Kameraren objektibotik begira pasatu du bizitza Isabel Azkarate argazkilariak (Donostia, 1950); aldiz, ez zaio hainbeste gustatzen objektiboaren beste aldean jartzea. Inoiz pentsatu izan zuen arren, ez zuen kazetaritza ikasketarik egin, baina horixe da bizitza guztian egin duena kamerarekin. Zinema du beste pasioetako bat: Donostiako Zinemaldiko argazkilari ofizialetako bat izan zen 1980ko hamarkadan. Oraindik ere, urtero bidaltzen diote akreditazioa, eta bizpahiru pelikula ikusten ditu egunero.
Zergatik argazkilaritza?
Bartzelonara joan nintzenean hasi zen dena. Lagun asko nituen han, artistak: diseinatzaileak, zinemagileak... Lagun batek eskatu zidan argazki bat ateratzeko, bere Mater amatísima pelikularentzat behar zuelako; Victoria Abrilek parte hartu zuen lehenengo filma izan zen hura. Argazkiak egin nituen, asko gustatu zitzaizkion, eta hark animatu ninduen argazkilaritzan segitzera.
Ez zen, beraz, betidanik argi zeneukan zerbait?
Bueno... Baneukan osaba batek oparitutako kamera bat ere;Nikon handi bat zen. Kamera harekin hasi nintzen argazkiak egiten.
Bartzelonatik AEBetara joan zinen, Rochesterrera eta New Yorkera.
Rochesterren udako ikastaro batzuk egiteko aukera suertatu zitzaidan; Kodak zegoen han. Beste urtebetez gelditu nintzen han, 1980an.
Zer moduzko oroitzapenak dituzu?
Ezin hobeak. Garai hartan zoragarria zen New York. Kamerarekin ateratzen nintzen beti kalera, argazkiak kalean ateratzea gustatu izan baitzait beti. Esan didatenez, dezente aldatu da orain New York. Hiesa zabaldu baino lehenagoko urteetan izan nintzen ni.
Handik bueltan, Donostiako Zinemaldiko argazkilari ofiziala izan zinen: zure saltsan ibiliko zinen, ezta?
Hala da, bai. Niretzat, zoragarria izan zen. Gainera, argazkilari gutxiago ibiltzen ginen Zinemaldian lanean garai hartan: libreago ibiltzen ginen, ez ziguten hesirik jartzen... Nahi bezala mugi gintezkeen aktoreen artean, eta haiengana hurbiltzen ginen. Nik, esaterako, sekula ez nuen erabiltzen teleobjektiboa: 35 mm-koarekin ibiltzen nintzen, eta haiengana hurbildu beste aukerarik ez nuen.
Orduko pasadizorik gogoratzen duzu?
Hainbeste ditut! Bette Davisi aterako argazkiarekin gertatua, esaterako: leku askotan atera zen, gerora. Esan zuen ez zuela argazkilaririk nahi hotelean zegoenean: photocall-ean posatuko zuela, baina ez gehiago. Ordurako oinez ibiltzeko zailtasunak zituen. Argazkilari batzuk hurbildu zitzaizkion, hala ere, eta segurtasuneko langileek geldiarazi egin zituzten. Haserretu egin ziren, eta erabaki zuten ez ziotela argazkirik aterako Davisi photocall-ean. Bizitzan aukera bakarra izango nuen Bette Davisi argazkiak ateratzeko eta, galdu egin behar nuen? Ez horixe!
Zinemalditik Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat lan egitera: oso bestelakoa izango zen hura.
Esango nuke batera egin nituela bi lanak. Oso ondo egon nintzen aldundian ere: lan polita izan zen hura, errepideak irekitzen zituztelako, kiroldegiak, kultur etxeak... Euskadi barrutik ezagutzeko aukera eman zidan. Hainbat ahaldun nagusi izan ziren han lanean nengoela, denak zoragarriak: Imanol Murua, Eli Galdos, [Jose Antonio] Ardanza, Roman Sudupe...
Freelance ere aritu zinen: zer moduzkoa zen garai hartan freelance izatea?
Beti izan dut zortea, eta nahiko ondo atera zaizkit gauzak. Urte dezente eman nituen Zinemaldiarentzat lanean, eta La Voz de Euskadi-rako ere aritu nintzen, Pepe Reiren zuzendaritzapean. Aldundiarentzat lan egiteaz gain, Tiempo, Interviú eta bestelako aldizkarientzat ere lan egin nuen. Erakusketak egiten nituen, eta dekorazio argazkiak ere egin izan ditut, altzarien aldizkarientzat.
Kanpoan ikasten egonda, ez zenuen izan ez bueltatzeko tentaziorik?
Ez... New Yorkera itzuli izan naiz; bi urtean behin-edo joaten nintzen. 1980ko hamarkadaren hasieran dezentetan joan nintzen. Nonbait bizitzekotan, lekuak arrazoi sendo bat eman behar dit bertan bizitzeko. New Yorken, ikasketak amaitutakoan ere, kamerarekin joaten nintzen leku guztietara, eta ateratzen nituen argazkiak, baina jada ez zen gauza bera.
Argazkilaritza nola aldatu den ikusi duzu hainbat urtetan, esaterako, analogikotik digitalerako saltoa...
Argazkilaritzak misterio puntu bat zuen lehen: laborategian sartu, eta errebelatu arte ez zenekien zer aterako zen... Argazki on bat ateratzen zenuenean, konturatu egiten zinen, eta laborategira joateko irrikaz egoten zinen: begira egoten zinen errebelatu bitartean... Orain, kamera digitalarekin, egiten dituzun heinean ikusten dituzu argazkiak, eta misterio hori galdu du.
Zer moduz hartu zenuen aldaketa?
Kosta zitzaidan kamera digitalera pasatzea: analogikoarekin denbora askoan jarraitu nuen, baina garaiak aldatu egiten dira, eta egokitu beharra dago.
Gaur egun kamerak garai batean baino eskuragarriagoak dira, sakelako telefonoek ere bereizmen handia eskaintzen dute... Edonor izan daiteke argazkilari?
Baietz uste dut.
Ez duzu uste ezer berezirik behar denik argazkilari izateko? Begirada, gutxienez?
Hori bai: begirada beti da garrantzitsua, zein estetika bilatzen duzun, argazkiak nola konposatzen dituzun... Noski. Baina uste dut gero eta argazkilari gehiago daudela... Onak, alegia.
Gehiago jo izan duzu zuri-beltzera kolorera baino. Fetixe bat da?
New Yorken ikasi nuenean, hango irakasleak oso puristak ziren, zuri-beltzaren aldekoak guztiz. Argazkilari izateko gogoa kentzeko modukoak ziren batzuk. Esaten ziguten: «Zergatik izan nahi duzue argazkilari, mundu osoan, gehienez ere, 500 argazkilari on baino ez badaude?».
Bada, zuk bizitza osoa eman duzu kamera eskuetan: zer harrapatu nahi zenuen irudietan?
Batez ere jendea interesatzen zait: arreta deitzen didaten pertsonak, berezitasunen bat dutenak ederrak direlako, arraroak edo interesgarriak... Egoerek ere erakartzen naute: jende multzo batek, nahi gabe, sor dezake irudi bat estetikoki erakargarria...
Baduzu proiekturik esku artean oraintxe?
Batekin ez bada bestearekin: beti nabil lanean. Pentsa, AEBetan egon nintzen urteetako argazkiak eskatzen dizkidate orain urte haietan han zeudenek. Garrantzitsuena da zabaltzen dutenean zurea dela esatea: askotan, ez dute sinadurarik jartzen, eta horrek amorru handia ematen du. Ez dut aipatu ere egin nahi kobratzearena: izugarri kostatzen da, jendeak ez duelako estimatzen esku artean duena.
Asko bidaiatu duzu: argazkiak ateratzeko aitzakia bila aritzen zinen?
Gustuz bidaiatu izan dut, eta, noski, argazkiak ateratzeko aprobetxatu dut; erreportaje dezente egin izan ditut kamerarekin. Momentu gogorren lekuko izan naiz, bai hemen eta bai bidaietan. Adibidez, La Voz de Euskadi-n nengoenean, ETAren atentatuen urterik gogorrenak izan ziren: nik argazkiak ateratzen nituen, eta gero egunkarikoek esaten zidaten begiak estali behar genizkiela eta... Berdin gertatzen zitzaidan herrialde txiroetara joaten nintzenean. Esaterako, Perun egon nintzenean, Ayacuchon, dozenaka nekazari hil zituzten herrixka batera joan ginen: banan-banan argazkiak egin nizkien —gero sekulako negargura sartu zitzaidan—. Baina eurek beraiek esaten zidaten: «Egin argazkiak, faborez, eta erakutsi munduan hemen gertatzen ari dena». Egoera oso gogorrak bizitzea tokatu zait.
Gogoan duzu une bereziki gogorren bat?
Zirrara handien eragin zidan argazkietako bat Urgullen bere buruaz beste egin zuen gazte batena izan zen. Itsasoa, olatuak, eguzkia... eta gaztea lurrean etzanda, pistola alboan: oraindik ere oilo ipurdia jartzen zait gogoratze hutsarekin.
Gerrako irudiak, hilketenak eta beste bere gordinean erakusten dira gaur egun. Ondo iruditzen zaizu?
Erakusten diguten ezerk ez gaitu hunkitzen gaur egun. Hainbeste gauza jarri dizkigute begien parean... Agian, argazki batean [horrelako eszena bat] ikusteak ez du inor hunkitzen, baina argazkia ateratzen ari denarentzat oso gogorra izaten da: oraindik min ematen didaten oroitzapenak ditut.
Isabel Azkarate. Argazkilaria
«Erakusten diguten ezerk ez gaitu hunkitu ere egiten gaur egun»
Hainbat hedabiderentzat lan egina da Azkarate, baita Donostiako Zinemaldian edo Gipuzkoako Foru Aldundian ere. Erretiratu arren, kamera beti du gertu; argazki guztiak digitalizatzen ari da orain, eta, haren esanetan, denbora luzerako lana dauka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu