Itsutasunari eman dio begiratua oraingoan Javier Mina idazleak (Iruñea, 1950). Literaturan maiz ageri dira pertsonaia itsuak, eta idazleek eman dieten trataeraz egin du gogoeta La mirada fósil (fosilizaturiko begirada) izeneko saiakera liburuan (Tabula Rasa Ediciones). Bibliatik hasita egin du bilketa lana, eta idazle garaikideen lanak ere aztertu ditu. Dioenez, sinbolikoa da batzuetan itsutasuna lantzeko idazleek hartzen duten bidea, errealagoa besteetan, baina batzuek eta besteek eraikitako itsuaren irudiari begiratuta, balantzea ezin da oso positiboa izan. Gaizki ikusita egon da itsutasuna mendeak joan eta mendeak etorri. Bekatu egin izanaren zigor zen Erdi Aroan, eta eskubide galeraren alegoria literatura garaikidean.
Botere harremanak ikertzen ari zinela heldu zinen itsutasunaren gaira. Nola izan zen?
Literaturan botereak izan duen isla interesatzen zitzaidan. Nola erretratatu duten idazleek gehiegizko botere hori. Berehala ohartu nintzen bazegoela, alde batetik, tiranoaren irudi bat, eta, beste alde batetik, agintari totalitarioaren irudi bat. Begiradarekin loturiko metafora asko erabiltzen zirela ere ohartu nintzen; urkoaren minaren aurrean itsu egotea, beste alde batera begiratzea... Hala, pixkanaka-pixkanaka hasi nintzen sartzen itsutasunaren aferan. Maiz, boterearekin baino gehiago, ordea, eskubideen galerarekin lotuta agertzen da itsutasuna, babesgabetasunarekin...
Itsutasun sinbolikoa da, beraz, gehienbat, zure liburuaren gaia.
Bai, hasiera batean hala izan behar zuen, behintzat. Baina, bestalde, ezin da itsutasun erreala bazterrean utzi. Horregatik, kontakizun zientifikoak ere sartu ditut azkenean liburuan, itsu egotea nolakoa den azaltzen duten testuak, pertsonaia itsuak dituzten kontakizunak...
Bibliatik hasi duzu bilaketa.
Mendebaldeko mundua du ardatz nire liburuak. Iturri judu-kristaua izan da hemen oinarrizko iturrietariko bat, eta greziar eta latindar tradizio klasikoa da bestea. Bi tradizio horiek hartzen ditut kontuan nire liburuan. Pertsonaia itsuak hartzen dituzten kontakizunak ere bai, baita itsutasunari buruzko zientzia tratatu batzuk ere. Espainiako itsutasunaren historia moduko bat egin dut azken atalean.
Eta nola ageri da itsutasuna literatura horretan guztian?
Nahiko era negatiboan ageri dira itsuak, era negatiboan deskribatzen da itsutasuna literaturan gehienetan. Salbuespenak ez dira asko. Biblian, Genesian esaterako, lehenik iluntasuna dago, eta gero argia sortzen da. Argiak zuzendu beharreko akats gisa irudikatzen dute iluntasuna. Itsua pertsona inperfektua da Biblian, eta, horregatik, ezin da apaiz izan. Jainkoaren bitartekari ezin da izan pertsona inperfektu bat. Areago, hain iruditzen zitzaien ezbehar handia, ezen jainkoaren zigor gisa baino ezin zuten ulertu. Ebanjelioetan ere indarrean da oraindik ideia hori. Jesusek itsu bat sendatzen duenean, adibidez, apostoluek bekatua nork egin ote duen galdetzen diote elkarri, itsuak berak egin ote duen, edo haren aitak. Bestelako kontakizunak ere badira, pertsonaia itsuak halako karga negatiborik gabe aurkezten dituztenak, baina inoiz gutxi ageri dira era positibo batean, halere. Itsutasunaren tratamendu sinbolikoa egiten denean ere, arazo handia duen norbait izaten da itsua.
Orakuluak datozkit gogora, mundu klasikoan. Itsu izan arren, ikusi ez arren, beste pertsonek baino gehiago ikusteko ahalmena zuten haiek.
Grezian ere kondena gisa ulertzen zuten itsutasuna. Arazo larria zen. Itsu izatera zigortzen zuten jendea jainkoek. Konpentsazioa ere jasotzen zuten, halere: etorkizuna ikusteko ahalmena, esaterako, edo gizakiak sakonago ikusteko ahalmena. Hortik poetak, musikariak...
Kristautasuna hedatu ahala, ildo hori eten egingo zen.
Bai. Bi alorretan landu da gerora itsutasunaren ideia. Asko hedatu da, adibidez, mirakuluen inguruko literatura, eta itsuei buruzkoak dira haietariko batzuk. Bestetik, XI. eta XII. mendeetako Frantziako literaturan pertsonaia komikoa bilakatu da itsua. Burla egiteko erabili izan dute. Erdi Aroan, egia da, artisauek egin bezala, itsuek ere beren gremioa sortu zutela. Haiek zuten, nolabait esatearren, limosna eskatzeko eskubidea. Beste kolektibo batzuek ez zuten halako indarrik. Beste askok ez bezala, itsuek ezin zuten beren itsutasuna simulatu. Jendeak, itsuak ikusi, eta bazekien itsuak zirela eta ez zirela tranpetan ari. Horregatik guztiagatik, bazegoen itsuekiko inbidia moduko bat, eta hortik hel daitezke burla horiek.
Sortzaile itsu mordoa izan da historian. Blues abeslariak hamaika.
Erdi Arotik dator hori ere. Limosna eskatzen zuten orduan, baina beti eskaintzen zuten zerbait trukean; errezoak edo kantuak. Baziren koblakari itsuak ere, eta fama lortu zuten haietariko batzuek beren konposizioekin.
Artean itsuek izan duten irudia ere aztertu duzu liburuan.
Gutxi gorabehera eskema bera erabili dut hori aztertzeko ere. Pertsonaia itsuek izan duten presentzian eta trataeran jarri dut arreta. Brueghel margolariaren lan bat nabarmenduko nuke, esaterako; Itsuen parabola izenekoa. Irudi horretan itsu bat ageri da soka baten bidez beste itsu batzuk gidatzen. Badaude izen-abizenak dituzten itsuak ere, ordea. Santa Luzia, adibidez, maiz irudikatzen dute itsu gisa, historikoki, dirudienez, begiak sekula kendu ez bazizkioten ere. Ukimenaren alegoriatzat ere erabili dituzte pintoreek itsuak beren koadroetan, baita estasi mistikoa edo inspirazioa irudikatzeko ere.
Maila sinbolikoan, eskubideen galera irudikatzeko ere erabili dute idazleek itsutasuna. Jose Saramagoren lana izan daiteke adibiderik argiena, ezta?
Hala da, bai. Itsutasunari buruzko saiakera liburuaz egiten dudan irakurketa ere badator liburuan. Nire ustez, esperimentu bat da Saramagok liburu horretan egiten duena. Egungo gizartean jendea itsu geldituko balitz zer pasatuko litzatekeen aztertzen du. Itsuak kontzentrazio esparruetan giltzapetzen ditu gizarteak bere burua gaitz kutsakor horretaz babesteko. Pertsona bat dago ikusmenari eusten diona, eta lagundu egiten ditu gainontzekoak. Alegoria bat da pertsonaia hori; altruismoarena. Haren bidez egongo da gizarte mota berri bat eraikitzeko aukera. Orduan eteten da Saramagoren esperimentua, eta ikusmena berreskuratzen dute denek. Idazlearen ideia marxistak daude proposamen horren atzean.
Aurrekariak ere badira, diozunez.
Kadarek badu liburu bat Saramagorenaren gisako planteamenduarekin. Itsutasunaren sinatzailea izena du lan horrek, eta Albanian idatzi zuen, oraindik ere gobernu totalitario baten pean zegoen herrialde batean. Jendea ez da gaixotasun baten ondorioz itsu gelditzen, begiko baten erruz baizik. Ez dakite nondik datorren begiko hori, eta badaezpada jendea atxilotu eta giltzapetzea erabakitzen dute. Oso liburu ona da, eta oso ongi tratatzen du itsutasunaren alde sinboliko hori. Parekatu egiten ditu bista galtzea eta eskubideak galtzea, era sinbolikoan.
Javier Mina. Idazlea
«Era negatiboan ageri dira itsuak gehienetan literaturan»
Literaturan itsuek izan duten trataera aztertu du Javier Mina idazleak 'La mirada fósil' izeneko saiakera liburuan, bibliatik hasi eta gaur egunera arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu