Mirande Aipasorhoren gutunetan murgil igeri ari gara Patri Urkizuk prestatu edizioan (Jon Miranderen gutunak, 1948-1972, Susa, 1995). Mirandek Enbata aldizkariarekin izandako polemika du xede. Haatik, hortxe da, poetak ezker-eskuin idatzitako letretan, Igela aldizkaria ere, Txomin Peillenekin batera abiatutako «euskaldun heterodoxoen errebista» hura. Iragan mendeko 60ko hamarkadara bidaian gara...
1960, martxoak 11. Jon Mirande Txomin Peilleni, hau Aljeriako gerlan dela: «Zertan zaude Afrika horretan! Esperantza dut osasun onean zarela». Urte horren bururako, etxean da Peillen, Parisen, Miranderen gutunak irakurriz dakigunez...
Abenduak 20. «Urtatsez libre naiz, baina pentsatzen dut zure familian izanen zarela. Baina biharamuna, hots, astelehenean [urtarrilak 2] ez dut lanik egiten. Beraz, ene etxera jin ahal zintezke, arratsaldean, eta elkarrekin auhal [afaldu] gintezkezu, igaran aldian bezala; baditut disko berri eli bat zuri entzunarazteko. Izkiria iezadazu jinen zarenez, ala ez». Peillen Aljeriatik etorrita, elkar ikusten hasita daude bi lagunak, garai batean —hots, Andima Ibinagabeitia Parisen zenean—, ohi zuten bezala.
1961
1961, urtarrila. Hau eta hura ari zaio Mirande Peilleni eta, despeditu duenean ere, oharra: «Nik ere Embata-ren numero bat ukan dut, eta abonatuko nauzu». Ximun Haran, Jacques Abeberri, Jean-Louis Davant, Michel Labegerie, Piarres Larzabal eta beste izan ziren aldizkari haren sortzaileak. 1960ko irailean argitaratu zuten lehenbiziko alea, eta ondoko urteko lehen hilekoa dugu Miranderen aipatze hori.
1961, otsaila. Eta zerbait idatzi du Peillenek, igorri dio Miranderi iritzi edo ohar eske, eta honen erantzuna: «Zure artikuluaren proiektua gibel igortzen dizut, garbitan ezar dezazun. Ene ustez, oso ongi da gure kazeta [bretoi] horretarako (beldur nintzen luzexka zatekeela, baina arrastiri honetan Josseaume mintzatu baitut telefonoz, erran dit noizik behin artikulu luzeagoak publikatzea ongi zela) (...) Halaz ere, bizpahirur puntu badira nire ustez aldatuxe beharrak, baina nahi duzun bezala eginen duzu, erran gabea».
Eta erran delako Josseaume nor dugun ez baikenekien, sarean arrantzatu dugu, eta Miranderen beste adiskide lagun eta arrain handiaren izenaren ondoan bildu dugu sarera: Pinaultekin, alegia. Goulven Pennaod, frantses izenez.
«Beste herrietakoak oraindik hertsiago ageri zaizkigu izpirituz egiazko naziak baino».
JON MIRANDEIdazlea
Georges Pinault (Saint-Malo, 1928–Paris, 2000), bretoi abertzale suharra, Frantziako justiziarekin hamaika gorabehera izandakoa, Miranderen lagun beti-betikoa, gure poetaren hiletan katabutaren aurrean jarri eta nazien saludoa egin zuenetakoa, gure egunetaraino iraun duen eskandalo desonesta ereinez.
«Zure azken paragrafoa gogorregi iruditu zait Hitlerren kontra, etsai gehiegi baititu gaixo führer horrek, bai eta faxisten artean ere».
JON MIRANDE Idazlea
Eta Josseaume. Michel —Mikael, bretoi izenez—, Josseaume. Haren biografia isilgordea gorabehera, bistakoa da Pinaulten uztarri berekoa dela, L’Avenir de la Bretagne aldizkaria gainbegiraturik dakigunez. 1963ko martxoaren 16ko alean irakurri dugunez, Bretainia Antolatzeko Mugimenduak higikundetik kanpo ezarri zituen biak, hala Pinault nola Josseaume, «indiziplina larriagatik eta Mugimenduaren printzipioen kontrako egitateengatik».
...eta Dayras
Ari ginenez, Mirandek gibel igorri dio Peilleni artikulu proiektua, testuan «aldatuxe beharrak» diren puntuak azpimarraturik. Eta ekin dio:
«Parmi les nationaux-socialistes ou les nietzschéens...‘Nationaux-socialistes’ jartzen baduzu, Alemaniako antidemokratak baizik ez dituzu adierazten; baina beste herrietakoak —Frantziakoak, Italiakoak, Espainiakoak ez aipatzekotz...—, oraindik hertsiago ageri zaizkigu izpirituz egiazko naziak baino; nietzschetarrak, aldiz, ez dira alderdi politiko bat, tendentzia jakin bateko pentsatzaileak baizik, hots, filosofiazaleak, Antzearen [Arte] inguruko eztabaida horretan hainbat parte hartzen ez dutenak. Nik ezar niro, beraz: parmi les fascites...
»à la suite de Dayras qui est un représentant... Hemen ohar bezala indika behar zenuke Dayras-en artikulua zekarren kazeta ihekiaren numeroa. Utz ezazu hutsune bat, eta Josseaumek beteko du.
(...)
«3. eta 4. orrialdeak interesanteenak dira, ederki erakusten baituzu zer den europar eta semita izpirituen arteko diferentzia. Halaz ere, zure azken paragrafoa gogorregi iruditu zait Hitlerren kontra, etsai gehiegi baititu gaixo führer horrek, bai eta faxisten artean ere. Ez zait irudi zuzen denik hari kontra baizik ez aritzea, eta horregatik haren izena kendu dut, eta zure testua jeneralago bihurtu dut. Baina, jakina, nahi duzun bezala egizu.
«Krutwigi erran nion aldizkari egin gai genuela. Ihardespenean erraiten dit osoki gertu dela gurekin eta Txillardegirekin lankidetzera».
JON MIRANDEIdazlea
»Otoi, ahal bezain laster garbitan ipin ezazu zure artikulu hori, eta berehala eni igor, Josseaume haiduru baita, erpai. Bera ere —nahiz ez den antzezale handia, ene ustez—, pintura eta musika berrien alde da.
»Erran diot [Josseaumeri] georgiar apairu horretan parte hartu dugula. Damu zuen zu ez ikusirik. Baina, ene aburuz, igande batez haren ikustera joan gintezke Savignyra [Savigny-sur-Orge], eta gurekin batean Dayras jin liteke: horrela honen ezagutza ere egin zeniro. Zer deritzazu?
»Josseaumek erran dit ere [Paul] Gache ezagutzen duela, eta astapito bat dela, Union Latine-ko [1954an sortu elkartea, kultura eta hizkuntza aniztasuna xede] zuzendari bat omen da. Ez genuen bertze mentsik...».
Horra lerro artean ageri Jon Miranderen lagun gehiago ere. Dayras, alegia...
Georges Dayras (Limoges, 1894–Paris, 1968), politikaria, Frantziako Gobernuaren barruan hainbat kargu betetakoa, alemanen okupazio garaian, oroz gain. Justizia Ministerioko idazkari nagusi 1940ko uztailetik 1944ko urtarrilaren 25ean kargugabetu zuten arte, baina postua bereganatua berriz 1944ko martxoaren 2an... 1944ko abuztuaren 20ra arte baizik ez. Alemanen aldeko frantses gobernuen mende jarduna, beraz. Liberazioa heldu eta gero, 1946ko martxoaren 15ean Frantziako Justizia Auzitegiak heriotzara kondenatu zuen Dayras. Haatik, bizi osorako lan behartuetara aldatu zioten zigorra, eta baldintzapean libre zen handik bost urtera.
Pinault, Josseaume, Dayras... Miranderen zenbait adiskide lagun, gure bidera etorriak. Poetak Enbata-rekin izandako liskar saminera heltzen galarazten digute behin eta berriz...
‘Enbata’
1961, otsailak 16. Mirande, Txomin Peilleni ari. «Ahal baduzu [Ximun] Harani igorri zenion eskutitzaren kopia ekar iezadazu, gibel emanen dizut geroxeago».
1961, martxoak 7. «Josseaumek telefonoz erran dit inpresione oso ona egin diozula. Uste zuen zuhaur ere sosik gabe bizi zinela Parisen, eta horregatik ez da ausartu L’Europe Réelle-ri abonatzea zuri galdetzera. Datorren aldian, haatik, ez dukezu beharbada hainbat xantzarik...
