Indarkeria Matxista

Erasotzaile matxisten biktimak salbatzen dituen keinua

Kanadako Emakumeen Fundazioak zeinu bat asmatu zuen konfinamenduan, tratu txar emaileekin itxita zeuden emakumeek laguntza eskatzeko aukera izan zezaten. Asko zabaldu da sare sozialetan; besteak beste, Tik Token, eta berriki bahituriko neska bat salbatu ahal izan dute horri esker.

jarraia205735.png
Edu Lartzanguren.
2021eko azaroaren 10a
15:29
Entzun

Nola adierazi arriskuan zaudela, abusatzaile baten eskuetan bazaude, eta esaten duzuna hark ere entzun badezake?

Kanadako Emakumeen Fundazioak erantzuna eman zion galdera horri konfinamenduan, iazko apirilean. Ikusi zuten konfinamenduak asko zaildu ziela laguntza eskatzea arriskuan zeuden emakumeei, egun osoan erasotzailearekin egotera behartzen zituelako. Ezin, esaterako, telefonoa hartu eta lagun bati hots egin, edo indarkeria matxistaren aurkako zerbitzuetara deitu, erasotzaileak ere entzun gabe. Beraz, fundazioak laguntza keinua deiturikoa asmatu zuen.

Sinplea da keinua: esku ahurra kamerari begira jaso, erpurua sartuta. Ondoren, gainerako hatzekin, erpurua harrapatu.

Fundazioak bideo bat egin zuen keinua nola egin erakusteko. Horretan, emakume bat agertzen da, kamerari begira. Bideo dei baten bidez, errezeta baten inguruan ari da hitz egiten beste emakumezko batekin, baina deiaren erdian, keinua egiten du. Atzean gizonezko bat ikusten da tarteka.

«Keinuak laguntza modu seguruan eskatzen lagun diezaioke norbaiti. Izan ere, froga asko daude esateko hondamendi egoerek indarkeria sexista areagotzea ekar dezaketela», adierazi du fundazioak, keinua aurkezteko webgunean. Zehaztu dutenez, keinuak ez du esanahirik inongo zeinu hizkuntzatan.

Fundazioaren bideoa asko zabaldu da azken hilabeteotan sare sozialetan; besteak beste, batez ere gaztetxok erabiltzen duten Tik Tok sare sozialean. Eta orain, horren erabilera praktikoaren kasu erreal baten berri eman dute.

Bahiketa eta keinua

Joan den astean 61 urteko gizonezko batek 16 urteko neska bat bahitu zuen Ipar Karolinan. Kotxe batean sartu, eta ehunka kilometro egin zituen neskatoarekin. Baina autoa ostegunean Kentuckyko errepide batean zihoalarik, neskak leihotik keinua egin zien aldamenetik igarotzen ziren beste autoetako bidaiariei. Horietako batek ikusia zuen bideoa Tik Token, eta Poliziari deitu zion.

Handik gutxira, bahitzailearen autoa gelditu zuen Poliziak, eta neskak haiei ere egin zien keinua. Bahitzailea atxilotu egin zuten, eta neska, askatu. Neskatoak azaldu zuen keinua Tik Token ikasi zuela.

Fundazioa pozik agertu da, ikusi delako keinuak arriskuan dagoen jendea salba dezakeela, eta hura zabaltzeko lan gehiago egiteko eskatu die erakundeei. Zehaztu du keinuak ez duela esan nahi deitu Poliziari berehala, baizik eta jarri nirekin harremanetan modu seguruan. Keinua egiten duenari entzuteko eskatu dute, ez irudikatzen hasteko zer gertatzen zaion. «Beharbada, zer gertatzen ari den esan nahi dizute; agian entzuteko edo adi egoteko esan nahi dizute; edo zerbitzu bat aurkitzeko laguntza eska diezazukete». Edonola ere, keinua egiten duen pertsona arrisku bizian dela uste bada, larrialdi zerbitzuetara deitzeko aholkatu du fundazioak.

AEBetako bahitzailea atxilotu zuten poliziek ere ez zekiten hasieran neskak zer esan nahi zuen keinuarekin. Bahitzaileak uste zuen nerabea pasatzen ari ziren autoei agur esaten ziela. Keinuak galduko du komunikazio sekreturako ahalmena zabaldu ahala, noski. Baina, behintzat, hitzik gabe komunikatzeko beste bide bat emango die arrisku egoera batean daudenei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.