Zazpi urte dira Radio Euskadin lanean hasi zela, eta urteotan esatari «oso onetatik» asko ikasi duela dio Xabier Garcia Ramsdenek (Bilbo, 1983).
Nola izan da Boulevard-etik Ganbara-rako jauzia? Ezustekoa handia izan al da zuretzat?
Bai, ezustekoa izan zen niretzat. Boulevard-en denbora asko neraman, baina denok behar izaten dugu aldaketaren bat. Lehen, ordutegia txar samarra nuen, 03:00etan sartzen bainintzen lanera. Horrek bere eragina izaten du. Ganbara-ri beste bira bat eman nahi zioten, eta nigan pentsatu zuten. Niretzat aldaketa da, orain arte ordezko gisa edo albo batean aritu izan bainaiz. Ganbara-rena erronka profesional bat da niretzat.
Esatari aldaketa bat denboraldiaren erdian ez da ohikoena izaten, ezta?
Ez, ez da ohikoena baina batzuetan gertatzen da. Ganbara indartu eta taldea aldatu nahi zutela ulertu nuen nik. Ez nizkion buelta gehiago eman.
Ainara Torre Ganbara-ko aurreko esatariak zer esan dizu?
Laguna dut, eta berak ondo hartu du erabakia. Trantsizio lana asko erraztu dit.
Saioan aldaketak egiteko asmoa duzu ala orain arte dagoen formularekin jarraituko duzu?
Ganbara oso saio egonkortua da, Radio Euskadiko entzuleentzat erreferente bat da. Beraz, aldaketa asko ezin dira egin. Solaskideak ditu oinarrietako bat, eta hori ezin da aldatu. Ez dut solaskiderik kentzeko asmorik. Agian denborarekin ahots berriren bat irits daiteke. Saiatu naizena da ahots eta irrati baliabide gehiagorekin aberastea. Elkarrizketa gehiago sartu nahi ditut. Eguneko ahotsak beste modu batean iristea nahiko nuke. Gai batzuetan gehiago sakondu daiteke gau partean.
Tertuliei dagokionez, batzuek diote EITBko tertuliak ez direla oso pluralak. Zer erantzun dezakezu?
Ez da egia. Ganbara entzuteko edo solaskide zerrenda ikusteko esango nieke. Irratiko tertulia pluralenak ditugu. Kazetari onenak ditugu saioan: Gara, Berria, El Mundo eta El Correo-ko jendea dugu. Eztabaidak interesgarriak dira, eta ahots askotarikoak entzuten dira. Esan diezagutela nor falta den, eta sartuko dugu.
Aste honetan EGMko datuak argitaratu dira. Radio Euskadik behera egin du. Entzule datuei begiratzen al diezu?
Ni ez naute datuek kezkatzen. Zorionez, ez didate entzule kopuruetan helbururik jarri. Entzuleak irratian ez dira oso fidagarriak, gainera. Niretzat, garrantzitsuena kalitatezko programa bat egitea da, eta entzuleak pentsatzea ordu horretan aurkitu dezakeen eskaintzarik onena dela. Datuak hobetu nahi ditugu, noski, baina garrantzitsuena ez da hori. Bestalde, azkenaldian saiatzen ari gara entzuleek saioan presentzia izaten. Facebooken orrialde bat ireki dugu, gazteekin harreman gehiago izateko, gaurkotasuneko gaiekin gazteengana iristea zailagoa izaten baita. Entzuleak animatzen ditugu hor egotera euren iritzia ematen.
Dani Alvarezen ordezko izatetik saio bat egunero aurkezterako pausoa handia al da zuretzat?
Bai; hala ere, esan nahi dut ohore bat izan dela ordezkoa izatea. Ordezkoa zarenean itzalean zaude,eta gehiago ikas dezakezu. Akatsak egiteko permisibitate handiagoa daukazu. Orain erronka handi bat dut, eta ilusioz hartu dut. Unea disfrutatzen saiatzen ari naiz.
Mikro baten aurrean jartzerakoan zerbait berezia sentitzen duten horietakoa al zara?
Normalean orain arte entzuleak esnatu izan ditut. Orain, ohean sartzen ditut. Asko gustatzen zait pentsatzea milaka lagun daudela entzuten nautenak. Albisteak norbaiti kontatzen dizkion pertsona bat izatea ardura handikoa dela pentsatzen dut. Polita da jakitea laguntzen diezun ahotsa zarela.
Komunikabide guztietan arduraz jokatzen al dute egoera politikoaren inguruan, edo ez al dira batzuk oztopoak jartzen ari?
Gaizki gabiltza, kazetariak egoeraren protagonista bihurtzen bagara. Gertatzen denaren berri eman behar dugu, besterik ez. Egia da Madrilgo komunikabide batzuetan gauzak ez direla ondo egiten ari. Dena den, beti pentsatu izan dut entzulea ez dela inozoa eta badakiela nori sinistu, eta nori ez.
Euskadi Irratian Maite dut irratia lehiaketa antolatu dute. Radio Euskadin horrelako zerbait egitea ez al litzateke polita izango?
Oso ekimen interesgarria izan da. EITBko irrati guztietan konpartitzen dugu entzuleek zer pentsatzen duten jakiteko gogoa. Irratia da komunikazio bizkor eta zuzenena. Gauzak datorren bezala kontatzen ditugu. Bestalde, Internet irratia baino bizkorrago doala onartu beharra dago, baina Internetek ez du irratia hilko. Nahiz eta teknologia berriak iritsi, irratiaren esentzia ez da aldatuko.
Komunikazioa. Xabier Garcia Ramsden. Radio Euskadiko esataria
«Entzulea ez da inozoa, eta badaki nori sinistu, eta nori ez»
'Ganbara' irratsaioa gidatzeari ekin zion duela hiruzpalau aste, Ainara Torreren lekua betez. 22:00etatik 23:00etara ematen dute saioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu