MAITE DUT MAITE... LUZAIDE. Jurgi Ekiza. Musikaria

«Ene mugak zabaldu zaizkit Luzaiden»

Luzaide Irauzketa etxeak Jurgi Ekizaren baitan leku handia hartzen du: babeslekua du. Familiarekin juntatzeko tokiaz harago, bere buruaren landen zabalerak ezagutzeko erreferentzia du.

BOB EDME.
Ainize Madariaga
2020ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Mendi mazelek harrapaturik, Luzaide Irauzketak (Nafarroa) barne unibertsoa iraultzen dio Jurgi Ekizari (Baiona, 1980). Historia eta istoriaz zutitutako etxeak besarkatzen du artistaren esentzia, mugarik gabe laguntzen diolako bera izateko bideak oro jorratzen, babesaren hegalpean, xendra berrien ehizan.

Zerk lotzen zaitu Luzaideri?

Azkarateko [Nafarroa Beherea] amatxiren ahizpa-amaren aldetik- Luzaiden hazia izan zen. Ene bigarren amatxi bat izan da. Lehengusua eta biok oporretan ttantta Claudinen etxerat gindoazen.

Irauzketarat?

Bai. Piarres Narbaitz bere anaia gaztea etxe honetan aritu zen idazten.

Ezagutu zenuen?

Bai, baina doi-doi, oroitzapen zinez urrunak ditut. Haren liburutegiak hor segitzen du, etxea ez baita mugitu kasik 50 urteotan.

Familia etxea da beraz Irauzketa.

Ttantta zaharra zendu zelarik, amari egokitu zitzaion. Tokia, orokorrean, energetikoki oso kargatua da.

Ekiza diskoko ahotsak bertan grabatu zenituen.

Krisi garaia zen niretzat, pertsonalki nola profesionalki, eta Luzaiden hilabete zenbaitzuz bizi izan nintzen. Musika uztea pentsatua nuen orduan, eta disko hau azkena zelakoan grabatu nuen, 2015ean. Dena Tolosan [Gipuzkoa], baina ahotsen grabazioarekin ez nintzen batere kontent gelditu, eta deliberatu nuen denak berriz grabatzea: Luzaiden. Egongelan gakotu nintzen material guziarekin, esperientzia zinez ederra izan zen. Etxearekin berarekin lotura berezia sortu zen.

Haur betaurrekoak ilki, eta bertze batzuk jantzi zenituen?

Bai, nonbait, etxea enea bilakatu zen. Eta ibarrarekin ere harreman berezia lortu dut: leihoa ireki eta bista horren ukaitea, han zolan Arnegi [Nafarroa Beherea] ikustea, ibarra nola zabaltzen hasten den... Luzaiderekin nuen harreman afektiboa sakondu zitzaidan.

Luzaide bakardadearen bikotekidea dea?

Baionatik oren batera baizik ez bada ere, zinez urrun da. Bakardadearena bainoago, bakartzearen bikotekidea da. Hor du junta egiten familia guziak. Hala, bake gune bat da enetzat, denarekin moztekoa.

Babestokia?

Bai: familiaren babesa ukan dut bertan; alimalekoa da, bada denondako lekua. Baina bakarrik egon naizelarik ere sentitu dut babes hori. Eraiki zuten lehen etxeetarikoa da Irauzketa, eliza eta ospitalearekin batean. Ttantta zaharra azken denboretaraino bertan bizi izan zen... Etxeak badu zer konta.

Euskarari lotzen diozu Luzaide?

Euskarari baino xukari. Ttantta zaharra zelarik, burua galtzen hasia, urtebetetze bixkotxa eraman genion uztailean, hau bota zigun: «Luzaiden aspaldian pasatua duxu uztaila!». Kar-kar.

Aurkez iezadazu Luzaideko Jurgi.

Ez dut uste anitz aldatzen naizenik han, egunero franko kanbiatzen bainaiz! Kar-kar. Hori bai, noan aldi oroz badut zerbait egiteko gogoa; proiektuekin amesten dut. Handik itzuli, eta biziak dirau: fantasia bat bezala da. Luzaiden pentsatu proiektuak beti b plan gisa gelditzen zaizkit; beharbada, horregatik, sekula ez ditut gauzatuko. Plazer ematen dit horrek.

Zure baitako guzia botatzeko egin zenuen bakarkako disko hori. Dena jaurti duzulako zara berriz taldean hasi?

Naturalki hasi gara berriz. Bakarkako sorkuntza hori aldaketa handia izan zen enetzat. Ohartu naiz hori ere banaizela: ene baitako mugak zabaldu zaizkit Luzaiden. Uste dugun baino askoz ere zabalagoak gara denok. Lortu behar da gauza desberdinak ateratzen, nahiz ez den aisa. Musika egiten dut naizena adierazteko; beraz, formatu, musika edo modu desberdinak badira horretarako, arazorik ez dut, betiere, ni izateko horren beharra dagoen ber.

Konfinatzekotan, Luzaide hautatuko zenuke?

Mugarik ez balitz, dudarik gabe, bai. Horrek eragozten didalako guraso, anaia eta arrebarengandik hurbil egotea.

Bortuz bertzaldean da, baina Nafarroan. Mugagabea da zuretzat Luzaide?

Beti maite izan ditut muga tokiak: Dantxarinea [Urdazubi, Nafarroa] , Behobia [Lapurdi-Gipuzkoa]... Oroitzen naiz ttipitan alkohola erosi eta muga pasatzeko gordetzen genuela. Bada zerbait mugak ekartzen duena: trafikoa, kontrabandoa... Zenbat istorio baden mugen inguruan, eta zenbat badiren kontatu gabeak. Giro berezia sortzen da, Euskal Herri erreala ikusten dut bertan islatua. Interesgarria zait gure herria, muga horrek nola zeharkatzen duen, eta nola kritikatzen dugun; baina, aldi berean, paradoxikoki, berataz baliatzen garen. Absurdoa da muga hori hor, urrats bakarrean estatuz aldatzen gara, baina, geografikoki, zentzurik ez du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.