«Bertze gauza bat: datorren ortziralean, hots, 10.ean, faxista zenbaitek elkarrekin bazkariteko gogoa dugu Opera kartieleko ostatu merke batean, Josseaume, ni eta ingles gazte bat; beharbada Cavallier [?] ere. Josseaumek pentsatu du zu jin bazintez egoki baino egokiago litzatekeela. Beraz, nahi duzun bezala... Jiten bazara, ministeriorat etor zaitez, porte D., eguerdiko justu-justuki. Pinaulti ere izkiriatzen diot jin dadin, nahiz ez den areago faxista, ikusi nahi zintuela erran baitit».
Parentesia, nahitaez. L’Europe Réelle Europako Ordena Berriaren aldizkaria izan zen. 1957an sortu zuten, Le Peuple Réel izenez, eta L’Europe Réelle zen handik urtebetera. 1971 arte argitaratu zuten errebista neofaxista. Belgikan publikatzen bazen ere, irakurle andana zituen Frantzian eta Suitzan. Europako Ordena Berriaz den bezainbatean, eta Adolf Hitlerrek 1941ean publikoki aldarrikatu zuenez, Alemania naziak menpeko zituen lurraldeetan ezarri asmo zuen ordena politikoa zatekeen.
1961, martxoak 18. Mirandek gutuna Jon Etxaideri. Eta hau eta hura, eta Enbata-z: «Frantziako abertzaleen Embata aldizkarirako ere idatzi dut, erderaz. Zulaikaren idazlana irakurri nuen [Enbata-n], Peillenek emanik».
«Krutwigen eskutitza igortzen dizut ikus dezazun gure'Katastrophe' edo 'Igela'-ksortu gabe ere arrakasta baduela».
JON MIRANDEIdazlea
1961, ekainaren lehena. Peilleni ari: «Enbata ukan dut, ba eta Haranen eskutitz labur bat ere. [Gilles] Perraultek [Paris, 1931–Sainte-Marie-du-Mont, 2023] artikulu bat egin du Enbata-rako, eta Harani gustatu omen zaio. Nirea ez da agertu. Zuk idatzi al duzu zerbait? Eta bertze aldizkarietarako?».
Uztailak 23. Peilleni, beti: «Enbata-koek papertxo bat bidali didate (honekin batean igortzen dizut, baina otoi gibel emanen didazu gero), Radio-Côte Basque izeneko emisore berri bat antolatu duela RTF-ak [Frantziako Irrati Telebista] jakinarazten baitu; eta delako emisoreak euskarazko programak izanen omen dituela haste (...)
»Barka ez badizut Katastrophe-rako ezer bidaltzen: beldur naiz ez nauzula sinetsiren, baina ofizinako lanak gaina harturik nago, buruzagia bakantzaz baita; eta nihauren bakantzen problemak ere artegaturik atxiki nau, lagun on bat dela kausa. Horregatik ez nago mementoan buru-lanetan aritzeko fleitean. Bi poema ere hasi nituen, bata amodiozkoa, bertzea metafisikoa, eta ezin urrendu! Baina ez dut gure asmo guren hori ahanzten, jainkoek begira! Krutwigi erran nion aldizkari egin gai genuela, bertze zehaztarzunik gabe. Ihardespenean erraiten dit osoki gertu dela gurekin eta Txillardegirekin lankidetzera. Biarritzetik iragaiten bazara [Krutwigen bizitokia, garaian], aipa iezaiozu Katastrophea. (...)
Irailak 29. Mirandek Peilleni: «Honekin batean Krutwigen eskutitza igortzen dizut (irakurri ondoan gibel bidal iezadazu, otoi) ikus dezazun gure (edo hobeki erraiteko, zure —nik orain artean lan guti egin baitut, baina lanarteak hartu eta gero, hasiren naiz egiten—, Katastrophe edo Igela-k sortu gabe ere arrakasta baduela».
1961, hazilak 13... «Krutwigen gutun bat ukan berri dut (...). Katastrophe-z edo Igela-z mintzo duzu, ez omen dizu Harakiri-ren lumerorik ediren ahal izan». Hortxe asmoa, beraz...
Hara-Kiri, hilabetekari satirikoa «kazeta ergel eta gaiztoa», izenaren azpian zioenez. 1960an argitaratzen hasia, Eliza, estatua eta gizartea kritikatzen zituen. Sortu eta urtebetera aldi bateko debekua jaso zuen. 1969an Hara-Kiri Hebdo astekaria publikatu zen, oraingo Charlie Hebdo-ren aurrekaria.
Eta hitzari hitz eta letrari letra, bide-bazterrean gelditu zaigu Enbata, Igela (Katastrophe izan zitekeena, Harakiri-ren kide) bezainbat, Miranderen adiskide lagunen harrietan behaztopa eginik.