ATZEKOZ AURRERA. Nerea Garmendia. Aktorea

«Entzumenaren gaiari ez zaio kasurik egiten»

Sekulako oihartzuna izan du Garmendiak bere sare sozialetan egindako aitortzak: entzumen arazoak dituela aspalditik eta audifonoak ere bai orain. Hori baliatuz, bakarrizketa inklusiboen proiektu bat jarri du abian.

BERRIA.
enekoitz telleria sarriegi
2022ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Ez da gauza bera entzutea eta entzunaraztea, eta ezta aditzea eta ulertzea ere. Badaki hori Nerea Garmendiak (Beasain, Gipuzkoa, 1979). %33ko entzumen galera dauka. Berarentzat jakina zena besteei jakinarazi die orain, eta audifonoen onurak goratu. Nola? Dakien gisara: umorez. Besteengana iritsi nahian, norberarenetik.

Honezkero norbaitek esango zizun bezala: «Baina ongi entzuten didazu traste horiekin?».

Ongi ez, zoragarri entzuten dizut traste hauekin. Orain bai. Urte asko neramatzan ongi entzun ezinda, hogei bat bai. Medikuak esaten didan bezala: «Zuk entzun entzuten duzu, baina ulertu ez».

Noiz jarri zenituen audifonoak?

Duela sei hilabete egindako errebisio batean esan zidan medikuak banuela aukera hori. Baina badakizu zer gertatu zen?

Zer?

Ez niola entzun!

Hara! Eta orduan?

Bada, azkena egin zidan errebisioan esan zidan: «Zergatik ez duzu audifonorik jarri nahi?». Eta nik: «Nola ez dudala nahi?». Berak: «Azkeneko errebisioan esan nizun!». Eta nik: «Bada, ez nizun entzun!».

Horrek laburbiltzen du egoera?

Erabat. Hurrengo egunean jarrita neuzkan jada.

Eta kontatu duzu jendaurrean, eta zer-nolako zaparrada.

Sekulakoa. Harrituta nago erabat. Post hori egin nuen Instagramen [111.000 jarraitzaile ditu], eta albistegietan irten da, eta hainbat komunikabidetan: Hola aldizkari arrosan eta As kirol egunkarian.

Zergatik egin zenuen?

Nik orain arte ez nekien audifonoaren onurak zenbaterainokoak ziren. Eta pentsatu nuen nire baitan: «Nik hau esan beharra daukat». Zeren ni bezala jende pila bat dago. Ongi ikusten ez duzunean, zer egiten duzu? Betaurrekoak jarri. Hankak oker botatzen dituzunean, zer egiten duzu? Plantillak jarri. Entzumenaren gaiari ez zaio behar beste kasu egiten.

Gorra, epileptikoa, bizkarrean zortzi iltze dituena, eta aritmomaniakoa. Barkatu, baina zure adinerako oso izorratuta zaude.

[Barrez]. Oso izorratuta. Erabat.

Zer da aritmomaniakoa izatea?

Ekintzak edo objektuak zenbatzeko behar moduko bat da. Izan liteke TOK bat, baina nire kasuan esan zidaten ez zela. Duela urtebete izan nuen horren berri; nire bakarrizketa baten ostean, publikoko neska batek aipatu zidan.

Adibiderik?

Demagun: Enekoitz. Zu zortzi bat zara. Telleria gehituta, hamabost bat zara [hiru segundoan egin du].

Eta horri guztiari buruz barre?

Komedia da munduan dagoen gauzarik zailena. Zer erabaki nuen? Neure buruaz barre egitea. «Ni oso ona nago, baina oso izorratuta nago». Hori da, nolabait, bakarrizketarekin bidali nahi dudan mezua: modu batera edo bestera, denok gaudela izorratuta, baina dauzkagun orbanak gure bizitzako bidaiaren parte direla, eta onartu behar ditugula.

Bakarrizketa inklusiboak zer dira?

Baliatu beharra neukan aukera, nik esandako horren oihartzuna.Ohartzen naizelako jendeak entzumen arazoak dituela, eta ez duela esaten. Tabu bat dela. Duela bi urte hasitako proiektua berreskuratu dut, beraz. Orduan asko kostatu zitzaidan jendeak entzutea, eta, orain gorra nagoela, inoiz baino gehiago entzuten didate. Egiten dudana sinplea da: bakarrizketei azpidatziak jartzen dizkiet. Horrela, erabat gorrak direnek edo ni bezala gor partzialak direnek guztia entzun eta ulertu dezakete.

Zer da kulturismo kontzeptua?

Kultura gehi turismoa. Asteburuero ditut bakarrizketak. Bikotekideak aste barruan egiten du lan, eta ez genuen elkar ikusten. Camper bat erosi dugu: Campermendia. Elkarrekin joaten gara bakarrizketa horietara, eta baliatzen dugu aukera turismoa egiteko, eta jendeari erakusteko gure aberastasun kulturala. Hobby gisa hasi ginen, baina konturatu nintzen nire jarraitzaileek interes handia zutela eta galderak egiten zituztela. Erabaki nuen toki horietako udalekin jartzea harremanetan, edo aldundiekin, eta horren berri ematea nire sareetan edo haienetan. Fiturren aurkeztu nuen proiektua.

Goierriko enbaxadore?

Hori da. Hala izendatu naute.

Goierrin furgonetea esaten da?

Egia da. Nerearen furgonetea.

Eta zenbat aldiz esaten dizute: «Vaya Semanita-ko neska hura».

Milaka aldiz, eta espero dut hiltzen naizen arte esaten jarraitzea.

Baina ez zintuzten sailkatu? Zer gogorra beti graziosoa izan behar hori, ezta? Ateak itxi dizkizu?

Ez. Inoiz ez. Ni halakoa naiz. Umorea nire defentsarako mekanismoa da, tristuraren eta putakerien kontra. Niretzat bizitza errazagoa da umorearekin. Eroso sentitzen naiz umorea egiten dudanean, eta ez naiz sailkatuta sentitzen horregatik. Zorionez, 42 urterekin, nik aukeratzen ditu orain nire proiektuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.