ATZEKOZ AURRERA. Helena Bengoetxea. Zinemagilea

«Erantzunen ordez, galderak sortu dira»

Bengoetxeak ondarearen, artearen eta hargintzaren inguruko hausnarketak jaso ditu 'Petrus' dokumental laburrean: «'Petrus'-en, artearen garrantzia eta kultura zabaldu nahi genituen, eta museoa berpiztu».

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Olaia L. Garaialde.
Uharte
2021eko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Despopulazioa, galbidean dauden ofizioak eta artearen eta artisautzaren arteko mugak jorratzen ditu Helena Bengoetxea zinemagileak (Iruñea, 1967) bere Petrus, historia de un capitel (Petrus, kapitel baten istorioa) film laburrean. JosebaLekuona harginaren eta Simeon Hidalgo hargin maisuaren arteko elkarrizketak jasotzen ditu. XII. mendeko Gergetiaingo Petrus harginaren omenez, Itzagaondoan (Nafarroa) dagoen Petrus museoa zuzentzen du Hidalgok. Nafarroako herrietan proiektatzen ari dira, eta Urrotzen emanen dute gaur, 20:00etan.

Proiektuaren hasierako asmoa dokumental bat egitea zen?

Bai, baina gero proiektua pixka bat edo asko aldatu egin dugu. Itzagaondoko eta inguruko ibarretan sortutako harremanak itzuli nahi genituen, eta ibarreko jendea eta artea protagonista egin. Arte ederreko hainbat arlo bildu — hargintza, zinemagintza eta ondarea—, eta hango biztanleei zerbait bueltatu ahal geniela bururatu zitzaigun. Ikertzen ari ginen bitartean sortu zen film labur baten ideia.

Nola islatu dituzue gogoetak?

Simeonek Josebari deitu zion, etaesan antzinako hargin museo bat sortu nahi zuela, eta laguntza behar zuela Petrusen hainbat obra erreproduzitzeko. Aitzakia zen Josebak kapitel berri bat egin behar zuela museorako. Haien harremanak diren bezala erakutsi nahi ditugu, eta haien pentsamenduak islatu.

Herriz herri aurkezten ari zarete lan hau; despopulazioari keinua egiteko?

Uda da garairik aproposena gauza bereziak herriz herri aurkezteko. Ez nekien ezta hori existitzen zenik ere, eta hango ibarrekoek, auskalo. Hortaz, Petrusen artearen garrantzia eta kultura zabaldu nahi genituen, eta museoa berpiztu.

Gergetiaingo elizan egin zenuten lehen emanaldia; berezia izan da?

Herrian gelditzen den eraikin bakarra da. Elizan kapitel bat dago, eta Petrusek bere izena jarri zuen. Oso arraroa zen hori, harginek eta margolariek ofizio moduan ikusten zuten beren burua. Taldeka egiten zen lan; nahiko anonimoa zen. Hortik hasi zen Simeon ikerketa egiten, eta pentsatu genuen toki horretan izan behar zela lehen emanaldia.

Artearen eta artisautzaren arteko muga landu dituzue. Zer erantzun lortu dituzue?

Oraindik ez dakit zein den muga; horretan gaude. Zer da artista bat? Zer da artea? Ordaintzen den artea da benetakoa, edo zer da? Hortaz, erantzunak baino gehiago, galderak sortu dira. Josebak berak ere ez daki ondo bereizten.

Zerk bultzatzen zaitu sortzera?

Batetik, kuriositateak; mundua oso zabala da. Bestetik, ikasteko, harreman berriak sortzeko eta pertsonaia berriak ezagutzeko aukerek. Gainera, pertsonaiekin alde handia dago; dokumentaletan, pertsonaiak benetako pertsonak dira; filmetan, pertsonak antzezten ari dira, eta haiekin nahi duzuna egiten duzu. Hemen, ezin da hori egin, eta harreman berezia sortzen da.

Hiru fase daude prozesuan: garapena, produkzioa eta postprodukzio. Zein da interesgarriena?

Lehena, dudarik gabe. Hasieran, ideia besterik ez duzu: izan daiteke ona edo txarra, baina oraindik ez dakizu nola bukatuko den edo bukatuko duzun. Gainera, film bat amaitzean, pentsatzen baduzu zein zen hasierako ideia eta nolakoa den amaieran, oso desberdinak dira. Ikerketaren barruan ikusten duzu zure teoriak ez duelaezertarako balio, eta beste bide bat hartzen duzu edo bideak nahasten dituzu, edo erabat desberdina den pelikula bat sortzen duzu. Dena egiteke dago, eta erronka handia da.

Sortu duzuen musika hori tradizionala eta modernoa da aldi berean?

Helburua herriko atmosfera sortzea zen. Oso interesgarria da: musikak ez du Erdi Aroko musikaren antzik, baina ikuslearen burua Erdi Arora eramatea lortzen du. Iñigo Perez konpositorea da, eta berak esan zidan ez zuela antzinako musikaren kopia bat egin nahi, gaur egungo musika baizik, baina antzina erabiltzen zen afinazioarekin.

Musikan ez ezik, beste soinuetan ere jarri duzue arreta?

Erdi Aroan gehienek ez zekitenez irakurtzen eta idazten, proiektua sentsoriala izatea nahi genuen. Gauzak ulertzeko edo bere buruan irakurtzeko, zentzumenak erabiltzen zituzten, eta Petrusen lanak ere hori egiten zuen. Soinu eta irudiaren bidez, horrelako gauza txikiak transmititu nahi genituen. Ez dakigu lortuko dugun.

Etorkizunari begira bideo instalazio bat egin nahi duzue. Zer beste urrats dituzue buruan?

Bideo instalazioaren bidez, teknologia berriak horrelako museo txiki batean integratu nahi ditugu. Datorren urteari begira, pentsatu genuen unitate didaktiko bat sortzea ikastetxeetarako, edo museo interaktibo bat sortzea, Internet bidez. Hor bada ikertzeko eta ikusteko aukerarik. Aldi berean, dokumentalarekin jarraitu nahi dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.