Eneko Bidegain, Ainhoa Larrañaga eta Zuriñe Maguregi Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultateko (Gipuzkoa) ikus-entzunezko komunikazioko graduko irakasleek irabazi dute Martin Ugalde beka, Izan ala ez izen? Euskal Herriaren irudikapena euskal hedabideetan proiektuari esker. Urtebeteko epea izango dute bekak proposatutako honako gai hau lantzeko: Euskal Herria hedabideetan. Euskal hedabideek nola irudikatzen dute Euskal Herria? Lurraldea nola izendatzen da? Izendapen horren azpian zein da eremua? Zein dira mugak?. Gaur arratsaldean eman diete beka, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean (Gipuzkoa). Bidegainek adierazi du, saria jaso berritan, gaia aztertzen ari direla jada. Larrañagak, berriz, honako hau esan du: "Oso barruko bulkadatik sortzen den kezka bat dugu gai horrekin, eta arduraz bizi dugu".
Martin Ugalde parkeak, BERRIA fundazioak, Elkar fundazioak eta Jakin fundazioak antolatzen dute beka, bi urtean behin, Andoaingo Udalaren laguntzarekin. Bekak bi gairen gaineko ikerketa egiteko aukera ematen du: Martin Ugalde bera ikertzeko aukera, eta euskal kazetaritzaren gaineko ikerketak egiteko aukera.
Aurten, epaimahaiko kideak honako hauek izan dira: Larraitz Ariznabarreta EHUko irakaslea, Beatriz Zabalondo BERRIA Taldeko administrazio kontseiluko lehendakaria, Lorea Agirre Jakin-eko zuzendaria, Martin Anso idazle eta kazetaria eta Irene Arrarats BERRIAko Euskara zuzendaria. Aurkeztutako lanak aztertu ondoren, erabaki dute proiektu irabazleak aukera ematen duela egiten dena azalera ekartzeko. «Eta ohartarazi egiten du egunerokoan egiten denaz, gaizki egindakoa zuzentzeko eta aterabideak planteatuz». Gaia bera planteatzeko modua «interesgarritzat» jo du epaimahaiak. «Egokiak ez diren moduak ikusten badira, haiek zuzentzeko proposamenak egitea ekarpen oso baliotsua izan daiteke euskal kazetaritzarentzat». Epaimahaiak gaineratu du lana talde «kualifikatu batek» egingo duela, «lehendik ere eskarmentua duen lantaldea».
‘Lurraldea eta herria’ liburua
Eneko Bidegainek, hiru irabazleetako batek, Lurraldea eta herria. Zazpiak bat. Atzo, gaur, bihar liburua aurkeztu zuen iaz, Sarako Idazleen Biltzarrean (Lapurdi). Liburu horrekin lotutako hitzaldi bat eman du gaurko ekitaldian Bidegainek. Nabarmendu du alor askotan daudela desberdintasunak Bidasoaren alde bateko eta besteko euskal herritarrentzat: jai egunetan, komunikabideek ezartzen dituzten erreferenteetan, hezkuntzan —"desberdin erakusten dira historia eta geografia"—, burokraziak sortzen dituen oztopoetan eta ekonomian. Halaber, datuen menpekotasunaz ohartarazi du: "Komunikabide askok soilik EAEko datuak argitaratzen dituzte. Euskal Herri osoa aintzat hartzen duten datuak argitaratzen direnean, gehienetan kazetarien edo Gaindegiaren lanari zor diogu". Irakasleak baikortasunez eman dio bukaera hitzaldiari: "Zerk batuko gaitu? Ereduak kulturan eta euskalgintzan badauzkagu, eta eredu horiengan indar gehiago jarri behar dugu. Halaber, datu burujabetza behar dugu, mapa psikologikoa aldatzeko. Elkarlan bat sortzea ere behar dugu". Asimetria ala elkarlana? Galdera horren erantzunean, Bidegainek uste du bide berriak urratzeko aroa dela.