Angela Mejias (Valdelacalzada, Espainia, 1958) ez da geldirik egoten. Argazkiak egin ditu munduan gaindi, negatibo artxiboak metatuz kartoietan. Gaur egun, Hendaian eginen den film laburren festibal bat antolatzen ari da, laguntzaileak bilatuz.
Munduan gaindi egin dituzun argazkietan beti ahotsik gabekoak ageri dira...
Beti. Arrazoi horregatik dut ene lana pasioarekin egiten. Bereziki zauden lekura badakizularik ez dela inor joanen. Beti dirurik gabe abiatzen naiz, baldintza prekarioetan bizitzeko.
Bertara inor ez joateak erran nahi ote duargazki horiek saltzeko zailak direla?
Argi da baietz. Minoritateak, hitzaren zentzu guztietan, ez du inor interesatzen. Nork daki txinatarrek Mendebaldeko Sierra Madre [Mexiko etaAEBak] erdia erosi dutela? Apatxeen azken ondorengoen lurretan gertatzen da. Jendeari berdin zaio hori, eta gero erakusketetan jendeak dio eder dela, arropa ederrak dituztela... bost axola arropek! Bizi dutena da garrantzitsua. Jendeari berdin zaio, eta are gehiago hedabideei.
Argazkilari gisa, digitalera eman zen jauzia ezagutu zenuen. Zer ondorio ukan zuen zuretzat?
Bukaera, ene irabazien bukaera. Orain nornahik egiten ditu argazkiak numerikoarekin, eta edozein egunkari madarikatuk hartzen du argazkia dohainik. Parean bere izena egunkarian ikusten duena pozten da... Nahiz ez ordaindua izan.
Orain, gainera, kazetariak argazki tresna txiki batekin ibiltzen dira.
Erredakzioetan argazki tresnak eman dizkiete kazetariei; prentsaurrekoetan argazkia egiten dute. Hori baino okerrago: Twitter. Informazioa ti-tau baitoa orain. Nik Euskaldunon Egunkaria-n argazkia egiten nuen, Baionako erredakziora negatiboarekin sartzen nintzen, gela beltzean sartzen nintzen, argazkiak atera eta autobusera joaten nintzen korrika Andoainera bidaltzeko. Digitalarekin ez da gehiago emoziorik; ez bada ona, botatzen dut segidan. Lehen magikoa zen.
Eta 2003an Egunkaria itxi zuten.
Niretzat alimaleko zartakoa izan zen. Gauza anitz galdu nituen Egunkaria ixtearekin. Hasteko, egunkari bakarra zen, zinez, non etxean bezala sentitzen nintzen. Kazetariekin nuen harremanak ere hori eragiten zuen. Gauza anitz galdu nituen... Gaur egun ere BERRIAko bulegotik pasatzen naiz haiekin egoteko; niretzat familia bat zen.
Gobernuz kanpoko erakundeetan, bakearen aldeko erakusketa antolatzen, banderola baten atzean ere ikusi zaitugu...
Inplikatua naiz. Ez da bakarrik gozatzeko, Baionako manifestaldi hartatik [euskal preso politikoen aldekoa] mafrundi atera nintzen [irriak].
Militantzia eta lan profesionala uztartu ote daitezke? Edo militantea zarelako lan asko dohainik egiten dituzu?
Hori da gertatzen dena; orain ikasten hasi naiz ezetz erraten. Erraten dudalarik argazki batek honenbeste balio duela, erantzuten didate beste norbaitengana joanen direla dohainik egiten duelako, baina «zure begirada maite dut», gehitzen dute. Orain ezetz erraten dut, salbu gauza batzuentzat, hala nola bakearen aldeko erakusketa antolatzeko, edo Herrira-n aritzeko. Extremadurarra banaiz ere, Euskal Herria egunerokoan bizi dut, eta borrokatzen naiz. Engaiamendurik gabe ezin da borrokatu minoritateentzat.
Munduan kurritu zara borroka ezezagunen berri emateko. Irudiaren gizarte honetan, oihartzun gehiago badute?
Ez. Berriak beti laburki aipatzen dira. Tuaregen gatazka orain aipatzen hasi dira Maliko istorioen harira. Hiru lerro idazten dira. 1989an ere, Liberation egunkarian labur-labur aipatu zuten. Informazioa auzoetako marikutzuekin bezala iduri zait; batek besteari aipatu, eta bakoitzak bere saltsara moldatzen du. Hori desinformazioa da. Gaur egun ez da barnatzen, aitzakia denbora delarik.
Azkenaldian erakusketa anitz egiten dituzu. Iduri zaizu istorioek hobeki kontatzeko balio dizutela?
Bai. Abantaila da jendea ikusten duzula, galderak egiten dizkizutela eta, beraz, irudia ez dela gehiago anonimoa. Notak hartzen dituzte, gero bilaketak egiteko, eta hori garrantzitsua da. Erakusketa lehen etapa da gai batez interesatzen hasteko. Lan handia da, baina fruituak ekartzen ditu. Jende batzuek diruz laguntzen gaituzte GKE batzuetan, eta hori ongi da, baina nik kontzientzia hartze bat ere ukan dezaten nahi dut.
Hendaian film laburren festibala antolatzen ari zara orain; zergatik pasa zara argazkitik filmera?
Irudia da. Euskal zinema egileez hurbil naizenez eta minoritateekin zerikusia duelako antolatzen dut. Deitoragarria iduri zait zein ezagupen txikia duten gehienetan. Ez dut ulertzen nolaz dirua duten instituzioek ez dituzten gehiago laguntzen.
Angela Mejias
«Erakusketa lehen etapa da gai batez interesatzen hasteko»
Mundua zeharkatu du Mejiasek, argazki tresna eskuan. Batzuetan bere kontura, besteetan gobernuz kanpoko erakundeekin. 'Euskaldunon Egunkaria'-n lan egin zuen, Baionako erredakzioan, «etxean bezala». Orain, zinema festibal bat antolatzen ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu