GASTEIZKO JAIAK

Erasoei aurre egiteko protokoloak, martxan

Hiru eragilek protokolo bana aktibatu dute Gasteizko jaietarako. Mugimendu Feministak manifestazio bat egingo du gaur gauerdian

Gasteizko Mugimendu Feministak eskura jarri duen telefono zenbakia. MUGIMENDU FEMINISTA.
Gasteiz
2022ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Jaietan, indarkeria matxista areagotu egiten da, eta, herritarrak babesteko, Gasteizko Udalak, Mugimendu Feministak eta Blusa eta Nesken Batzordeak eraso horien aurkako protokoloak abiatu dituzte. Hiru eragileek jo dute beharrezkotzat protokoloak abiatzea, zer egin eta nola erantzun jakiteko.

Gasteizko Mugimendu Feministak salatu du eraso eta jazarpenez gain «intentsitate ezberdinetako» beste indarkeria batzuk ere gertatzen direla, «aisialdiaren ikuskera androzentrikoa» eta «oholtzetako bazterkeria», kasurako. Hiru helbururekin aktibatu dute protokoloa: gizartean kontzientzia zabaltzeko, eta guztiek bere gain hartzeko erasoei erantzuteko ardura eta konpromisoa; erasoei erantzuteko, ikuspegi feminista duten neurriak martxan jarriz; eta emakume eta sexu disidentziako kideak «subjektu aktibo» bilakatzeko, autodefentsa feminista aldarrikatuz. Telefono zenbaki bat izango dute (747-41 48 34), eta, erasoak publikoki salatzeko, elkarretaratzera deituko dute erasoa gertatu eta hurrengo egunean; kasu bakoitza aztertuta. Protokolo hori hainbat gunek izango dute: txosnaguneak, Aihotz plazak eta alde zaharreko zenbait tabernak. Ziztadei dagokienez, gogora ekarri dute sexu erasoak edo lapurretak egiteko baliatzeaz gain «beldurra zabaltzeko» baliatzen dituztela.

Itaia taldeak, berriz, emakumeak etxera joateko laguntza antolatu du: bihar, etzi eta igandean, Andre Maria Zuriaren plazan zita jarri dute, 03:00etan, etxerako bidea taldean egiteko, erasoen aurkako prebentzio gisa

Gasteizko Udalak urte osoko protokoloa martxan du, bestalde. Eeraso matxista bat jasan dutenek udaltzaingora jo dezake, edo udalaren Gizarte Larrialdietarako Zerbitzura deitu (945-13 44 44); Ikusgune LGTBI kolektiboaren behatokiaren telefonoak ere eskuragarri egongo dira: 925-28 22 66 eta 633 30 96 53. Bestalde, Online edota offline libre izan nonahi! izeneko kanpaina abiatu dute, ziberindarkeria saihesteko. Sentsibilizaziorako eta prebentziorako guneak jarriko dituzte Posta eta Independentzia kaleen arteko bidegurutzean. Blusa eta Nesken Federazioak bat egin du udalak ezarritako protokoloarekin: udalak protokoloa aktibatzean, federazioak ere hala egingo du, eta eraso bat egonez gero, ekitaldi guztietan hamabost minutukoprotesta bat egingo dute.

Neska eta Blusen neurriak

Blusa eta Nesken Batzordeak, berriz, aurten ez du telefono propiorik izango. Enara Berganzo batzordeko protokoloaren lantaldeko kidearen arabera, aldatu egin dute aurreko urteetako protokoloa: «oso teknikoa» zela argudiatuta, praktikan zer egin azaltzen dituzten puntuei eman diete garrantzia. Erasoa jasan duena «lasaitzea, laguntza eskaintzea eta akonpainamendua egitea» izango da lehen pausoa, eta, ondoren, egoera kudeatuko dute. Kuadrilla bakoitzean egoera horiek lantzeko formakuntzak jaso dituzten lagun bat edo bi daude. Erasoa jasan duenak aukera izango du horiei laguntza eskatzeko, edota udalera, mugimendu feministara edo udaltzaingora jotzeko, nahiaren arabera. Berganzok azaldu du «laguntza mota guztiak» bermatuko zaizkiola erasoa jasan duenari.

Bestetik, Mugimendu Feministak manifestazio bat antolatu du gaurko. Beldurrak gurekin jai lelopean, Buruileria plazatik abiatuko dira gauerdian, euren mezua zabaltzeko eta erasorik gabeko jai osasuntsuak aldarrikatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.