Eneko Goiburuk irabazi du Ordiziako gazta txapelketa

Bigarren Joseba Insausti ordiziarra izan da, eta hirugarren, Beñat Egaña mutrikuarra. 9.400 euro ordaindu dituzte enkantean gazta erdi irabazlearen truke.

Erdian, Ezenarro alkatea, Garcia eroslea, eta Goiburu, gurasoek inguratuta. ORDIZIAKO UDALA
Olatz Esteban Ezkati.
2021eko irailaren 8a
13:37
Entzun

Ateak itxita bada ere, Ordiziako Ardi Latxa gazta txapelketak ez du hutsik egin aurtengoan ere. 45 gazta aurkeztu dira, iaz baino 2 gehiago. Goierrin geratu dira aurten lehen bi sariak. Eneko Goiburu segurarrak irabazi du lehiaketa, Ondarre gaztandegikoak. Bigarren Joseba Insausti ordiziarra izan da, Otatza gaztandegikoa.

Hunkituta jaso du saria Goiburuk. Hirugarren belaunaldia dute familia horretan Ordizian garaile. Aurtengo irabazlearen aitonak 1970ean eta gurasoek 1995ean eta2014an jantzi zuten txapela. Laugarren txapela da gaurkoa Segurako gaztandegiarentzat. "Ordizia Kontxako bandera irabaztearen parekoa da, dagoen txapelketarik onena irabaztea. Goierritarrak gara, eta ilusio berezia egiten digu" adierazi du irabazleak.

Aurtengo edizioan gazta naturalak izan dira gehiengoa. Irabazlea, aldiz, otsailean egindako gazta ketu bat izan da: "Nahiko onduta dagoen gazta da, ketua. Guk beti ketuak aurkezten ditugu. Gure etxeko marka da".

Enkantean, Zaragozako (Espainia) El Cisne hoteleko Javier Garciak 9.400 euro ordaindu ditu lehiaketa irabazi duen gazta erdi irabazlearen truke. Hau izan da palmaresa:

Irabazlea: Eneko Goiburu, Ondarre gaztandegia, Segura (1.750 euro, Kutxaren garaikurra eta 12.000 etiketa gaztatan jartzeko)

Bigarren: Joseba Insausti Mujika, Otatza, Ordizia (850 euro, Ordiziako Udalaren garaikurra eta diploma).

Hirugarren: Beñat Egaña Albisu, Goienetxe, Mutriku (500 euro, Ordiziako Udalaren garaikurra eta diploma).

Laugarren: Marta Perez Loperena, Loperena, Egozkue (240 euro eta diploma).

Bosgarren: Unai Lekuona Ruiz de Luzuriaga, Lekuona, Araia (220 euro eta diploma).

M, L, K, J eta I gaztak iritsi dira azken aukeraketara, baina finalean hamalau gazta izan dira. Denek jaso dute diploma bana. Epaimahaikideek maila altuko gaztak aurkeztu direla nabarmendu dute.

Euskal jairik ez da ospatu gaur Ordizian, baina gazta txapelketari eta enkanteari eutsi diote. Iaz egunez aldatu zuten lehiaketa, jende pilaketa saihesteko, eta aurten, berezkoa duen egunera itzuli da. Asteazkenarekin egin dute, azokarekin batera. "Iazko protokoloa jarraitu dugu, baina aurten lasaiagoa izan da antolakuntza", azaldu du Adur Ezenarro alkateak. Eguraldia lagun, jende andana ibili da goizean zehar Ordiziako kaleetan, eta izan da ikusmira frontoi inguruan ere. Barruan gertatzen zenari begira ibili dira sarreratik hainbat herritar.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.