Erakusleihoetan moda lasterraren industriak eragiten dituen kalteak erakutsiko balituzte, jendeak denda horietan erosten jarraituko luke? Madre Coraje GKE gobernuz kanpoko erakundeak kalte horiek zeintzuk diren ikusarazi du Zure Kamisetaren Bidaia 2.0 erakusketan. Bost zentzumenen bitartez islatu dute egoera. Iruñeko Sanduzelai auzoko Civivoxean egongo da ikusgai datorren astetik aurrera, azaroaren 4tik 14ra. Isabel Alfarok (Iruñea, 1985) koordinatu du egitasmoa.
Ikusmenaren atalean sartu, eta zer ikusten da?
Bideo bat dugu, datuekin eta irudiekin. Nahiko gogorra da, baina jendearen arreta piztea da helburua, egoeraz jabetu daitezen.
Eta entzun?
Audio baten bitartez kamiseta batek egiten dituen urrats guztiak entzun daitezke; diseinutik hasita, fabrikaziora, eta, amaieran, dendara.
Eta ukitu?
Material ezberdinekin egindako hainbat jantzi ekarri ditugu. Atal hau oso interesgarria da, gaur egun jendeak ez baititu janzkien materialak sobera ezagutzen. Kalitate eskaseko materialen artean poliesterra, petrolioarekin egina dagoena, eta nahasketa poliesterra ditugu. Bigarrena are okerragoa da, hondakina denean kudeatzeko zailagoa delako. Kalitate oneko materialei dagokienez, kotoia, artilea eta lihoa ditugu. Ezezagunagoak diren material batzuk ere baditugu: Tencel-a eta kalamua. Material modernoagoak dira, eta fabrikazioan ur eta pestizida gutxiago behar dituzte. Mundua aldatzen ari den adibide dira. Zenbait ehun erabiltzeari utzi beharko genioke, eta beste batzuk erabiltzen hasi.
Usaimenaren atala ere badago.
Usaimenaren atalean hiru kutxatxo jarri ditugu, hiru laginekin. Bakoitzak usain bat du, eta nahiko desatseginak dira. Moda lasterreko arropa ekoizten den herrialdeetan sortzen diren hondakinen, pestiziden eta berotegi efektuko gasen erakusgarri dira. Horrez gain, pote batean ibai kutsatu bat simulatu nahi izan dugu. Herrialde batzuetan, Txinan eta Bangladeshen, batez ere, modako kolorea urdina bada, adibidez, industrialdeetatik gertu dagoen ibaiko ura urdina izaten da bolada batez.
Bitxia bada ere, dastamenaren atala ere jarri duzue...
Zentzumen hori erakusketan irudikatzea zaila zenez, modu sinbolikoan islatzea erabaki genuen. Ispilu bat jarri genuen jendeak, soinean daraman arropa edozein dela ere, bere burua gustuko duen ala ez hausnar dezan. Bidali nahi dugun mezua da arropa berria erostea ez dela zeure burua maitatzeko irtenbidea.
Joko bat ere badago amaieran.
Bai. Erakusketan zehar ikasi duzun informazio guztiarekin jolas bat egiten da, etiketak irakurtzen ikasteko. Bi edukiontzi daude: arropa edukiontzi bat eta garbigailu bat. Erabaki behar da, jantzien etiketa irakurrita eta ezaugarriei erreparatuta, zeintzuk bota eta zeintzuk mantendu. Erakusketaren amaieran alternatiba batzuk proposatzen ditugu, jendea ez dadin etsita irten. Vinted-en erostea oso aukera ona da, adibidez.
Bigarren aldia da aurtengoa. Berritasun batzuk txertatu dituzue, ezta?
Bigarren aldi honen berritasunetako bat alpaka prozesua da. Perun lankidetza proiektuak ditugu, eta horien artean alpaka ekoizleak daude. Bertatik alpaka ilea, haria, eta material horrekin egindako jertse bat ekarri dizkigute.
Uste duzu, orokorrean, arropa gehiegi erosten dela?
Bai. Arropa gehiegi dugu, eta jendeak gehiago behar duela uste du. Bi aldiz galdetzekotan ohartuko dira ez dela hala. Kontziente izan behar dugu erabaki txiki batek ondorio larriak dituela milaka kilometrora.
Modu jasangarrian erostea garestia da?
Garestia da, moda lasterraren ereduarekin alderatzen bada. Ezin da astean bost kamiseta erosi. Modu jasangarrian erostea gutxiago erostea da, batez ere. Kontsumitzeko ohiturak aldatu behar dira; gutxiago erosi, baina gehiago iraungo duen arropa erosi.
LOTSABAKO
Jantzi mota bat?
Beroki bat, zalantzarik gabe. Erosteko errazena da, eta dibertigarriena.
Bigarren eskuko arropa denda bat?
Zuzeu. Tolosan [Gipuzkoa] dago.