Denbora gelditu da. 2022ko martxoaren 5a 1915eko azaroaren 21a bihurtu da. Agulhas II izotza hausteko ontziko eskifaiak duela mende batera bidaiatu du, Antartikako Weddell itsasoko ur izoztuak denbora ere izoztu balu bezala: Endurance hitzak agertu dira pantailan, itsasontzi baten txopan, ur azpiko robotak bidalitako irudietan. Ernest Shackleton kapitain eta esploratzailearen itsasontzia da. 1915ean hondoratu bezala ageri da, denborak ukitu gabea eta kalterik gabea ia. Garbi-garbi ikusten dira lema, zartatutako masta eta kroskoaren egur oholak; begirada gerturatuz gero, baita egurraren zainak ere; eta distira egiten dute, ur azpiko robotaren argitan, oholetako iltzeek. Itsas faunak kolonizatu du: anemonek, itsas izarrek, belakiek... Baina ez ontzia desitxuratzeraino. Anemona batzuk dabiltza izenaren inguruan bueltaka.
Endurance 22 espedizioak aurkitu du izen bereko itsasontzia. Hori zen helburu nagusia. 3.008 metroko sakoneran topatu dute, Weddell itsasoan. «Egurrezko ontzi hondoratu guztietan, ez dago honen parekorik», esan du Mensun Boundek, espedizioko Esplorazio zuzendariak. «Zutik dago, itsas hondoan harro, ukigabe eta izugarri ondo kontserbatuta». Egun sinbolikoa da 2022ko martxoaren 5a: Shackletonen hiletaren mendeurrena.
Espedizioa Lurmutur Hiritik (Hegoafrika) abiatu aurretik kalkulatu zuten itsasontzia urpeko zer eremutan egon zitekeen, eta eremu horretan aurkitu dute. Bi astean eremuaren %80 inguru arakatuta zeukaten Endurance aurkitu zutenean.
1915ean, hondoratu aurretik, Frank Worsley kapitainak, sestantea erabiliz, jasota utzi zuen urak zer lekutan irentsi zuen itsasontzia. Puntu horretatik zazpi kilometro inguru hegoaldera dago Endurance bergantina hondoratuta. Ez da harritzekoa: Worsleyk ontzia hondoratu baino hiru egun lehenago apuntatu zuen haren kokapena: Shackletonek eta eskifaiak alde egin behar izan zuten izotzetan harrapatuta geratu zen ontzitik, izotzaren mugimenduek ontzia zartatu baitzuten.
Endurance 22ko kideek ez zekiten Worsleyk ontziaren kokapena zehaztu zuenetik hondoratu arteko hiru egunetan hondakinak zenbat eta norantz mugitu ziren jitoan. Izotza mugitu egiten baita. Boundek eskerrak eman dizkio Worsleyri, haren neurketarik gabe oso zaila izango baitzen Endurance aurkitzea.
Filmatu eta eskaneatu
Kokapenaz gain, beste zalantza batzuk ere bazituzten ontziaren egoeraz: alde batetik, ea ontziaren arrastoak sakabanatuta egongo ziren, hondoratzearen, itsaslasterren eta denboraren eraginez; bestetik, ea ur azpiko mikroorganismoek ontziaren egurra jan eta suntsituko zuten, Weddell itsasoaren hondoan izugarrizko hotza eta oxigeno, argi eta izaki bizidun gutxi badaude ere, mikroorganismoak egon badaude eta.
Ontzia aurkitu eta gero, filmatu eta eskaneatu egin dute. Ur azpiko ibilgailua moldatu egin dute, laser bidez hiru dimentsioko eskanerra egiteko eta bereizmen handiko irudiak grabatzeko. Helburua beteta, Endurance 22 espedizioa Lurmutur Hirira bidean da, etxera bueltan.
Espedizioaren asmoa ez da izan ontziaren arrastoak lehorreratzea eta museoren batean-edo erakusgai jartzea. Ezin dute. Endurance babestuta dago: leku eta monumentu historikotzat hartuta dago, eta ezin da dagoen lekutik mugitu edo atera.
