Epidemiarik hilgarriena

Duela mende erdi baino gehiago garatutako droga opioide sintetiko bat da fentaniloa. Ebakuntzetan erabiltzeko asmatu zen, baina krisia eragin du Ameriketako Estatu Batuetako osasun publikoan. Gaindosiz heriotza gehien eragiten duen droga da AEBetan.

Konfiskatutako fentanilo pilulak. DEA.
unai etxenausia
2023ko maiatzaren 31
00:00
Entzun

Adikzio bilakatu den medikamentu bat da, eta epidemia bat eragin du AEB Ameriketako Estatu Batuetan. Fentaniloa heroina baino 50 aldiz eta morfina baino 100 aldiz indartsuagoa den opioide bat da, eta gaixoen mina segundo gutxian arintzeko balio du, baita hartzaileei euforia eta ongizate sentipena eragiteko ere; baina, AEBetan, fentaniloa masiboki eta kontrolik gabe kontsumitzeak opioide horren menpeko bihurtu ditu hainbat eta hainbat pertsona. Drogaren legez kanpoko kontsumoa izugarri handitu da azken urteotan. Zonbi droga —ezizen hori dauka fentaniloak— kontsumitzen duen jendez beteta daude zenbait hiritako kaleak, tartean Filadelfiakoak. Eta kopurua handituz doa.

 

Fentaniloa opioideen krisiaren protagonista nagusia da AEBetan. 2022an, inoiz ikusi gabeko arazoak ekarri zituen osasun publikoaren arloan. Droga gaindosien ondoriozko lau heriotzatik hiru eragin zituen, 110.000 heriotza inguru, AEBetako agintariek zehaztu zutenez. Hau da: 2.000 baino gehiago astean. Baina jada ez da AEBetako fenomenoa soilik. Zabaltzen ari da. Adibidez, Espainiako Drogei Buruzko Planaren 2022ko estatistiken arabera, 15 eta 64 urte bitarteko biztanleriaren %15,8k onartu du inoiz hartu dituela opioideak zituzten analgesikoak: errezetarekin edo errezetarik gabe. Zehazki, fentaniloaren kontsumoa %3,6 zen 2020an, eta %14koa 2022an. Halere, datu apalak dira AEBetakoekin alderatuta.

Paul Janssen kimikari belgikarra izan zen fentaniloaren asmatzailea. Lehenbizi, bihotzeko kirurgietan erabiltzen hasi zen, baina, 1985ean, fentaniloa sortzeko mendebaldeko lehen laborategia ireki zuen Txinan. 90eko hamarkadaren erdialdean, AEBetako hainbat farmazia enpresak masiboki merkaturatu zituzten fentaniloa zuten botikak, adikzioa sor zezakeela jakinarazi gabe. Medikamentua bera epidemia bihurtzen hasi zen orduan.

Ideia horri tiraka, Gorka Oribe EHUko Farmazia irakasleak azaldu du AEBetako medikuek fentaniloa duten medikamentuak maizegi errezetatzeak eragin zuela epidemiaren hasiera: «Farmako mota hori modu jarraituan erabiltzen denean efektuari eusteko, sentikortasuna galtzen da gutxinaka, eta dosi gehigarriak behar izaten dira efektu bera lortzeko. Menpekotasuna sortzen du horrek. Jendea ondo sentitzen zen, baina ez zekiten menpekotasun hori sortuko zuenik».

Konturatu zirenerako berandu zen, ordea. Ohartu zirenerako fentaniloa gaizki edo gehiegi hartzeak zer eragin zuen, herrialdeko biztanleriaren parte handi bat droga horren menpeko bihurtua zen. Droga saltzaileak horretaz jabetu ziren, eta ez zuten galdu kalean legez kanpo saltzeko aukera. «Gobernuak ez zuen behar bezala erregulatu ere», gehitu du Oribek. Horrek ondorioak izan zituen, legez kanpo fabrikatzen eta saltzen has zitezen.

Oribek esandakoarekin bat dator Jon Iriazabal Ailaket elkarteko kidea. Drogen arriskuak murriztearen aldeko elkartea da Ailaket, droga erabiltzaileek eta erabiltzaile izandakoek osatua. Halere, beste arrisku faktore batzuk zerrendatu ditu: «Besteak beste, pobrezia, langabezia, familia aurrekariak substantzien abusuan eta estres egoerak, oro har».

Urteak daramatzate fentaniloa kalean saltzen, baina haren legez kanpoko kontsumoa modu masiboan handitu da azken urteetan. Fentaniloa legez kanpoko drogen merkatuan sartu da AEBetan, aurretik zegoen opiazeoen eskaria aprobetxatuz, hala nola heroina, kokaina eta errezetatutako sendagaiak. Gaur egun, erabilera medikoko fentaniloa dosi kontrolatuetan eta segurtasun tarte handiarekin ematen da mundu osoan, baina AEBetako kaleetan saltzen dena ezkutuko laborategietan egiten da, batzuetan eskuz.

Odolean zehar doa

Hura hartu edo aplikatu eta berehala hasten da fentaniloaren bidaia gorputzean zehar. Haren bertsio farmazeutikoa (legala) injekzioen, pilulen edo partxeen bidez eman ohi dute medikuek, eta baimen bereziak izaten dituzte hori errezetatzeko; legez kanpoko fentaniloa, berriz, injekzio, hauts, pilula eta paper gainean aplikatutako tanta moduan merkaturatu ohi da, besteak beste.

Opioide guztiak bezala, fentaniloa odolean zehar zabaltzen da, eta nerbio sistema zentralera iristen denean, batik bat mina transmititzen duten seinaleak indargabetzen ditu. Adimenik eza, sedazioa, lozorroa eta ongizate sentsazioa eragiten ditu. Ameriketako Estatu Batuetako Drogen Abusuari Buruzko Institutuak euforia, muturreko zoriontasuna eta nahasmena ere aipatzen ditu ere fentaniloaren berezko ondorio gisa.

Droga sintetiko bat denez, fabrikatu egin daiteke, Oribek azaldu duenez. Droga saltzaileak azkar konturatu ziren, beraz, fentaniloak menpekotasun handia sortzen zuela. Halere, ez da droga saltzaileentzat denbora luzez etekinak ateratzeko drogarik «onena», heriotza asko eragiten dituelako: «Droga munduan aritzen direnei, droga hau saltzen dutenean, zaila egiten zaie bezeroei eustea. Izan ere, hain indartsua izanda, arrisku gehiago daude. Hartu duenak arrisku handia du hipoxia jasateko, garuneko kalte iraunkorrak izateko, koman sartzeko eta hiltzeko. «Drogatzen den batek drogak nahi ditu; merkaturatzen dituenak, berriz, kontsumitzaileek luzaroan hari erosten», arrazoitu du ondoren.

Badaude, ordea, fentaniloa kontsumitzeko beste hainbat modu, kontsumitzaileak fentaniloa hartzen ari dela jakin gabe askotan. Kalean heroina eta kokaina adikzio handia dago, eta substantzia bat erostean ez diote erreparatzen haren konposizioari. Beraz, izan daiteke uste baino purutasun handiagokoa izatea, edota «fentaniloa bezalako ahalmen handiagoko substantzia batekin nahastuta egotea», gaineratu du Iriazabalek: «Izan ere, fentaniloa oso merke ekoitzi daiteke, eta saltzaileek heroinarekin nahasten dute, irabaziak handitzeko. Horren ondorioz, gaindosi arriskua oso handia da».

Naloxona izan daiteke gaindosia sufritzen dutenen salbatzailea. Horren distribuzioa ezinbestekoa iruditzen zaio Iriazabali. Arriskurik gabeko medikamentu bat da, eta gaindosi kasuetan bizia salba dezake. «Gure lurraldean, erabilera oso mugatua dauka, baina, gure ustez, ideala izango litzateke opioideen erabiltzaile orok, baita beren ingurukoek ere, eskuragarri edukitzea», ondorioztatu du, opioideen kontsumoaren arazo orokorrari erreferentzia eginez.

Euskal Herrian ez

Euskal Herrian, fentaniloa ez dago zabaldua kalean. AEBetako hirietako kaleetan erabat drogatuta ibiltzen direnen bideoak, horixe da jendeak duen erreferentziarik zuzenena. «Ezin da alderatu AEBetako egoerarekin», argitu du Oribek. Halere, uste du AEBetan gertatzen denak ikasteko balio beharko lukeela: «Sendagai bat gaizki hornitzen denean gertatzen denaren eredu izan beharko luke».

Ailaketeko drogen analisi zerbitzuaren bitartez oraindik ez dute fentanilorik detektatu Euskal Herrian, baina badakite noiznahi ager daitekeela, «nahiz eta modu anekdotikoan izan». Are, elkartera jotzen duten erabiltzaileen artean opioideen kontsumoa oso apala dela argitu du Iriazabalek.

Hala eta guztiz ere, arrisku minimo bat egoteak «adi egon behar izatea» dakar. «Batetik, analisi zerbitzua ezinbestekoa iruditzen zaigu, arriskuak murrizteko tresna gisa. Haren bidez, substantziaren konposizioa eta purutasuna azter daiteke, eta fentaniloa modu azkar eta fidagarrian detektatu», gehitu du.

Beraz, nahiz eta fentaniloaren legez kanpoko kontsumoak ez duen kalterik eragin Euskal Herrian, «morboagatik bada ere» gazteek fentaniloaren inguruan galdetzen dietela esan du elkarteko kideak, batez ere institutuetan egiten dituzten hitzaldietan eta : «Eskertzekoa da gai hau hizpidera ekarri ahal izatea, jendea adi ibil dadin».

Farmazia irakasleak eta Ailaketeko ordezkariak esandakoaren ondoren hala ez badirudi ere, «fentaniloak izugarrizko balioa dauka». Argi utzi nahi izan du Oribek: «Ezinbestekoa da gaixoen minak baretzeko orduan. Legez kanpo saltzen denean edo gaizki erabiltzen denean sortzen da arazoa. AEBetakoak irakaskuntza moduan balio behar du, baina fentaniloaren erabilpena egokiagoa da gurean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.