«Nondik datoz haurrak?», «zergatik ateratzen ari zaizkit ileak genitaletan?», «hilekoa jaitsi zait lehen aldiz», «nire sexu bereko pertsonak gustatzen zaizkit», «nola jokatu behar dut nire lehen sexu harremanak izatean?»... Buruhauste itzelak ematen dituzten galderak eta zalantzak dira heldu batzuentzat, guztiak sexualitatearekin lotuak. Zaila izan daitekeen arren, sexualitatea landu egin behar da.
Txiki-txikitatik hasten da sexualitatea, haurra jaiotzen denetik, hain zuzen: «Jaio bezain laster jasotzen dituzten laztanak, maitasuna, helduek haiei eta beste batzuei hitz egiteko duten modua... hori ere sexualitatea da», kontatu du Agurtzane Ormatza sexologoak. Bestalde, sexualitatea ez da bakarrik sexuaz hitz egitea, eta mito hori alde batera uzteko lan egiten dute sexologoek.
«Askotan, sexualitatearen arloan hezten ari gara, baina konturatu gabe; horregatik esaten dugu arlo zabala dela», aipatu du Olatz Berastegik, Harremanak elkarteko psikologo eta sexologoak. Sexualitatea lantzen duten profesionalek gaiaren inguruko hainbat termino kontzeptualizatzera jotzen dute, eta, izendatzeko modua arrotza izan daitekeen arren, etxean aspaldidanik landu izan dira. Adibidez, nork bere gorputza errespetatzea eta zaintzea.
Gaur egun, etxean ez ezik, ikastetxeetan ere ohikoa izaten da sexu heziketa, baina ez da bide erraza izan. Ormatzak hogei urtetik gora daramatza hezkuntzaren arloa lantzen: haren hitzetan, «termometro» gisa, helduen eta haurren egoera nolakoa den aztertzen. Duela 40 urte hasi zen sexualitatearekin lotutako tailerrak eta hitzaldiak ematen, Bizkaian zehar, berak eta lankideek egiten zuten lana 'salduta': «Ikastetxez ikastetxe eta udalez udal joaten nintzen, guk egiten genuen lanaren garrantzia azaltzera», oroitu du.
Pixkanaka, ikastetxe batzuetara iristea lortu zuten, eta gero eta gehiagok eskatzen zizkieten formakuntzak. «Garrantzitsua izan zen ikastetxeek eskola orduetan eman nahi izatea formakuntza», azpimarratu du Ormatzak, horrela ikasle guztiek izaten zutelako saioetara joateko eta parte hartzeko aukera.
Urteek aurrera egin ahala, gurasoek gero eta argiago ikusi zuten sexu heziketa ezinbestekoa zela, bai etxean eta baita ikastetxean ere. Ormatzak aipatu du sexologiak lanketa teoriko sakonak izan zituela horri esker. «Gaur egun, gizarteak kontzientzia askoz ere zabalagoa du», kontatu du.
Adinaren arabera
Emoki elkarteko kidea da Jone Zalduegi. 2017. urtean sortu zen elkartea, eta sexualitatea, teknologiaren eragina eta adimen emozionala lantzen dituzte, bai haurrekin baita helduekin ere. Haur eta gazteen kasuan, haien adinaren eta beharren arabera egokitzen dira tailerrak: «Haiekin dantza egin beharra dago, nolabait esanda», kontatu du.
Iritzi berekoa da Berastegi ere: haur hezkuntzako ikasleen kasuan, hezitzaile eta gurasoekin emozioez hitz egin behar dela aipatu du. 6 eta 12 urte artekoekin eta 12 urtetik gorakoekin lan egitea «oso desberdina» dela esan du, lantzen diren gaiei dagokienez. Hala ere, galderak egiten diren aldiro deskribapen zientifikoak alde batera uztea eta emozioez eta bizipenez hitz egitea gomendatu du Harremanak elkarteko kideak.
Bestalde, entzuteak berebiziko garrantzia du Zalduegirentzat: «Etengabe aholkuak ematen ari bagara, ez diegu hitz egiteko aukerarik emango, eta asko daukate esateko», oroitu du. Formakuntzetan haur eta gazteen artean sortzen den giroa da garrantzitsuena, Berastegiren ustez; hau da, harremanetatik abiatuz hitz egitea: «Giro egokia sortu nahi izaten dugu, lasai asko kontatu dezaten zer bizi duten eta zer sentitzen duten», aipatu du.
Bakoitzak bere gorputza nola sentitzen duen jakitea, zer beldur edo kezka dituen azaleratzea... Hori da Berastegiren helburua ikasleei emandako tailerretan. Sexologo eta psikologoak kontatu du kontzeptuak airean jarri baino nahiago dutela jokoan jarri: «Asko hitz egiten da errespetuaz, baina guk praktikan jarri nahi dugu», esan du. Horrela, norberak harreman osasuntsu bat eraiki ahal izango baitu bere buruarekin.