Shackletonen eta haren 27 laguneko eskifaiaren istorio epikoa osatu dute ontzia aurkituta. Shackleton irlandarrak Antartika oinez zeharkatuko zuen lehen pertsona izan nahi zuen. Espedizio bat antolatu zuen: Trans-Antartika Inperiala. Baina Weddell itsasoko izotzak haien ontzia harrapatu zuen. Urtebetetik gora egin zuten izotzetan harrapatuta: aurrena, itsasontzian bizitzen; gero, izotzaren mugimenduek eta gogortasunak Endurance puskatu zutenean, kanpaleku bat antolatu zuten izotzetan, ontzitik milia eta erdira.
Hiru salbamendu txalupa arrastaka eraman zituzten izotzetan, itsasora, uretara iritsi arte. Shackleton eta bost marinel Hego Georgia uhartera iritsi ziren arraunean, eta Elefante uhartean geratutako espediziokideak erreskatatu zituzten. Bi urte eta hilabete bat pasatu ziren Londrestik abiatu zirenetik Txilera eraman zituzten arte. Denak bizirik.
Ur azpiko ibilgailua
Shackletonek eguneroko batean jaso zituen bi urte horietan gertatutakoak eta sentitutakoak. Esplorazioaren eta lidergoaren ikur bihurtu zen Shackleton.
Mende bat geroago, ordea, abentura haren eta erresistentziaren ikurra, Endurance, aurkitu gabe zegoen oraindik. Falkland Uharteetako (Malvinak) Itsas Ondarearen Fideikomisoa ongintza erakundeak antolatu du 2022ko espedizioa.
Hegoafrikako Ingurumen Gaietarako Departamentuaren ontzi bat erabili dute: Agulhas II. Izotza hausteko ontzia, baina poloetako ikerketarako prestatua.
Eta nola iritsi dira 3.008 metroko sakonerara? Zerk atera ditu Endurance-ren irudiak? Ur azpiko Saab Sabertooth ibilgailu bat erabili dute. Ibilgailu autonomoa, kanpotik gobernatua. Kamerak laser bidezko eskanerra eta sonarra ditu. Sonarrak soinu uhinak bidaltzen ditu, eta, haiek zerbait jotakoan, bueltan etortzen zaizkio. Jasotako oihartzunaren arabera, zer jo duen jakin dezakete. Horrela nabigatzen dute izurdeek eta saguzarrek.
«Ur azpian inoiz egin den proiektu korapilatsuena izan da», Nico Vincent espedizioko ur azpiko proiektuaren arduradunaren arabera. Erronka izan da teknologiari eta ingeniaritzari dagokionez.
Aurtengoa ez da izan Endurance aurkitzeko lehen espedizioa. 2019an ere joan ziren Weddell itsasora, hura aurkitzeko asmoz, baina ez zuten lortu. Orduan Agulhas II-n ez zuten aldi berean jasotzen ur azpiko ibilgailuak bildutako informazioa, eta ez zituzten ikusten hark grabatutako irudiak. Ur azpiko ibilgailua galdu egin zuten. Aurtengo espedizioan, zuntz optikoko kable batek lotu ditu ibilgailua eta Agulhas II, eta zuzen-zuzenean ikusi ahal izan dituzte Saab Sabertoothen aurkikuntzak.
Endurance hondoratu eta mende bat geroago, Antartikaren esplorazioa erronka bat da oraindik. Baita egurrezko bergantin batean joan beharrean izotza hausteko ontzi moderno batean joanda ere.
Espedizioaren helburu nagusia Endurance aurkitzea izan da, eta helburu horrek eta aurkikuntzak berak itzalean utzi dituzte egunotan egindako beste lan zientifiko batzuk. Klima aldaketak Antartikako izotzetan duen eragina aztertu dute. Bertako izotzaren hainbat lagin hartu dituzte, eguraldia aztertu dute...
Antartikako baldintzek eragina dute mundu osoko kliman eta ingurumenean; ozeanoen tenperaturan batez ere.