Ofizioz errementaria da Alvaro Ledesma (Errenteria, Gipuzkoa, 1975). Sormen lanetan, berriz, denetarik egin du; bideogintza, argazkilaritza, antzerkirako eszenografia eta jantziak, eskulturak... Eta, orain, azkeneko urteetan egindako laurogei koadro inguru bildu ditu erakusketa batean. Artista bera harrituta dago margolan horiek guztiak areto berean ikusita.
Psicosis Alfred Hitchcocken film bat izan zen. Ikusia duzu?
Bai, noski [barrez]. Erakusketako izenburua erabaki nuenean, burua filmera joan zitzaidan berehala.
Baina erakusketa honek ez du filmarekin zerikusirik.
Kontua da nire bizitzako filmaren argumentua dagoela hemen; geure buruan bizitzen dugun pelikula, bitartean gauzak benetan gertatzen direlarik. Baina gure garunak interpretazio bat egiten du, eta, hortik aurrera, sentimenduak eta emozioak zabaltzen doaz.
Bi koadrotan zure aurpegia ikusten da fisikoki. Baina zure garuna koadro guztietan dago?
Bai; zenbait erretratutan beste pertsona edo pertsonaia batzuk daude, baina nire adierazpidea dira horiek ere. Kasu askotan ni nago hor, beste pertsona bat margotu arren.
Begiek eta begiradak garrantzi handia hartzen dute.
Noski. Kontuan izan pertsonek edo pertsonaiek begien bidez adierazten dutela ariman zer duten. Begiek esaten dute pertsonak zer daraman barrenean. Gorputzarekin ere egin daiteke hori. Gorputzean beti dago zerbait garrantzitsua: bada espresioaren zerbait gorputzaren bitartez adierazia.

Zer dio erakusketaz Gregorio Miragaya komisarioak?
Miragaya pixkanaka sartu da koadro guztien atzean dagoen azalpenean. Berak ondo ezagutzen du nire sormen lanen atzean zer dagoen, eta benetako esanahiaren jakitun da. Hala ere, gaitasuna du ni toki arinago edo lasaiago batean kokatzeko. Nire pisu emozionala orekatzen du, lur hartzera eramaten nau.
Nola bizi izan duzu koadro guztiak batera jartzea?
Batetik, sentitzen dut beste norbait izan dela hau guztia margotu duena. Erakusketa jartzean, beste pertsona bat izan naiz, beste zerbaitetan pentsatzen, eta deskonektatu egin dut koadro horiek margotzen ari nintzeneko pertsona horretatik. Berezia da egoera. 2017an hasi eta iaz arte aritu nintzen koadro hauek margotzen; denbora tarte horretan, gauza asko gertatu zaizkit, eta dena desberdina da orain. Horregatik, inpresionatuta nago aretoan ikusten denarekin.
Koadro batzuetan, pertsonaiak ageri dira buruko osasuneko gaitzak edo minak balituzte bezala. Gaurkotasun handiko erakusketa dela esango zenuke?
Aktualitatekoa izan daiteke orain, izan zitekeen lehen eta izan daiteke gero. Buruko osasunaren gaia beti existituko da. Kontua da orain izena ematen zaiola, gehiago hitz egiten dela horretaz. Buruko osasuneko minak estali egiten ziren lehen, moduren batean. Erakusketa hau neure beldurrei aurre egiteko modu bat ere izan da.
Ez da erraza izango hori jendaurrean erakustea.
Ez, ez da erraza modu honetan azaleratzea. Bolada batean, koadro hauek ezkutatuak nituen, ez nuen haietaz asko jakin nahi. Sarri gertatzen da: arazoak hor daude, baina ez diegu begiratu nahi. Jokabide hori, ordea, ez da ona, egoerak bere horretan jarraitzen duelako. Aurrera egin behar denean, norberaren analisi sakona egin behar da, deskubritzeko zer ari den gertatzen. Erakusketa honek lagundu egin nau pertsonalki.

Asko egin duzu aurrera 2017tik?
Asko, bai, benetan. Lan hau guztia egin izan ez banu, gutxiago egingo nuen aurrera. Pozten nau pentsatzeak egun ez nagoela koadro horiek margotzen ari nintzen unean, badakidalako barne egoera emozional zailak izan zirela.
Badago koadro bat, alaia eta koloretsua, erakusketaren izkina batean. Zein da besteekin duen kontrastea?
Transformazioaren metamorfosia da. Beste koadro guztiak zirkunstantzia bat dira, denbora tarte batekoak. Hortik ateratzean, beste egoera koloretsu batera joan naiz. Alaiagoa da egoera hau, eta ez dut lehengo horretan egon nahi.

Hurrengo koadroak edo sormen lanak ikuspegi alaiago batetik landuko dituzu?
Zalantzarik gabe, hala izango da. Koadro hori oso garrantzitsua da niretzat, egon nahi dudan etapa bat hasten duelako. Beste abiapuntu bat da. Aurreko epean depresioa eta antsietatea zeuden, baina baita artista moduan margotzen ikasteko desioa ere. Ikasketa prozesua gainditu ostean, pertsona gisa beste egoera batean nago orain. Leku berri batean nago koadro koloretsu horretan, eta eskulturekin ere lotu dezaket.
Marionettes eskulturen aipamen bat ere ageri da, izkina batean.
Gogoko dut eskulturen fantasiazko mundu hori, Psicosis-eko margolanen mundutik aldentzen nindutelako. Koadro koloretsu horretan bat egin dute marioneten fantasiazko munduak eta piktorikoak, garunekoak. Bestetik, orain egiten ari naizen eskulturak ere beste toki batetik eginak dira.
Arte diziplina askotan aritu izan zara, baina errementari lana ahaztu gabe.
Momentu batzuetan ez nuen errementari lanaz ezer jakin nahi, eragozten zidalako arteari nahi beste denbora eskaintzea. Baina gaur egun garrantzi handia ematen diot errementari lanari. Gainera, arteak berak batzuetan psikosira eramaten zaitu. Droga baten modukoa da, eta zure garuna gaindituta dago droga horren ondorioz.
Zer falta zaizu artean probatzeko?
Gauza asko falta zaizkit egiteko. Iaz, dantza sortu zen nigan modu espontaneoan. Baina nire gorputzaren mugak dauzkat dantza egiteko. Edonola ere, toki batetik bestera joateko trantsizioan iritsi da dantza, eta ondo egotera eraman nau horrek.
LOTSABAKO
Margolari bat? Francisco de Goya. Artelan bat?
Erromako Villa Liviako irudimenezko lorategia. Argazki kamera bat?
Leica.Liburu bat? Dostoievskiren Krimena eta zigorra.