gustura gelditu ziren». Pelikulen efektu bereziak ere asko gustatu zitzaizkion Otsoa Eribekori.
Jacksonen trilogia arrakastatsuan ez ezik, azkeneko hamarkadetan beste formatu batzuetan ere plazaratu dute Eraztunen jauna-en unibertsoa: komiki liburuak, antzezlanak, bideo jokoak, ikerketa eta saiakera liburuak... Eta, oraintxe, Amazon Studios telesail bat egiten ari da Tolkienen liburuko unibertsotik abiatuta.
Herasi —Amazon Prime Videorentzat El Cid telesailean egin du lan— iruditzen zaio apustu «oso handia» izango dela telesail berria. Juan Antonio Bayona zinemagileak —Lo imposible, El orfanato...— zuzenduko ditu lehen bi atalak, eta hura da ekoizle eragileetako bat, Belen Atienzarekin batera. «Bayona komunikatzaile bikaina da, oso bizkorra; ziur nago harrituta utziko dituela ikus-entzuleak», iragarri du Herasek.
Telesaila egiteko, Amazonek dirutza ordaindu du eskubideengatik. Herasek azaldu du enkantea egon zela plataforma handienen artean. Aurrekontuaren 205 milioi euro eskubideak ordaintzeko jarri behar izan ditu Amazonek. The Hollywood Reporter-ek argitaratu duenez, bost denboraldi ekoiztea da plataformaren asmoa, eta, horretarako, 820 miloi inguruko aurrekontua izan dezakete. Inoizko telesailik garestiena izango da, hortaz.
Zaldua kritiko mintzo da halako proiektuen inguruan: «Tolkienen semeak industria bat eraiki du, eta berriro aktibatuko du. Putre lana iruditzen zait hori. Ulertzen dut idazlearen senideek lan egin gabe bizi nahi izatea: logikoa da».
Argi samar iragar daiteke, bidenabar, telesailak Tolkienen liburuen eta Peter Jacksonen filmen zale olde berri bat ekarriko duela. Otsoa Eribekok hala uste du: «Liburua gehiago irakurriko da, eta filmak gehiago ikusiko dira». Eta Herasek iragarpena egin du: «Telesaila arrakastatsua izango da. Oso ziur nago».
Filmak bezala, Zeelanda Berrian grabatu dute telesaila. Hobbiton parkea eraiki zuten han, Matamata herrian, turistak erakartzeko. Egun, ordea, ez da erraza Euskal Herritik hara joatea.
Eraztunaren indarra ez da itzali
Aurten hogei urte beteko dira 'Eraztunen jauna' obran oinarritutako lehen filma aretoetan estreinatu zutenetik eta, aldi berean, Txalapartak liburua euskaraz argitaratu zuenetik. Tolkienen obrak boladan jarraitzen du: telesail bat egiten ari dira, orain arte egin den garestiena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu