ATZEKOZ AURRERA

Erantzunak bai, erantzuleak ez

Estreinatu dute Hego Euskal Herriko zinemetan 'Non dago Mikel?' dokumentala. «Hunkituta» eta «barruak mugituta» irten dira Donostiako Principe zineman lehenengoz ikusi dutenak.

Mikel Zabalza zenaren irudia, Donostiako Principe zinemako pantailan, atzo arratsaldean. GORKA RUBIO / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Donostia
2021eko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Isiltasun ozen bat. Zirkinik apenas Donostiako Principe zinemako zazpigarren aretoan. 17:00etako saioa, goiztiarrena. 40 lagun azkena sartu diren bi horiekin. Galdera bat pantailan, eta hasperenak airean. Buruarekin keinu bat ezezkoa Barrionuevoren adierazpenetan. Eskuarekin besaulkiari oratu bat amorruzkoa Espainiako Poliziaren keinu bortitzean. Hotzikara bat izotzezkoa ibaitik ateratako gorpua hilkutxara sartzean. Malkoak bat baino gehiago maskarapean, Jon Arretxek torturen testigantza amaitu eta kameraren aurrean apurtu denean. Irribarre iheslari bat Garbiñe Garate amaren ateraldi batean. «Gure mutikoa» dio behin eta berriz. Gure mutikoa: Mikel Zabalza. 35 urte geroago, non ote dagoen galdezka.

Galdera baten jiran eta galdera horren atzean dauden itzal eta ilun guztien bueltan osatu baitute Amaia Merino eta Miguel Angel Llamas zinemagileek Non dago Mikel? dokumentala. Joan den Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten, Zinemira sailean, eta atzo estreinatu zuten Hego Euskal Herriko zinemetan. «Hunkituta» eta «barrua mugituta» irten dira gehienak aretoetatik. Ikusi dituztelako erantzunak han, baina erantzulerik ez inon.

Mikel Zabalzarena Euskal Herriaren historian gertakari ezaguna dela pentsa liteke, baina izan da aretoan bertan deskubritu duenik. Akatsak ikasteko balio ei duten gisara, aretoz nahasteak ere bai, kasu honetan. «Ni Father ikustera nentorren, baina okertu eta areto honetan sartu gara. Garbi esango dizut: hunkituta nago erabat. Uste dut honi zabalpen handiagoa eman behar litzaiokeela. Horixe da nire pentsamendua oraintxe», azaldu du Elena Cadarsok. Iñigo Lopez de Tejadarekin batera ikusi du dokumentala. «Hunkituta» dago hura ere, «ikaragarria» iruditu zaio ikusi duena: «Sekulako injustizia iruditzen zait estatuko segurtasun indarrek ekintza hauek eta haien inplikazioa aitortu ez izana. Egindako minaren aitortzan ere egon behar da oreka bat. Badirudi alde bakarrari eskatzen zaiola, eta beste aldeak ez duela berea onartzen. Ironia garratz bat da. Are gehiago, berea onartzen ez duen alde hori legea ordezkatzen duena denean».

Izan ere, berezia izan da astea. Alberto Perote CESIDeko koronel eta zerbitzu sekretuetako buruaren eta Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko kapitainaren artean izandako elkarrizketa baten grabazioa eman zuen argitara astelehenean Público-k. Mikel Zabalza Intxaurrondon torturatuta hil zutela frogatzen duen grabazio bat, finean. Dokumentalaren tesiari ahotsa eta oihartzuna ematen diona, eta oraindik irekita dagoen zauriari, ozpina eta gatza.

«Era guztietako sentsazioak» ditu Rosa Zufiak aretotik irtendakoan: «Kazetari gisa bizi izan nuen garai hura guztia. Dokumentalak berresten duena da Zabalza Intxaurrondon ez zutela hil pentsatzea inteligentziari burla egitea dela. Ez dago beste erantzunik. Asko mugitu dizkit barrenak; pila bat».

Miguel Angel Llamas zuzendaria pozik dago dokumentalak izan duen harrerarekin. Dio jendea «hitzik gabe» geratzen dela pelikula ikusitakoan, eta izan direla txalo zaparrada batekin amaitu diren emanaldiak Iruñean, esaterako—. «Gero, solasaldian, jendeak adierazten digu gehiago ikusi nahi duela. Egun horietan gertatu zenaz aparte, Zabalza auziaren inguruko ondorengo pasarteak ere ikusi nahi dituztela. Baina pelikula batean ezin da dena kontatu. Gehiago jakin nahi duenarentzat, Galdutako Objektuak websaila osatzen ari gara, eta www.mikelzabalza.eus webgunean ikus daiteke».

Llamasek onartu du aste honetan argitara emandako grabazioek «aktualitatera» ekarri duela berriz Zabalzaren afera. «Duela 35 urte gertatu zena belaunaldi gazteei hurbiltzea ez da erraza, eta honek lagunduko du». Faltan ere sumatu du zerbait: «Espainiako agintarien aldetik egin beharreko urratsa: argitara ditzatela auzi hori buruz duten informazio guztia; argitu dezatela zer gertatu zen. Eta behingoz onar dezatela Euskal Herrian torturatu egin dela». Erantzunekin, erantzuleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.