Goiena taldeko presidente berria da Monika Belastegi (Bergara, Gipuzkoa, 1972). Hedabidearen sorreratik da bertako langile, eta erredaktore buru ere izan da. Ttap aldizkari digitaleko zuzendari izan da 2018tik, aldizkariasortu zenetik. Goiena taldeko presidente karguan orain arte ez da hedabideko kazetaririk egon: Belastegi bera da lehena.
Orain arte, Goiena Komunikazio Taldeko presidenteak euskara elkarteko ordezkariak izan dira. Zer aldaketa ekar dezake langileen ordezkari batek hartzea postu hori?
Goienak bi presidente izan ditu orain arte: Estepan Plazaola izan zen lehena, hamahiru urtez, eta Aitor Izagirre azkena, zazpi urtez. Lan handia egin dute, militantzia handiarekin eta orduak dedikatuta atera dute aurrera Goiena bazkide molde guztiekin batera, hau da, udalekin, euskara elkarteekin eta langileekin batera. Haiek beste egitea ez da erraza izango, baina badago ezberdintasun bat: Goiena asko profesionalizatu da hogei urtean, eta langileok misioarekin eta bisioarekin bat egiten dugu; gainera, orduak ditugu afizio eta ofizio honi dedikatzeko. Alde horretatik igarriko dela pentsa genezake.
Zein izango da zure erronka taldearen presidentetza hartuta?
Plan estrategiko berria egitea tokatzen da. Hurrengo hiruzpalau urterako norabidea marraztuko dugu bertan, eta, orain arte bezala, adostua izan dadin egingo dut lan. Goienaren bosgarren plan estrategikoa izango da, eta hor idatzi beharko ditugu asmoak. Presente izango ditut Goiena irakurtzen, ikusten eta entzuten duten horiek guztiak, baita Goiena osatzen duten bazkide laguntzaile, erabiltzaile eta lankideak ere.
Zero kilometro kontzeptua aztertzen ari zarete. Zer da hori zehazki?
Bertakoa, gertukoa izatea, ondoko dendaren moduan. Ez gara ez gehiago ez gutxiago. Agente bat gehiago gara, eta zaintza erdigunean jarri den honetan, gertu bizi garenok elkar zaindu beharko dugu. Udalak jarduera bereziak egiten ari dira zero kilometroko dendak babesteko, eta horrela segi dezaten nahi dugu. Guk udalei ez diegu laguntza berezirik eskatuko, baina bai pandemia erdian lehen baino gutxiagora ez joatea. Erakunde publikoek, hedabideek eta erakunde sozialek eskutik egin behar dugu lan orain. Badugu zeregina, eta gogoz nago. Badut ustea, gainera, debagoiendarrak ere bat egiten dutela zero kilometroren filosofian; bertako dendak, bertako jatetxeak, bertako produktuak behar ditugu, baita bertako hedabideak ere.
Garai berezia da. Nola eragin dio egoerak taldeari?
Taldean lan egiteko gaitasun handia dago Goiena-n, eta hori diferentzial bat da edozein enpresatan. Egoera zaildu da, baina pandemia osterako prestatzen ari gara. 2019an errotuta genuen enpresa, eta inbertsio berriei begira jarrita. Hala ere, aurrera egingo dugu lantaldea sendo dagoelako. Inportanteena da orain egiten diren urratsak ondo pentsatuak eta iraunkorrak izatea.
Euskararen erabileran kezka duzula esan izan duzu. Horretara zer tresna bideratuko ditu Goiena-k?
Kezka hori konpartitua da bailarako euskalgintzarekin, eta eurekin elkarlanean euskararen erabilera areagotzen lagundu nahiko nuke. Eta uste dut laguntzeko modu on bat dela euskarazko kazetaritza ona egiten jarraitzea, eta hori ere izango da erronka datozen urteetan.
Azken urteetan Ttap aldizkari digitaleko zuzendari izan zara, eta Goiena-k iaz Zut aldizkari digitalean ere parte hartu zuen. Komunikazio taldea molde berrietara egokitzea izan daiteke ildoa?
Ildoetako bat da. Ez dago gazteak eta euskara lotzen dituen langaia garrantzitsua dela esaten ez duenik; guretzat ere bada. Bada gazteentzako produktuak eskaintzea. Zorionez, Goiena-n lantalde malgua eta egoerei egokitzen dakiena dago, eta etorriko da produktu berritzailerik aurrerantzean ere. Garrantzi handia ematen diogu komunitateak dituen nahiei erantzuteari, edozein adinetakoak izanda ere.
Monika Belastegi. Goiena taldeko presidentea
«Erakundeek, eragile sozialek eta hedabideek bat egin behar dugu»
Debagoieneko komunikazio taldearen presidentetza hartu berri du Belastegik, eta gogotsu dago. Plan estrategikoa egitea izango da lehen erronka, baita pandemia osterako egokitzea eta prestatzea ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu