Eraldaketa digitala funtsezko erronkatzat jo du Maite Iturbek

ETBk atal gutxiko hiru telesail egingo ditu. EITBk erabiltzaileen erregistro bat zabalduko du

Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiak ildo estrategikoen plana aurkeztu zuen atzo, legebiltzarrean. E. PORTILLO / FOKU.
urtzi urkizu
2019ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
EITBk eraldaketa digitalerako lantalde bat sortu du, eta enpresako sozietate guztiek proiektu nagusitzat joko dute. Ildo estrategikoen aurkezpenean, Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiak atzo esan zuen eraldaketa digitalari dagokiola estrategia osoaren %40. Iturbek Eusko Legebiltzarrean egin zuen agerraldia, eta funtsezkotzat jo zuen eraldaketa digitalari aurre egiteko ahalegina. «Erronka sekulakoa da», nabarmendu zuen EITBko zuzendari nagusiak.

Honako hauek dira 2017-2020 aldirako ildo estrategikoak: zerbitzu publikoaren eredua, audientzia eta gizarte prestigioa bermatuz; liderrak izatea informazioan eta gaurkotasunean, EITB taldeak informazioaren erreferente nagusi izaten jarrai dezan; euskarazko edukiak eskaintzea, euskararen erabileraren normalizazioa sustatuz; eraldaketa digitala, konektatutako gizarte zorrotz bati erantzuteko; pertsona profesionalak, partekatutako proiektu batekin; lankidetza ikus-entzunezko sektorearekin eta erakunde akademikoekin, etengabe handitzen ari den sormenerako; berrartutako inbertsioen politika; eta kudeaketa aurreratua eta jasangarria.

EITBk plan estrategikoan jaso duenez, taldeak «aktiboki» jardungo du gizarte elebidun baten normaltasunaren alde, eta, era berean, «edukien eskaintza oso bat» izango du komunikazio zerbitzu erabat euskalduna nahi duten euskaldunentzat. «ETB1ek eutsi egingo dio publiko mota guztientzako euskarazko telebista eskaintza ireki eta osoari». Halaber, «nitxo-interesak» ere asebete beharko ditu EITBk.

EH Bilduko legebiltzarkide Unai Urruzunori erantzunez, Iturbek iragarri zuen hiru telesail labur egingo dituztela: «Telesail bakoitza bi eta lau atal artekoa izango da. Gure historia jasoko duten ekoizpenak izango dira. Laster hasiko gara proiektuak jasotzen. Irailerako baten bat martxan egotea espero dugu». Websailen saiakerarekin ere jarraituko du ETBk. «Ordu gehiago ekoitzi behar ditugu ETB1erako», esan zuen Iturbek.

Beste alde batetik, gaztelaniazko hizkuntza duten euskarriek —ETB2, Radio Euskadi eta Radio Vitoria— lekua egingo diote euskaraz egindako adierazpenei, «modu naturalean», eta era pedagogikoan jardungo dute euskararen erabilera eta gizarte elebidunaren normalizazioa sustatzeko.

EITBren proiektuen artean egongo da erabiltzaileen erregistro bat sortzea, «hartzaileekin harreman zuzena izateko eta fidelizazioa sortzeko». Big data azterketa ereduak ezarriko dituzte enpresa espezializatuekin, eta erabakiak hartzeko ezagutza ildo bat sortuko dute. Planean jaso dutenez, multimediako talde transbertsalak sortuko dituzte; «hor sartuko dira, besteak beste, 24/7 albistegi zerbitzu etengabea eta Gaztearen eredu aurreratu bat». Gazteari buruz, hain zuzen ere, Iturbek esan zuen «bisualagoa eta ikus-entzunezkoei gero eta lotuagoa» ari direla egiten.

Agerraldi berean, Iturbek programa kontratuaren betearazpen balorazioa egin zuen. Arlo guztietan balorazioa ona izan dela esan zuen. Aldiz, PP, PSE-EE, Elkarrekin Podemos eta EH Bildu taldeetako ordezkarien kritikak egin zituzten. ETB1 eta ETB3 kateen ikusle datu txikiak mahai gainean jarri zituzten, eta gehienek salatu zuten albistegietako informazioak ez direla neutralak. Iturbek nabarmendu zuen hemendik gutxira Movistar+ ordainpeko plataformak ETB3 sartuko duela bere kanaletan. «Kezkatuta gaude ETB1eko datuekin, noski», aitortu zuen;otsailean, azkeneko bi urteetako daturik txikiena izan zuen.

Berdintasun unitatea

Legebiltzarrak, bestalde, erdibideko zuzenketa bat onartu zuen aho batez, EITBko berdintasun unitateari dagokiona: «Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatzen dio jarraitzeko EITBn emakumeen eta gizonen aukera berdintasunerako bigarren plana eta EITBko kontratu programak garatzen. Halaber, EITBri eskatzen dio egin ditzala berdintasunerako administrazio unitatea indartzeko eta publizitate eta komunikazio ez-sexistarako kode deontologikoa betetzeko beharrezkoak diren ekintzak, horretarako behar diren baliabide pertsonalak eta materialak bideratuz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.