Entzia: bi ama, eta mila arrisku

Bi Bonelli arrano emek txita bat atera dute aurrera lehen aldiz Araban: Entzia. Eragindako adopzioaren bidez lortu dute, eta Kanpezun jaio da, Azazetako eta Laminoriako energia berriztagarrien makroproiektuak egin nahi dituzten gune berean.

Bonelli arrano baten irudia, alboan Entzia txita duela. BERRIA
Bonelli arrano baten irudia, alboan Entzia txita duela. BERRIA
enekoitz telleria sarriegi
2024ko urriaren 30a
05:00
Entzun

Zapuztuta zegoen Sorayaren eta Hegoaren habia. Umatzen ari zirelakoan zeuden haiek, baina antzuak ziren txitatzen ari ziren arrautzak. Aurtengo apirila zen eta teknikariek ez zuten beste aurrerabiderik ikusi: fostering edo eragindako adopzioa delako teknika erabiltzea. Itxian hazitako Bonelli arrano txita bat jarri zieten habian: Entzia. Geroztik, eurena balitz bezala hazi dute Sorayak eta Hegoak, eta aurrera egin du, eta hegaka ikusi dute Izkiko parke naturalean, ortzi mugan. Bi ama ditu, eta mila arrisku.

Arabako Aldundiak eman zuen albistea urriaren hasieran. Duela 25 urte hasi ziren haiek espezie hori (Aquila fasciata) berreskuratzeko lanean, eta Aquila a Life izeneko proiektuarekin aritu dira azken urteotan elkarlanean. Nafarroako Gobernua ere proiektu horretako kide da, Sardinia eta Balearrak (Herrialde Katalanak) ere bai, eta Frantziako, Italiako eta Espainiako gobernuak ere bai —Andaluzia eta Madril ere badaude tartean—. Grefa Bertako Fauna eta Habitata Berreskuratzeko Taldeak koordinatu ditu lanak, lortu ditu emaitzak eta datatu ditu arriskuak. Haiek sortu zuten, beste hainbat talderekin batera, SOS Tendidos Electricos plataforma ere. Bonelli arranoa baita harraparien artean zaurgarriena linea elektriko eta haize sorgailuekiko.

Grefako biologo Juan Jose Iglesiasek azaldu du zer den fostering-a: «80ko hamarkadatik erabiltzen den metodologia bat da. Habia batean jaio ez den indibiduo bat habia jakin batean sartzen da. Izan liteke inkubagailu batean jaiotakoa, edo beste habia basati batean jaiotakoa, baina ez da habia horretan jaiotakoa». Ez dute ausaz egiten: «Zaintza eta kontrol lan bat dago atzean. Eta ikusten dugunean arrautzak ez direla eklosionatzen, kendu egiten ditugu, eta txita bat jartzen dugu habian. Itxian jaiotako txita bat izaten da, 14-15 egun dituena, eta goxatuta eramaten dugu mendira, inkubagailuan bertan askotan. Logistikoki nahiko konplexua izaten da». Iglesiasek kontatu du nola jaso zuten Arabako Aldundiaren proposamena: «Gu garelako arranoak itxian hazten ditugunak. Koordinatuta aritu ginen. Haien segimendu taldeak identifikatuta zeuzkan, bazekien non zeuden, eta zeintzuk ziren data egokienak jardun horretarako. Eraman genuen txita, eta dena ongi irten da».

Entzia txita, Sorayaren eta Hegoaren habian sartu aurretik. GREFA
Entzia txita, Sorayaren eta Hegoaren habian sartu aurretik. GREFA

Kanpezu «inguruan» jaio da Entzia. Haren segimendua egin dutenek ez dute toki zehatzaren berri eman nahi, eta euren izenik ere ez, «oso talde handia» direlako, «izen bakarra agertzeko». Pasioa darie: «Aurreneko aldiz dokumentatu da ehuneko ehun halako gauza bat: bi Bonelli arrano emeren ugalketa saiakera, elkarrekin». Eta diote ez dela zerbait «anekdotikoa»: litekeena delako munduko toki gehiagotan ere gauza bera gertatzea, baina ez delako orain arte dokumentatu. Araban, bai.

Eta ongi dokumentatu ere. Segimendu taldeak egindako lana sekulakoa da: teknikariak, basozainak... Bazekiten bi arranoak emeak zirela, arren bisitarik jaso gabeak zirela, eta txitatzen ari ziren arrautzak antzuak zirela. Eragindako adopzioa apirilean izan baitzen, baina segimendua askoz ere aurreragokoa. Kontakizuna: «Sorayaren lehen bikotea Leo izeneko ar bat izan zen. 2021ean txita bat atera zuten aurrera: Feli. Soraya Andaluziako habia batean jaiotakoa da, eta Leo Frantziako haztegi batean itxian jaiotakoa. 2022ko ugalketa hasi zenean, habia prest zutenean, errunaldia zetorrenean, Leo hil egin zen. Bere gailuak emititzeari utzi zion —guztiak dauzkagu kontrolatuta igorgailu bidez—. Baina hilik topatu genuen egun berean hasi ginen kontrolatu gabe geneukan beste indibiduo bat ikusten, eta Sorayarengana hasi zen hurbiltzen. Arra zelakoan geunden, noski. Pentsatu genuen Leorekin borrokatu zela eta haren emearekin geldituko zela. Halako kasuak badaude. Eta ikusi genuen bikote baten portaera zutela: eztei hegaldiak egiten zituzten elkarrekin, habia prestatzen zuten elkarrekin... asumitu genuen ar bat zela: Hegoi».

Harrapatu egin zituzten biak. Sorayari galduta zeukan igorgailua berriz jarri zioten, eta haren kide berriari igorgailu berri bat, ale basati bat baitzen. Laginak hartu zizkioten, analizatzera eraman, eta: «Sorpresa! Eme bat da».  Hegoa zen. Kontakizuna: «Etsigarria izan zen albistea hasieran. Gure itxaropena zelako bagenuela ar eta eme bikote bat, ugalduko zirela, txitak izan Araban, filopatria joerarengatik berriz bueltatuko zirela... Halaxe joan ziren 2022a eta 2023a. Bikoteak elkarrekin jarraitzen zuen, eta portaera berdinarekin: habia prestatzen, kopula ahaleginak egiten, euren lurraldea defendatzen, elkar elikatzen... Eta iritsi zen 2024ko otsaila, eta hara non ikusten dugun txitatzen ari zirela, elkarrekin. Bagenekien emeak zirela, bagenekin arrik ez zegoela inguruan, eta haietako inor ez zela ar bila mugitu beste lurralde batera. Orduan erabaki genuen fostering-a egitea, eta GREFArekin harremanetan jartzea».

Eta haiek ekarri zuten Entzia, baina habiara iritsi behar zen. Araban ez dago halakoetan aritzen den talderik, eta Errioxako (Espainia) basozain eskalatzaile taldeak hartu zuen ardura. Kontakizuna: «Iritsi ziren habiara, eta jaso zituzten han zeuden bi arrautzak. Arranoak ere bertan zeuden eta uxatu behar izan zituzten. Sartu zuten txita habian, irten zen eskalatzailea handik, eta bederatzi minutura iritsi ziren arranoak —normalean, hogei minutu geroago etortzen dira gutxi jota—. Oso hunkigarria izan zen. Biak batera iritsi ziren, ikusi zuten txita, begiratu zioten elkarri, eta segituan hasi ziren hura babesten eta elikatzen».

Diote ugalketa garai guztian egon zela amaren bat habian —«ez zuten une bakar batean ere bakarrik utzi»— eta hori ere ez dela ohikoa. Eta 47 egunera jaitsi zirela berriz habiara, igorgailu bat jartzeko. Non dagoen Entzia orain? Cinca haranean (Huesca, Aragoi, Espainia). Non dauden Soraya eta Hegoa haren amak? Segitzen dute Kanpezu «inguruan», han dituzten hiru habietako bat hurrengo umealdirako prestatzen.

Elektrokutatze arriskua

Sekulakoa da albistea. Oso litekeena delako, aipatutako filopatria joera horrengatik, Entzia berriro bueltatzea jaio den toki berera. Baina zerekin egin dezake topo? Azazetan eta Laminorian energia berriztagarrien makroproiektu bat egiteko asmoa dago mahai gainean: Sorayaren eta Hegoaren habiatik zazpi kilometro eskasera. «Zazpi kilometro, arrano batentzat, egunero ogi bila joatea bezalakoa da», azaldu du Arabako Mendiak Aske elkarteko kide Kike Perez de Arriba Diaz de Argandoñak. Elkarte hori izan baita Arabako Aldundiko Natura Ingurunearen Zerbitzua zoriondu duena Bonelli arranoaren inguruan egindako lanketa guztiarengatik, baina ohar egin duena ere bai: «Makroproiektu horiek arrano horientzat gune kritikoan kokatzen dira. Haren iraupenerako mehatxu zuzena dira azpiegitura horiek. Oso ezaguna baita elektrokutatzeagatik eta haize sorgailuekin talka egiteagatik Bonelli arranoen heriotza tasa handia». Aldundiari eta Jaurlaritzari eskatu diote proiektu horiekiko duten jarrera berriz ere aztertzeko. «Bizitza luzea opa diogu Entziari». 

JAKINGARRIAK

  • Tamaina: Iberiar penintsulako lau arranorik handienen artean dago Bonelli arranoa (Aquila fasciata). 60-70 zentimetro da luze, eta 70-150 zentimetroko hego zabalera dauka. Bi kilo inguru izaten dituzte arrek, eta bi kilo eta erdi inguru emeek. 
  • Elikadura: Jaten dituzte untxiak, eperrak, usoak, muskerrak, trikuak, sugeak, kaioak eta beleak.
  • Populazioa: Beherantz doa. Iberiar penintsulan 733-768 bikote daude. Aquila a Life proiektuak 28 arrano askatu ditu Araban, eta 27 Nafarroan. Bi bikote berri sortu dira Araban, eta txita bat. Hiru bikote berri sortu dira Nafarroan. 103 hil dira. Elektrokutatuta, 41.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.