Enrique Maiaren agurra, peñen pankartetan

Iruñeko Peñen Federazioak 25 urte bete dituela eta, 17 pankarta aurkeztu dituzte aurten. Alkate ohiaz gainera, Irulegiko Eskua eta Osasuna dira nagusi aurtengo irudietan.

Iruñe peñen pankarten irudiak. BERRIA
Iker Tubia.
2023ko ekainaren 29a
13:32
Entzun

Agur, Enrique Maia, agur! Ekainaren 17az geroztik, ez da Iruñeko alkatea, baina sanferminetara arte haren irudia han eta hemen ikusiko da oraindik ere. Izan ere, Maia izan da peñen pankartetako izarra aurten ere. Beraz, oihaletan margotuta eginen dio agurra alkate karguari. Horrekin batera, Irulegiko Eskua eta Osasuna dira aurtengo gai nagusiak, baita Iruñean gertatutako hamaika kontu ere. Aurten, pankarta bat gehiago aurkeztu dute. Iruñeko Peñen Federazioak 25 urte betetzen dituenez gero, Asisko eta Mikel Urmeneta anaiek irudi bat sortu dute urtemuga ospatzeko.

Etzi ospatuko dute Peñen Eguna, eta eguerdian plazaratuko dituzte pankarta berriak lehenbizikoz. Zezen plazako pasabideetan zabalduko dituzte sanferminetan dantzatuko dituzten oihalak. Horretaz gainera, erraldoi topaketa eginen dute goizean.

Osasunaren aldeko mezuak nonahi ikus daitezke aurten, Espainiako Kopako finala jokatu baitzuen –baita galdu ere–. Irulegiko eskuaren aurkikuntza ere pankarta askotan sartu dute, sarri euskararen aldeko mezuekin. Sanfermin peñak bi gai nagusiak batu ditu, eta Osasunako atezainari Irulegiko Eskua paratu eskularruaren ordez.

Horietaz gainera, askotariko gaiak agertu dira aurtengo peñetan: hauteskundeen ondoren PSNk izandako jarrera, Espainiako hauteskunde kanpaina, Labriteko pasabidearen afera, auzoetako erraldoi konpartsei errepidean ibiltzeko jarritako debekuak, zaintza kamerak areagotu izana, euskararen kontrako erasoak eta auzoetako borrokak, besteak beste. Borroka feministari buruzko erreferentziak ere badira, eta eraso sexisten kontrako mezuak.

Mezuen hizkuntzari erreparatuta, aurrekoetan ez bezala, euskara eta gaztelania paretsu ageri dira. Are, euskarazko mezuak pixka bat gehiago dira, %55. Sexuaren aldagaiari erreparatuta, aitzitik, emaitza ez da parekidea. Gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna urruti gelditu da aurten ere: irudikatutakoen %65 dira gizonak, eta %35 emakumeak.

Sanferminetako mezua

Goizean aurkeztu dituzte irudiak kazetarien aurrean, eta Marta Aparicio Iruñeko Peñen Federazioko batzordekideak salatu du udalak oztopoak paratu dizkiela. «Udalari eskatzen diogu begirada zabalagoa izan dezan eskatutako baimenekin, peñak jaiaren parte garrantzitsu eta ezinbestekoa baitira». Horretaz gainera, hiriko karriketan egiten diren ekitaldiak «errespetatzeko» dei egin diete herritarrei, «kalea guztiena baita». Ekitaldi horietan denak «aske» izatea nahi dute. «Eraso sexistarik gabeko jaiak nahi ditugu. Mugimendu feministak eta LGTBI mugimendua azpimarratuz, haien alde lanean jarraituko dugu, behar duzuen guzirako».

Urteurreneko logotipoan, aulki gurpildun bat paratu dute, eta Iosu Santxezek azaldu du horren esanahia. «Iaz kanpaina bat abiatu genuen mugitzeko gaitasuna mugatua dutenek jaiez gozatzeko aukera izan dezaten, karrikan arazoak dituztelako, batez ere jendetza dagoenean». Hori dela eta, peñetako barren zati bat elbarrientzat gorde zuten. «Aurten, beste urrats bat egin nahi izan dugu, eta gai hori ikusgai egin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.