Entzierro azkarra eta emozio handikoa egin dute Miurako zezenek

Udaletxe plazan eta Mercaderes bihurgunean, zezenek bazterrean geratutako jendearen kontra jo dute. Adarkadarik ez da izan, ordea.

Mercaderes eta Estafeta arteko bihurgunean, zezen batek ezkerrean harrapatuta geratu den gizon bat harrapatu eta lurretik altxatu du. Ez dio adarkadarik eman, baina. JESUS DIFES / EFE
Mercaderes eta Estafeta arteko bihurgunean, zezen batek ezkerrean harrapatuta geratu den gizon bat harrapatu eta lurretik altxatu du. Ez dio adarkadarik eman, baina. JESUS DIFES / EFE
jon ordonez garmendia
2024ko uztailaren 14a
08:10
Entzun

Amaitu dira aurtengo Iruñeko sanferminetako entzierroak. Miura ganadutegiko zezenak izan dira aurten Iruñeko kaleetara ateratzen azkenak, eta emozio eta arrisku handiko entzierroa osatu dute. Oso azkarra izan da: 2.22ko denboran egin dute San Domingoko ukuiluetatik zezen plazarainoko bidea. Eta, tartean, arrisku handiko egoerak eta korrikaldi polit batzuk izan dira. Lau lagun eraman dituzte ospitalera, baina hasieran egindako balantzean ez dute adarkadarik aipatu.

Joan den igandean lehen entzierroan bezala, gaur ere jende asko izan da ibilbidean. San Domingon, bi zezen saldoaren aurrealdean jarri dira berehala, eta horietako batek, beltzak, metro batzuk atera dizkie anaiei. Kalearen amaiera aldean ezkerrera egin du, eta hor zain egoten diren zenbait lagunek estu ikusi dute euren burua.

Udaletxe plazan, ordea, zezen horrek berak eskuinerantz egin du, eta Mercaderes kalera sartzean eskuinera baztertzen ari ziren bi lagun harrapatu ditu, paretaren kontra danbateko izugarria emanez. Ospitalera eraman dituzte bi lagun horiek, sorbaldan hartutako kolpearen ondorioz. Ondoren, zezen hori gainontzekoekin batu da.

Antzeko beste egoera bat izan da metro batzuk aurrerago. Aurtengo entzierroetan, Mercaderes eta Estafeta arteko bihurgunean, zenbait lagun harrapatuta geratu dira bidearen ezkerraldean, eta gaur ere gertatu da: zezen batek gizon bat harrapatu du ezkerreko oholen kontra, baina ez dio adarkadarik eman, muturrarekin lurretik altxatu badu ere.

Estafetan, idiak jarri dira zezenen aurretik. Lehen hiru idien atzean jarri dira hiru zezen, eta hasieran ez da izan horien aurrean korrika egiteko tarterik. Pixkanaka, baina, hiru horietako bat atzean geratu da, eta, metro gutxiko tartea egon arren, zenbait korrikalari jarri ahal izan dira zezenaren aurrean.

Zezen plazarako jaitsieran, zezen batek eskuinerantz egin du gaur ere, baina ez da inor larri zauritu. Hori bai, jaitsiera horretan zenbait korrikalari erori dira. Zezenak ia batera sartu dira ukuiluetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.