Kezkak
Sexologoek kezka nagusi bat dute jopuntuan: pornografia. «Egia da, eta ezin da ukatu oso goiz hasten direla pornografia kontsumitzen», esan du Zalduegik. Horregatik, arlo digitala lantzearen garrantzia azpimarratu nahi izan du. Zaila den arren, haur eta gazteen eremuak errespetatzea ezinbestekoa da Zalduegirentzat, kontrolaren bidez helduek ez baitute eragotziko pornografia kontsumitzea. «Harremanak eraikitzeko orduan, koitoan oinarritutako eredua zabaltzen du pornografiak, eta onena zera da, azaltzea eredu hori ez dela egokia», gehitu du Berastegik.
Gurasoen kezka iturri ere bada. «Pornografiak kezkatzen ditu, sexuaz ari garenean harreman sexualez soilik kezkatzen direlako, baina askoz ere gehiago da», aipatu du Zalduegik. Gazteen identitatea lantzearen garrantzia azpimarratu du Emokiko kideak, identitate horretatik abiatuz garatzen baitira norbere desirak.
Haur eta gaztetxoek ere badituzte kezkak sexualitatearen inguruan, eta kezka horiei erantzutea da sexologoen lana. Berastegik esan du kezkak, funtsean, ez direla hainbeste aldatu urteen poderioz, azaleratzeko modua aldatu dela gehien: «Norbere gorputzarekin izaten dira kezka gehienak, baita norbere gustuen inguruan ere», kontatu du.
Hitz egiteko modua
Haur eta gazteek etxean kezka edo galdera horiek azaltzen dituztenean erantzunak nolakoa izan behar duen jakitea zaila da askorentzat, baina natural jokatzea eta hitz egokiak erabiltzea da aproposena, Zalduegiren ustez: «Gauzei bere izenez deitu behar zaie: genitalak behar bezala izendatu behar dira, ez asmatutako beste izen batzuekin», nabarmendu du. Hitz zehatzak erabiltzeak tabuak alde batera uzten laguntzen du, Emokiko sexologoaren esanetan.
Nork bere barne lanketa egitearen alde mintzatu da Berastegi: «Bakoitzak bere burua onartu behar du, eta, hortik abiatuta, komunikazio irekia izan daiteke». Komunikazioaren arloa etengabe eta txikitatik lantzen dela aipatu du, eta ez dela ahaztu behar bi norabidekoa dela. «Funtsezkoa da ezer eskatu gabe gerturatzen jakitea: 'Nik horrela bizi izan dut hau; zuk nola bizi duzu?' planteamendua egitea, hain zuzen».
Bestalde, gerta daiteke bat-batean azaltzen diren galderei erantzuna emateko nahikoa informaziorik ez izatea, eta hori ere zilegi dela esan du Zalduegik. «Posible da 'oraintxe bertan ezin dizut erantzun bat eman, begiratuko dut, eta erantzungo dizut' esatea», gehitu du. Portaera horretatik ere ikasten dute haur eta gazteek, eta aukera izango dute eguneroko beste arlo batzuetan aplikatzeko.
Sexualitateaz hitz egiten den etxeetan beste gai «deseroso» batzuei buruz ere hitz egiten dela gehitu du Zalduegik: «Hasieran zaila izan daiteke, baina helduon beldurra besterik ez da», esan du. Sexualitateaz hitz egin daitekeen bezala, heriotzaz ere hitz egin daiteke.
Etengabeko formakuntza
Ormatzaren iritziz, formakuntza saio puntualak ez dira aski, eta sexu heziketak jarraipen berezia ere behar du: «Sexu heziketan hezteko ardura beti kanpoko profesionalen esku jartzen da ikastetxeetan, baina, beharbada, gu ez gauden bitartean, ikastetxeko norbaitek bideratu beharko luke heziketa hori», azpimarratu du.
Haur hezkuntzatik hasi eta batxilergora bitarte, ikastetxean ikasleak gidatuko dituen norbaiten beharra dagoela ikusten du Ormatzak; hori bai, egoki informatuta dagoen norbait izan behar du, haren aburuz. «Orientatzaileak eta psikologoak badaude ikastetxeetan, baina, zenbat lan duten ikusita, ezinezkoa zaie sexualitatearen arloa ere lantzea. Horregatik behar da pertsona finko bat horretarako», esan du Zalduegik.
Gainera, arazorik izan ez dadin sexu heziketaren inguruko oinarrizko ezagutza bat garatu behar dela aipatu du Ormatzak: planteamendua aldatu beharra dagoela, alegia. «Ezinezkoa zaigu denbora guztian garaian garaiko arazoen atzetik ibiltzea», esan du. Erakundeei aurreikuspen lanak egiteko eskatu die, horrela profesionalek errazago eta modu eraginkorragoan lan egin ahal izango dutelako.
Jendeak gero eta kontzientzia handiagoa duela uste du Ormatzak, eta sexualitatearen inguruan gauzak hobetu behar direla. Hala ere, ekintzetara jotzea falta dela ikusten du. «Ardatzean jarri behar da sexua haratago doan balio bat dela, gugan datorren zerbait, eta ikasi egin behar dugu horren inguruan», esan du.
Erantzuna behar duten galderak
Haur eta gazteek noiznahi azaleratzen dituzte sexuari buruz dituzten galderak eta zalantzak. Baina nola landu sexuaren gaia haiekin? Uste baino zabalagoa da sexualitatea, eta uste baino lehenago hezten dira haurrak sexualitatearen inguruan, jaio bezain laster hasten baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu