Txomin Larronderi (Ziburu, Lapurdi, 1969) konfinamenduek konfiskatu badiote ere taldean egin nahi zuena, helburua bete du, baina bakarka; aspaldi dantzan zituen kantuak harilkatu baititu disko digital batean: Bordagaineko dorretik.
Bi hamarkada isilik, ilki duzun arte boza.
Txakun taldearekin bukatu eta gero, bakarkako disko bat atera nuen 1998an, Txakunen sakelaren zolan gelditzen ziren puskei elektronika nahasiz: harrapa airea. Gero, bikotekidea ezagutu nuen, eta Quebecerat joan ginen, eta handik Bordelerat [Okzitania]. Orotarat, dozena bat urtez egon naiz Euskal Herritik kanpo. Euskaratik urruntze horrek tristatzen ninduen. Plazan isilik egon banaiz ere, etxean musika pixka bat jotzen ibili naiz, eta grabatzen.
Zergatik orain disko hau?
Lagun batekin aritu ginen Itoitzen musika berriz jotzen, baina ez naiz horren biziki zalea: jadanik arrakastatsuak diren kantuen jotzeak ez baitu arriskurik; zailena baita zure sorkuntza ateratzea. Hala, ordenagailuan nuen materialarekin disko baten ateratzea erabaki nuen, baina denbora aitzina zihoan.
Konfinamenduak harrapatu zintuen arte?
Batzuek ongi baliatu bazuten ere, niretzat zaila izan zen: introspekziorako baldintza onak dira, baina kanpoarekiko harremanik gabe. Bigarren konfinamendua bai, ongi baliatu dut: erabaki bainuen diskoa ateratzea heldu zen bezala, nihaurek. Ene baitako kantuak exorzizatu ditut, bertze zerbaitetara pasatzeko. Buru kolpe batez egin dut, gehiago pentsatu gabe, espirituaren zirimolan sobera sartu gabe.
Ez dira denak zaharrak: Maskak kantua orainaren mozorroa dea?
Bai. Hamahiru kantuetarik sei berri-berriak dira; kakeria bezala atera zaizkit! Bi astez egin dut dena.
Hitzak oro zureak direa?
Udan, zalantza nuen, ez bainaiz sekula autorea izan. Itxaro Bordari galdegin nion eginen zidanez, asko maite baitut bai lagun gisa, bai ere autore gisa, eta baietz. Baina, aldi berean, nahi nuen ene baitako hori atera, autoekoizpen gisa. Hondarrean, denak dira eneak.
Frantsesez ere ari zara: Malcolm Xalbador eta Seul Homme monde. Zergatik?
Malcolm Xalbador idatzi nuelarik, Quebecetik sartu berria nintzen Bordelerat. Idatzi nuen lagun frantsesei ulertarazteko zer den euskalduntasuna; Xalbador hil den bezala gaizki sentitzen bainaiz. Euskaldunok badugu eskizofrenia hori: erdaraz ere badakigu. Ene ideia ez da frantsesera lerratzea, baina euskaldun arraberritua naizen aldetik, frantsesez aiseago idazten dut, eta banuen enbeia harekin jolasteko.
Zer estilo du diskoak?
Ez du estilorik: nahas-mahas bat da, neholako ordenarik gabea, umorearen arabera: rapa edo folka .
Diskoaren izenburua seigarren kantuarena da. Nostalgikoa dea?
Arrunt. Quebecetik itzultzean, banekien ene sorlekua aldatu zela, baina Ziburun eta Euskal Herri osoan zenbat eraiki den! Etxe horiek guziak denak metatuak! Zapalgailu hori nola geldiaraz? Oso zaila da. Ezagutu dudan Donibane Lohizune eta oraingoa bi planeta dira: burgesa zen, bai, baina baita ere herrikoia, iheslariekin.... Ez nuke ene burua ikusiko hor bizitzen, non ez den kaputxatua lehergailuak ezartzen. Erradikala izateko enbeia pizten baitute hainbeste eraikuntza eta frantses metaketak.
Digitala atera duzu.
Ohartu naiz disko bat ateratzeak sekulako inbertsioa duela: estudioan sartu, grabatu, masterizatu, atera... Baina nori saltzeko? Nehor gutik baitu erosten oraingo egunean. Damugarria da, baina hala da. Ene ustez, berriz kontsideratu behar da musika nola zabaldu. Digitalean, nihaurek dena egin nezakeen. Musika bat ezagutarazteko, bideoklipa behar duzu Youtuben.
Aterako bazenu, zer kanturi?
Arratsaldeko baladari, filmari marrazki bizidunak erantsiz.