Sendagai berri bat hartzeagatik 500 euro jasotzen duten hiru lagunen egoera kontatzen du Enfarmados obrak. Gorka Minguezek (Portugalete, 1978) hirurak antzezten ditu, baina ez da beldur: «Gozatzeko unea iritsi da».
Farmazia negozioa, masa-gaixotasunak, birusak... Ez dirudi hipokondriakoak aintzat hartu dituzuenik.
Ez, ez. Kar, kar. Edonork ikus dezake antzezlana, baina norbera da sarrera erosteko erabakia hartzen duena. Paranoikoa izan daiteke amaierarako, noski, baita niretzat. Baina ez dugu zientzia fikzioa egiten, istorioa benetakoa da.
Protesta obra bat egin nahi izan duzue, hortaz?
Baliteke. Komedia bat da, baina oso gai serioa da. Farmazia industriek etikoki ustelduta dauden gauza asko egiten dituzte, eta gobernuek ez ikusiarena egiten dute gehienetan. A gripearen aurka sekulako dirutza xahutu zen txertoetan, eta gehienak biltegietan daude.
Egoeraz jabetzea da zuen helburua?
Gaia mahai gainean jarriko dugu; norberak erabaki dezala zer sinetsi. Baina badugu iritzia: «Zure seme-alabek hartzen duten txertoaren atzean, osasuna baino gehiago, baliteke interes ekonomikoak egotea».
Hipotesi horren funtsa gizarte ziniko baten sintoma ote?
Gizartea ziniko bihurtzen duena interes indibidualak dira. Alde horretatik, ekonomia, politika eta osasuna nahastea bereziki arriskutsua izan daiteke.
Ikusleak erabakiko du osasuna eta ekonomiaren balantzak noren alde egingo duen. Antzezlan aktiboa da?
Ahalegin handia eskatzen dio obrak ikusleari, gaiaz gain. Hiru pertsonaia egin behar ditut agertokitik atera gabe, eta ikusleak hariari eutsi behar dio istorioari jarraitzeko. Baina ez dezagun ahaztu: obra komiko bat da.
Hobeto funtzionatzen dute halako antzezlanek?
Niri gehiago gustatzen zaizkit. Antzezlan asko oso errazak dira ikusteko, eta entretenigarriak dira. Baina hutsik daude.
Zure ahaleginak ez du samurra izan behar, ezta?
Ordubetean, obra perfektu bat eskaini behar diogu ikusleari. Oso zaila egin zaigu denoi. Niri dagokidanez, jatorri eta izaera desberdineko hiru pertsona antzeztu behar ditut. Estimulu berari modu desberdin batean erantzuten dieten pertsonaiak dira.
Gainera, pertsonaiak ez dira lauak. Antzezlana garatu ahala gehiago ezagutzen ditu ikusleak, ezta?
Pertsonaiak istorioarekin batera garatuz joaten dira. Horietako bat, adibidez, diruagatik doa probetara, baina denborarekin arriskuaz jabetuz joaten da. Sakonki prestatu dut antzezlana, eta pertsonaia bakoitzari egokitu naiz.
Izaera laukoitzaren sindromea izateko beldurrik ez duzu?
Kar, kar. Gezurra dirudien arren, ez. Etengabeko antzerki jokoa da, eta aktorearentzat sekulako plazera. Berdina gertatuko zaio ikusleari: baliteke gaia ez interesatzea, baina oso interesgarria egingo zaio ikuspegia.
Nori bururatu zitzaion hiru pertsonaiak aktore bakar batek egitea?
Patxo Telleriak [gidoilaria] aktore bakarra izatea proposatu zidanean, ezin sinetsirik geratu nintzen. Jeinu bat da, eta izugarrizko irudimena du.
Halako erronkengatik merezi du aktore izatea?
Bai. Antzerkigintzak ez du diru askorik ematen, baina bai gauza berriak probatzeko aukera. Gainera, mundu honetan ez dakizu non egongo zaren bihar. Campos Eliseos antzokian gaude bost egunez, eta iritsi da gozatzeko unea.
Gorka Minguez. Aktorea
«'Enfarmados' ez da zientzia fikzioa: farmazia industrien negozioa benetakoa da»
Farmazia industriaren kontaketa komiko bat egingo du 'Enfarmados' antzezlanean Gorka Minguezek Bilboko Arteria Campos Eliseos antzokian. Hiru pertsonaia daude, baina Minguez da aktore bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu