Sanferminak

Erasoen aurka, aho bakarrez

Maiatzean, sexu erasoen aurkako mahaitik altxatu ziren zenbait feminista, udalak protokoloa «hustu» nahi zuela salatuta. Azkenerako, baina, elkarlana ez da eten.

Sexu erasoen aurkako informazio gunea, Gazteluko plazan. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2022ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Urtero bezala, lepo dago sexu erasoen aurkako informazio gunea. Iruñeko Udalak ohar bidez azaldu duenez, 3.825 pertsona bertaratu dira Gazteluko plazako leihatilara hilaren 5ean eta 6an. Aurreko urteetan baino are kopuru handiagoa da hori, eta, udalaren arabera, indarkeria matxistaren inguruan «gero eta kontzientzia sozial handiagoa dagoela» adierazten du.

Ikusi gehiago:Iratxe Alvarez: «Maiaren asmoa da sexu erasoak ikusezin egitea, lehen bezala»

Eskuorriak, itsasgarriak eta Eraso sexistarik gabe, Iruñea aske kanpainaren irudia den esku gorriaren pinak hartzera joaten dira bisitari asko. Horrez gain, ordea, ezinbesteko lana egiten dute informazio guneko langileek: arreta, laguntza eta informazioa eskaintzen dute, sexu erasoren bat sufritu duten emakumeek eskuragai dituzten baliabide mediko, juridiko, psikologiko eta polizialen inguruan.

Iruñeko Udalak 2014ko sanferminetan jarri zuen gune hori estreinakoz, eta hurrengo urteetan indartu egin zituen bai zerbitzua, bai indarkeria matxistaren aurkako kanpaina instituzionalak, hiriko talde eta eragile feministekin elkarlan estuan.

Harreman hori, baina, kolokan egon da Navarra Suma alkatetzara iritsi zenetik, koalizioak hasieratik egin baitu talde feministen jarduera eta proposamen askoren aurka: besteak beste, ekitaldi feministak debekatu dituzte —Paola Damonti ikerlariaren La brecha orgásmica hitzaldia—, traba jarri diete emakume langileen aldeko adierazpen instituzionalei, eta Maia alkateak berak esan zuen «ahal bezain pronto» kenduko zituela indarkeria matxistaren aurkako kartelak hiriko sarbideetatik [ez zuen gehiengorik lortu horretarako].

Sexu erasoen aurkako sanferminetako kanpainaren harira heldu zen azken polemika: maiatzean, Indarkeria Sexistaren Aurkako Emakumeen Plataformak eta Iruñeko Peñen Federazioko Talde Feministak iragarri zuten ez zutela parte hartuko udalak indarkeria matxistaren aurka antolatutako lantalde iraunkorrean. Maia alkateak sexu erasoen aurkako estrategia «urardotu eta edukiz hustu» nahi zuela, eta erabakiak «alde bakarrez eta ekarpenak egiteko aukerarik eman gabe» hartu zituztela salatu zuten. Aurkeztu zieten kanpaina berriak ere «aurreko urteetan adostutakoarekin zerikusirik ez» zuela ere kritikatu zuten feministek.

Kritiken ostean, baina, urak hasiak dira arrastora itzultzen. Proposatutako aldaketak bertan behera utzi, eta orain arteko estrategiari eutsi dio Iruñeko Udalak, eta talde feministek konpromisoa agertu dute elkarlanari lotzeko. «Zailtasunak zailtasun, udalak kanpainari eta [sexu erasoen aurkako] erantzun protokoloari jarraipena emateko konpromisoa hartu ondoren, adostutako terminoetan, erakunde horrekin duen lankidetzari eutsiko diogu», adierazi du Indarkeria Sexistaren Kontrako Plataformak. Hala ere, azken hilabeteetan sortutako egoeraren inguruan «gogoeta» eginen dutela iragarri dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.