Ipar Euskal Herrian erein, landatu eta bildutako garagarra eta bertako maltategi batean maltatutako garagarnoa ekoiztea du xede Euskal Herriko Laborantza Ganberako (EHLG) sail berriak. Urteetan egin dituzten hainbat entseguren ondotik, EHLGk kalitatezko garagar mota bat lortu du; heldu den larrazkenean eginen dituzte lehen bilketak eta saiakerak. Txomin Elosegi (Paue, Okzitania, 1992) EHLGko animatzailea izan da proiektuaren eramaileetariko bat, eta Florian Apezetxek (Baiona, 1992) bere etxaldean maltategi baten eraikitzeko proiektua du.
Euskal Herriko Laborantza Ganberan garagarno sail berri bat lantzen ari zarete. Zer izan zen proiektuaren abiapuntua?
TXOMIN ELOSEGI: Euskal Herriko Laborantza Ganberaren helburua da herri laborantza garatzea, ahal den heinean ekoizpen guziak lurraldean ukaitea. Adibidez, duela hamabi urte herriko ogi saila abiatu zuten, eta bertan, beraz, Ipar Euskal Herriko ogia egiten da. Garagarnoaren inguruan ere izan zen galde bat laborari eta garagarno egileengandik, Iparraldean ez baita ez bertako garagarrik eta ez maltategirik.
Zenbait saiakera egin zituzten duela zenbait urte. Zer izan ziren emaitzak?
ELOSEGI: 2010eko hamarkadan hasi ziren lehen entseguak egiten, baina ez zuten sekula emaitza onik lortu. Garagarra erein eta aski ontsa pusatzen zen; ondotik maltatu zen, baina malta ez zen kalitate onekoa; laborariek dena bota behar izan zuten. Emaitza horiek ikusita, orain dela lau urte, EHLBko bulegoak erabaki zuen lan handi bat abiatzea, hemengo klimari ongi egokitzen zaion garagar mota bat atzemateko.
FLORIAN APEZETXE: Jaguar deitzen da ongi pusatzen den barietatea; barietate moderno bat da. Entseguak hamabi barietaterekin hasi genituen; ondoko urteetan, zazpirekin, eta, bukatzeko, hirurekin. Jaguar zen beti hobekien ateratzen zena. Angersera [Frantzia] bidali genuen maltatzera, eta biziki ontsa atera zen. Ondotik, garagarno egileek erabili dute, eta berdin: ongi atera zitzaien.
Ipar Euskal Herriko klima ez omen da egokia kalitatezko garagarra pusarazteko. Zergatik?
ELOSEGI: Berez, garagarra leku hotz eta xukoetako landarea da, Frantzia iparraldea eta Nafarroa bezalako lekuetakoa, adibidez. Hemen, Ipar Euskal Herrian, klima biziki hezea dugu urte osoan, eta garagarrak ez du anitz apreziatzen. Garagarra ontsa pusatzen da, baina ez da egokia. Baina, eraman dugun lanari esker, atzeman dugu garagar mota on bat zazpi hektareatan landatu duguna, eta ondoko asteetan biltzeko eta erabiltzeko prest dena. Lur horiek Behaskanen, Domintxainen eta Ortzaizen dira [Nafarroa Beherea].
Garagarra bildu eta gero, garagarra maltatu behar da.
APEZETXE: Orain arte garagarno egile gehienek Belgikatik eta Alemaniatik ekartzen zuten malta. Edo hemendik hurbilago direnak Nafarroan, Tarnen edo Charanten [Okzitania] dira. Baina lantegi handiak dira; beraz, ez dira artisau moduan eginak.
Zure etxean maltategi bat eraikitzeko proiektua hasi duzu. Zer izan da ideiaren jatorria?
APEZETXE: Ikasketak arnoaren inguruan egin nituen, eta nahi izan nuen hemengo mahastietan lan egin, baina zailegia zen. Beskoitzen [Lapurdi] lagun garagarno-egile bat dut, eta ohartu naiz maltatzaile lanbidea ezezaguna dela, eta hemen ez dela maltatzeko lokalik. Beraz, hasi nintzen maltaren inguruko lanketa bat egiten, eta ene burasoen etxaldeaz baliatu naiz proiektu berri bat abiatzeko. Ber momentuan jakin dut EHLG gaia lantzen ari zela; dena ontsa koordinatu zen.
Lan ezezaguna dela diozu. Zer izan ziren zailtasunak?
APEZETXE: Hasi nuen duela lau urte muntatzen. Zailena, gehienbat, administrazioa kudeatzea izan da. Horrez gain, egun, maltategi gehienetan makinek dute dena egiten: dena automatizatua da. Nik dena eskuz egitea nahi nuen, baina erreferentzia biziki guti badira. Halere, lortu nuen hamar bat artisaurekin bilkurak egitea, dena finkatzeko, eta prozesu on bat martxan emateko. Denbora anitz hartu dit. Baina hori zen ene desafioa: lan egitea lehen egiten zuten bezala, baina gaur egun.
Etorkizunari begira zer espero duzue?
ELOSEGI: Erran nezake proiektua sailaren desafio bat dela. Lehen helburua genuke, ahal bada, eta espero dugu heldu den urtean lortzea Laborantza Ganberak antolatzen dituen bestetan Iparraldeko maltarekin egina den garagarnoa izatea. Luzerat begira, aski utopista bada ere, Florianen maltategia bakarrik Iparraldeko garagarnoarekin hornitzea. Urrunera begiratzean, amets anitz egiten ahal ditugu. Kezka batzuk ere baditugu: aurten biziki ontsa martxatuko da dena, baina, urte txar bat balitz, lurralde ttipi batean garenez, kasik seguru da lurralde osoa hunkitua izanen litzatekeela.
APEZETXE: Proiektu hori hasi badut eta hasi badugu, bertako produkzio bat sortzeko eta sare bat lortzeko hasi dugu. Ene hastapeneko helburua hori zen, ez dirua lortzea. Hori lortuz gero, bikaina litzateke!
Saila nola egituratzeko asmoa duzue?
ELOSEGI: Hastapena denez, ez dugu oraindik dena finkatua, gaia lantzen ari gara, eta pixkanaka eraikitzera goaz. Ipar Euskal Herria aipatzen dugu, baina taldean badira zenbait ikuspuntu; batzuek erraten dute egin behar dugula Iparraldekoa soilik, elkarte bat sortu errateko garagarra eta malta Iparraldekoak direla; beste batzuek, ordea, erraten dute Euskal Herrikoa egin behar genukeela. Hala ere, argi dugu osotasunean lekuan eramana izan den lana proposatu nahi dugula; hemen baditugu garagarno egile anitz eskuz lan egiten dutenak, baina bertako maltarik gabe, eta bikaina da. Baina badira, baita ere, geroz eta garagarno egile gehiago garagarnoa industria handietan eginarazten dutenak eta soilik etiketak botilan ezartzen dituztenak. Gure sailean hori ez dugu begi onez ikusten.
LOTSABAKO
Garagarno bat edateko leku bat? APEZETXE: Gaztetxe bat.
Urtaro bat? ELOSEGI: Primadera.
Euskal Herriko xoko bat?
APEZETXE: Arberoako ibarra [Nafarroa Beherea].Landare bat?
ELOSEGI: Garagarra.