Mugarik Gabeko Arkitektura erakundeko kidea

Garazi Robredo: «Eraikin oso efizienteak sor daitezke era tradizionalean»

Tokiko usadioak eta lehengaiak erabiltzen ditu Mugarik Gabeko Arkitektura erakundeak. Ezagutza tradizionalean oinarritutako etxebizitzak lantzen ari da Robredo, Mexikon.

Garazi Robredo 'Love Is in the Aid' erakusketako panelen artean, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoaren Bilboko egoitzan, ostegunean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Garazi Robredo 'Love is in the aid' erakusketako panelen artean, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoaren Bilboko egoitzan, ostegunean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
amaia igartua aristondo
Bilbo
2024ko irailaren 11
05:00
Entzun

Mugarik Gabeko Arkitektura erakundearen EAEko adarrak urteak zeramatzan geldirik, jende faltagatik, harik eta 2019 inguruan boluntario mordo bat lotu zen arte. Garazi Robredo arkitektoa (Sestao, Bizkaia, 1993) izan zen horietako bat; egun, adar horretako zuzendaritza taldeko kidea da. Joan den ostegunean, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoaren Bilboko egoitzan izan zen, erakundearen 30 urteko ibilbidea errepasatzen duen erakusketa aurkezten: Love Is in the Aid (Maitasuna laguntzean datza). Besteak beste, Haitin, Mozambiken eta Mexikon garatutako proiektuak kudeatzen ditu.

Diagnostiko orokor bat egin daiteke? Gabezia batzuk errepikatu egiten al dira?

Azkenean, guztiek dituzte behar ia berak: gobernuak ematen dizkien baliabideak ez dira nahikoak, eta ahal bezala moldatzen dira. Etxebizitza duinik ez dute, hezkuntzarako sarbide duinik ere ez...

Esku hartze handiak behar izaten dira, oro har?

Denetarik dago. Normalean, proiektua hastean, arazoa bat izaten da —adibidez, maldak falta direla irisgarritasuna bermatzeko—; baina sakontzen duzunean jakiteko umeak zergatik ez diren eskolara joaten, ikusten duzu arazoa konplikatuagoa dela. Arkitektura lantzen hasten gara, baina hezkuntza eta pedagogia lanak ere egin behar izaten ditugu. Proiektu nahiko heterogeneoak dira.

Arkitekturak mugekin topo egiten du, beraz?

Elkarlanean aritzen gara bertoko erakundeekin. Haiek guk baino perspektiba askoz zabalagoa dute. Eskubideak falta dituztenek eta gurekin partaidetzan ari direnek komunitatea sortzen dute, eta lotura bat eratzen da eragileen eta erakundeen artean. Hori hirigintzatik abiatuta lortu daiteke, baina mugak egon badaude: adibidez, hezkuntza edo legedi kontuetan sartzean, arkitektura esparrutik kanpoko jakinduria behar dugu. Erantzuna bertakoengandik sortzen da, haiek bizi baitute espazioa; gure lana da entzutea, praktikak bideratzen laguntzea eta, diagnostikoetan oinarrituta, proiektuak garatzea.

Zuen proiektuen ardatzetako bat jasangarritasuna da. Zelan aplikatzen duzue?

Gure proiektuetan aritzen direnek ez dute ekonomia oso malgua izaten. Orduan, saiatzen gara bertoko materiala erabiltzen: lurra badago eta erabilgarria bada, lurra; edo adreiluak egiten ditugu hango buztinekaz... Urrutiko material garestiak erabili behar ez izatea da helburua.

Zein da jarraipen luzeena duen proiektua?

Esango nuke Mozambikekoa dela. Kataluniako adarrarekin batera ari gara han, eta gure ardatz nagusia da orain. Inhambane herrian, eskola batekin hasi ginen lanean irisgarritasuna garatzeko, eta aktibitate pedagogiko bati ekin genion: gurasoei, irakasleei eta umeei formakuntza eman genien. Orain, eskola aitzindaria da inklusio mota guztietarako irakaskuntza formatuak daudelako, hala mugitzeko oztopoak dituztenentzat, nola gor edo itsu daudenentzat. Hortik aurrera, Euskadiko adarraren ardatz nagusietako bat bihurtu da inklusioa.

Proiekturen bat ezagutzen al duzu bertatik bertara?

Mexikon egon naiz; Euskadiko adarraren proiektu propio bat da. Orain dela bi uda, gurekin harremanetan jarri zen bertoko erakunde bat: CC Kooperazio Komunitarioa. Komunitate indigenen etxebizitza beharrei erantzuna ematen jarduten du erakunde horrek, eta batez ere bioeraikuntzan ari da, baita eraikuntza tradizionala berreskuratzen ere. Hara joan, eta sekulako harrera egin zidaten; bikain ulertu genuen elkar. Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako diru laguntza batekin, hamar etxebizitza eraiki ditugu.

Ezagutza tradizionaletan oinarritutakoak, ezta?

Arazoa da komunitate indigena horiek mendi eremu batean bizi direla, eta ez daukatela baliabideak lortzeko ahalmenik. Eta hango lurra oso ona da adobeak egiteko. Antzinatik, etxeak adobez egiten zituzten. Baina denbora pasatu ahala, jendea hil egin da, edo erbesteratu, eta galduz joan dira ezagutza tradizionalak. Adobez egiten ari ziren etxebizitza berriak ez ziren oso onak estrukturalki, eta lurrikarak zeudenean jausi egiten ziren —eta lurrikara pila bat dago eremu horretan—; gainera, jendeak ez dauka gaitasunik etxebizitza obra bat eginez eraikitzeko. CCk diagnostiko bat egin zuen, eta tipologia bat nabarmendu: adobez egindako eraikinak, harrizko eta lastozko sabaia dutenak; era tradizionalean egindakoak ziren, eta egonkorrak.

Nolakoak dira etxebizitza berriak, zehazki?

Bi edo hiru modulu dituzte, eta era tradizionaleko proportzioak, egonkorrak izateko. Errefortzu estruktural bat gehitu zaie izkinetan, lurrikararen bat egotekotan are eta sendoagoak izateko. Eta sabaian lastozko isolamendua dute, hezetasuna sar ez dadin. Polita izan da ikustea eraikin oso efizienteak eta estrukturalki bikainak sor daitezkeela era tradizionalean eta tokiko materialekin.

lotsabako

Non garatu nahiko zenuke proiektu bat?
Mozambikera joan nahiko nuke.

Erreferente bat?
Francis Kere Pritzker sariduna. Hura ere lankidetzan aritu da denbora luzez.

Zure ametsetako proiektua?
Herri kolaboratiboak sortzea; komunitatea indartzen duten eraikuntzak eta hirigintza egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.