Ipar haizea, euria eta olatuak bidaide dituzten marinelek bezala, ekaitzari begietara begiratu behar izan dio Lain taldeak. Enbatak gogor jo zuen Villabonako seikotea udaberri garaian, baina, beren uste sendoei so eginez, lurretik altxatzen eta ezbeharrei aurre egiten jakin dute. Itsasoa ez dago bare oraindik, musika industrian jarduten duten gehienek bezala, barru-barrutik ari direlako sufritzen krisiaren eragina.
Garai zail baten ondorenean dago Lain. Maiatz hasieran lapurreta izan zuten lokalean, eta bertan zituzten musika tresnak, soinu ekipoa eta elastikoak ostu zizkieten. Taldearen ibilbide laburrean ahalegin handiz eskuratutakoa bat-batean desagertu zen; guztira, 10.000 euro baino gehiagoren galerak izan zituzten. Egoera kritiko horretan, baina, jende ugarik elkartasuna adierazi zion seikoteari, eta senideak, lagunak, industriako kideak eta zaleak ezinbesteko sostengu bilakatu ziren.
Lapurretak eragindako arazoei aurre egiteko asmoz, ekainean elkartasunezko kontzertu sorta antolatu zuten Villabonan (Gipuzkoa), eta, besteak beste, Ze Esatek, Lauroba, Hesian eta Gugaz taldeen babesa izan zuten. «Izugarria izan zen», adierazi du Kristina Aranzabe taldekideak; «lehen unetik jendetza hurbildu zitzaigun laguntza eskaintzera, eta kontzertu hura bereziki hunkigarria izan zen guretzat». Hala, zuzeneko horiek abiapuntu, kontzertuak eman ahal izateko tresneria erosten hasi ziren. «Argi izan genuen hasiera-hasieratik», dio seikoteak: «Ezbehar horrek ez gintuen geratuko».
Filosofia horri eutsi, eta, denbora gutxi igaro ostean, emanaldiak eskaintzen hasi ziren berriro ere. Dena den, egungo beste hainbestek bezala, krisi ekonomikoak sortutako testuinguru latzaren eraginekin topo egin du Lainek. «Iaz, buru-belarri aritu ginen urte amaiera arte, baina orain erabat aldatu da egoera, eta ez ditugu nahi beste zuzeneko», deitoratu du Aranzabek. Uztailean, hainbat tokitan aritu dira jotzen, baina ez iaz bezainbeste. «Oro har, kontzertu gutxiago daude, eta udalek eta bestelako eragileek lan asko egin behar dute taldeak herrietara eramateko».
Duela hamabost egun, Bidarrain (Nafarroa Beherea) egon zen Lain, herriko festetan, eta aurreko astean Villabonan jo zuten. Horrez gain, Amaral taldea Zarautzen ematekoa den kontzertuan gonbidatuak izateko lehiaketa batean, azken fasera iritsi ziren abuztuan, baina azkenean Moby Dick edo El Extraño taldeak izango dute abagune hori. Azken orduko aldaketarik ezean, epe laburrera dituzten asmoak ziren horiek.
Inprobisazioa
Duela hiru urte irabazi zuen Lainek Gazteak antolatutako maketa lehiaketa. Ezusteko handia izan zen haientzat, soilik Leire Berasaluze kideak baitzekien taldea lehiatzen ari zela. Orduz geroztik, euren musika garatu dute urratsez urrats, eta, bi diskoren ostean, Aranzabek berak aitortu du zuzenekoak erabat aldatu direla. «Bigarren gitarra sartu genuenean aldaketa handia nabaritu genuen; orain, kontzertuak indartsuagoak dira, eta giroan dugun energia areagotu egin da».
Lainen zaleek bat egin dute ikuspegi horrekin, kalean maiz entzun ohi baita Ez nazazu iratzar eta Muxukatu nazazu abestiaren egileek energia berezia sortzen dutela oholtza gainean. Lainek dio energia hori ikusleen erantzunak eragiten duela, eta esker onez hitz egin die kontzertuetara joaten diren zaleei: «Musikak duen alderik onena da jendearen erantzuna, eta zaila da adieraztea jendeak gure kantuak abesteak nolako bizipoza eragiten digun».
Baina une horretara iristeak aldez aurreko lan luzea eskatzen dio taldeari. Entsegu lokaletik goiz abiatzen dira kontzertu egunetan, oholtza muntatzeak eta soinu frogak egiteak denbora asko eskatzen duelako. Horrez gain, zuzenekoaren nondik norakoen inguruan hausnartzen dute: «Oreka bilatzen dugu, eta aurreko kontzertuetako ikusleen erantzuna aintzat hartzen dugu». Dena den, Aranzabek dio taldeak ez dituela bereziki molde finko batzuk jarraitzen, eta «oinarrizkoena» ezarrita badauka ere inprobisazioarekin jolastea gustuko duela.
Behin kontzertua amaituta, bertan geratu ohi dira, giroaz gozatzeko eta beste kontzertuak ikusteko. «Parrandazaleak gara, eta ez bagaude urruti, zerbait hartzera irteten gara», esan du Aranzabek. Hori bai, zuzenekoak eskaintzeko garaian, nahiago ditu eremu itxiak, «intimoagoak» direlako eta gertutasunak «askoz sakonago biziarazten duelako musika».
Udako musika taldeak (eta VI)
Enbata menderatzen
Maiatzean izandako lapurretaren ostean, errepidera irteteko moduan dago Lain taldea. Krisiak sektorea gogor astindu badu ere, taldekideek ez dute etsitzeko inongo asmorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu