Komunikazioa

«Entzun nahi dugun irratia»

97 irrati librea sortu dute Bilbon, Gasteizko Hala Bediren babespean eta desagertutako Tas-Tasek utzitako azpiegitura baliatuz. Bazkideak lortzeko kanpainan murgildurik daude.

Bilboko Zazpikaleetako Zirika gunean aurkeztu zuten 97 irrati librearen proiektua. 97  IRRATIA.
Adrian Garcia.
2014ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Tas-Tas irrati libreak joan den irailaren 1ean eten zuen 21 urteko ibilbidea. FMko 97.0 frekuentzia isilik geratzearekin batera, hainbat eragile eta herri mugimenduren bozgorailua amatatu zen. Hutsuneak berak gisa horretako beste herri komunikabide bat sortzea bultzatuko zuela sinetsita, Gasteizko Hala Bedi irratiak hartu zuen frekuentzia. Martxan da jada proiektu hori: 97 irrati librea. Tas-Tas eta beste irrati libreetara urte luzeetan lotutako hainbat lagun bildu dira bertan. «Batez ere irratigintza maite eta horrelako proiektu batean murgiltzeko ilusioa dugunok», azaldu du Fakun Aznarez irrati libre berriko kideak. Zazpikaleetako Plaza Barrian dute estudioa.

«Ezinbestekoa zen frekuentzia horri eustea». Beste irrati komertzialak Tas-Tas irratiaren itxieraz balia ez zitezen bete zuen frekuentzia Hala Bedik, eta egun irrati hori entzun daiteke Bilboaldea FMko 97.0 frekuentzian. Gasteizko irrati libreak bere gain hartu ditu hedagailuaren gastuak proiektua eratu artean. Bazkideak lortzeko kanpainan buru-belarri dabiltza orain 97 irrati libreko kideak. Hilean hamar euro jarriko dituzten 100 lagunen atxikimendua lortu behar dute gastuei aurre egiteko. 60 bat lagunek eman dute izena oraingoz.

Hasierako bileretan hainbat eragileren ordezkariek parte hartu zuten. «Denek ikusi zuten horrelako komunikazio tresna bat sortzeko beharra», dio Aznarezek. Iragan ostegunean aurkeztu zuten proiektua Bilboko Zazpikaleetako Zirika gunean, eta «pozik» daude bileran sortutako giroarekin. «30 lagun inguru elkartu ziren, eta irratian nola parte har zezaketeen galdetu zuten».

Aznarezek dioenez, Tas-Tas eta beste hainbat irrati libreek askotan arazo berdintsuak izan dituzte: «Errelebo falta, ekonomikoki proiektuari eusteko zalantzak, programazioa eratzeko arazoak...». Oraingoan, baina, desberdina da, Aznarezen ustetan. Hala Bedi Gasteizko irratiaren babesa dute, eta ez dute irratia «hutsetik» sortuko. «Hala Bedikoek programazio paralelo bat sortu zuten, eta Arrosa sareari esker elikatzen dugu». Azpiegitura eta materialak, berriz, Tas-Tas irratiak eman dizkie. Pixkana-pixkanaka irratsaio berriak ekoitziko dituzte hurrengo hilabeteetan. «Orain gure xedea bazkideak lortzea da. Datorren denboraldirako, irailerako, ekoitziko ditugu gure irratsaio propioak», azaldu du Aznarezek.

Irismen zabala

Programazioa hutsetik hasi beharko dute, baina Aznarezek uste du lagungarria izango zaiela hori. «Gure mugak non dauden badakizkigu, eta ez ditugu errepikatuko beste irratietan hartutako ohitura txarrak». Esaterako, hasiera-hasieratik software librearekin arituko dira irratian.

Euskara «lehentasunezko» hizkuntza izango dute. Halere, Aznarezek gogorarazi du euskarazko irratsaio kopurua proiektura batzen den jendearen araberakoa izango dela. «Jendeak elikatzen du irratia».

Irrati libreen eginkizuna «berebizikotzat» du Aznarezek. «Milioi bat biztanleko eremu batean uhin libre bat izatea herri mugimenduen eta, azken batean, denon mesedetarako da». 97 irratiaren irismena oso zabala da. «Balizko entzuleak milaka eta milaka dira. Nola moldatu gure betiko mezua zabalagoa izan eta jende berriarengana irits dadin? Hori da gure erronka».

Denborarekin «herriarekinlotura zuzena duen hedabide indartsua» bilakatu nahi dute 97 irratia, gertaerak lehen eskutik kontatzeko. «Guri entzutea gustatuko litzaigukeen irratia egingo dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.