Sortzez Iruñekoa izan arren, gurasoen lan aldaketak eraginda Hernanira joan ziren bizitzera. Besteak beste, Lezon, Beasainen, Hondarribian, Beran eta Zumarragan aritu da irakasle.
Ba al dakizu nondik datorren zure abizena?
Dakidanaren arabera, huntz+u(ne) da. Huntz leku. Inork beste azalpenik baleuka, gustura jakingo nuke.
Nor da zuretzat Juan Pradillo?
Ikasleak jotzen omen zituen irakasle batekin hasi nintzen gitarra klasikoa ikasten kontserbatorioan. Duela urte asko. Ni ez ninduen inoiz ukitu, baina hilabete batzuk aski izan ziren gitarra uzteko, Juan ezagutu nuen arte. Ikasteko gogoa itzuli zidan, eta karrera berarekin egin nuen. Hezkuntza klasikoan murgildu nahi ninduen hartarako dohainak ikusten zizkidalako, baina hura ez zen nirea, eta uste dut ilusioa galdu zuela. Hala ere, beti lagundu izan nau. Asko irakatsi zidan.
Besteak beste, Pat Metheny, Leo Brouwer eta Gismontiren eskutik jaso dituzu eskolak. Nork izan du zuregan itzalik handiena?
Hasierak garrantzitsuak direla deritzot, eta arrastoa uzten dute, onerako zein txarrerako. Roberto Yaben oroitu nahi dut. Lehen akorde eta eskalak irakatsi zizkidan, Hernanin, eta hilabetetara John McLaughlin, Soft Machine eta George Benson berdintzen aritzen ginen elkarrekin gitarra joz. Orduko jazz rock orok txunditzen ninduen, eta Robertok musika hartara erakarri ninduen. Egun egiten dudan musikan orduko estetikako elementuak ageri direla uste dut.
Bakarlari moduan Zarauzko III. gitarra jaialdian aritu zinen lehenengoz, 1994an. Zer oroitzapen duzu?
Inoren dependentziarik ez zutenei inbidia nien, eta kontzertuak bakarrik ematera ausartu nintzen. Orduan, gustuko nuen musikarekin errepertorio bat osatu nuen, estiloaz kezkatu gabe; eklektikoa gertatu zen. Gitarrarako eginda ez zeuden musikak egokitzen hasi nintzen ilusioz, eta asko ikasi nuen. Oso garrantzitsua izan zen, eta hasi nuen bide horretan darrait.
Benito Lertxundi, Jabier Muguruza, Kepa Junkera, Alex Ubago… zer dute berezi?
Bakoitzak bere diskurtso musikala du. Profesional ikuspegitik aniztasuna interesgarria da. Nigandik nahi den hura eurengana egokitzen dut.
Beste musikarien aldamenean baino askeago sentitzen al zara bakarlari gisa?
Bai, besteekin eskutik joatea ezinbestekoa da, eta horrek betebehar batzuk dakartza. Horrez gain, inbidia sortzen dit musikari batzuk besteekin batera aritzeko duten erraztasunak, eta horrek aberats egiten ditu. Bakarrik jotzeak nolabaiteko askatasuna dakar, baina beste balio garrantzitsu batzuen galera ere bai. Zoriontasuna inoiz ez da erabatekoa. Onena denetik egitea da.
Bakarkako zure hirugarren lanean, Tiempo de búsqueda-n, gitarraren ohiko ildotik at zerbait berria topatu nahi zenuen. Nolakoa izan da bilaketa?
Ia ezinezkoa da ezer berria egitea. Konpositore ezin hobeak daude. Orain arte egin dudanetik harago joan nahi nuen, zerbait ezberdina sortu. Batzuetan, disko bateko lehen akordeak entzutea aski izaten dut ondorengoa nolakoa izango den jakiteko, folkean bereziki. Erritmo eta armonia mailako ezusterik ez dago, eta nik hori behar dut; horren bila aritu naiz. Aldiro berrikuntzak eta kolore aniztasuna maila orotan. Estrofa eta estribilloaren egituratik ihes egitura konplexuagoak bilatu ditut, ezustea eta mugimendu ekarleak. Eta uste dut kantu askotan lortu dudala.
Azken lan honek alemaniar zigilua darama.
Sormenari lotuta dagoen orok ahalik eta esparru zabalenera heldu nahi du. Nire proiektua erakutsi nien, eta gustatu egin zitzaien. Nazioarteko banaketa indartsua dute, eta hori interesgarria da.
Gitarra hutsez entzulearengana iristea erraza al da?
Ez gitarra batekin, ezta piano batekin ere. Kantu bat konposatu ostean entzulearen aurrean defendatu beharko dudala pentsatzen dut, eta zirraraz eusteko bideak jartzen saiatzen naiz. Horretarako lagungarri dira musika bera, baita gitarraz gaindiko osagaiak ere: haizagailu bat, biolin arkua, ping-pongeko pilotak, pintzela… Soinu erakargarriak bereizten laguntzen didate, betiere musika dotoretzeko soilik. Nire kontzertuetan entzulearen isiltasunari adi nago, hutsune hori sentitzea atsegin dut, eta emanaldia zer moduz doan neurtzen laguntzen dit.
Zein da entzun duzun lorerik ederrena?
Entzule batek hala esan zidan: gitarra kontzertu batera etorri naiz, baina magia ikuskizun batekin egin dut topo.
Zer tonalitatetan hasiko litzateke Euskal Herriari eskainitako kantu bat?
Minorrean hasiko nuke, baina musika obra orotan uneoro modulazioa deritzona dago, hau da, minorrean hasi eta maiorrera iragaitea, eta alderantziz. Agian orain ari da aldaketa horretan.
Zein da entzun duzun azken kontzertua?
Aurreko asteazkenean, Valentziako Perico Sambeat saxofoi jotzailea. Izugarria, bai bera eta baita bere musikariak ere.
Zure azken kontzertua Donostiako Viktoria Eugenian izan zen, eta hurrengoa?
Portugalen, gitarra jaialdi batean.
Angel Unzu
«Entzulearen isiltasunari adi nago»
Talentu eta jakintza izugarria duen musikaria da. Gitarra jotzaile entzutetsua ez ezik, hainbat musikariren laguntzaile eta konposatzailea ere bada Angel Unzu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu