«Merke-merke, dibertsioa bermatuta», ozen oihukatzen dute feriako langileek. Egin ahalak eta bi egiten ari dira umeak beraien atrakzioak aukeratzeko. Edo, hobe erranda, gurasoak, amore eman, eta seme-alaben erreguei men egiteko. Ilusioa, izua, poza... Runako parkean barrakak ez zaizkie faltako emozioen bila dabiltzan barrakazaleei.
Erlojuak 12:05 markatzen du. Bortz minutu bertzerik ez dira barrakek ateak zabaldu dituztenetik, eta dagoeneko hasi dira ilaratxoak sortzen. Sarrerako beldurrezko etxeak dauka ilararik luzeena, benetan beldurra ematen duen seinale. Segituan hasi dira lehenbiziko ausartak etxetik ateratzen, eta haien aurpegietan suma daiteke izua. «Primerakoa da, baina sekulako beldurra ematen du», aitortu dio 6 urteko Pablok aitari. Haien gibeletik gazte talde bat atera da. Horietako batek harro erran du ez duela batere beldurrik pasatu, eskuak dardarka dituela artean.
Helduek, berriz, txurroen usain nahasezinak erakarrita, nahiago dute dirua postuetan xahutu. Zortea erakarri nahian, Ainara Rubiok Antojitos tonbolan jokatu du: «66 urte ditut, eta jada ez nago errusiar mendian ibiltzeko. Tonbolara etortzen naiz zuzenean; gaur, piperrak tokatu zaizkit».
Errusiar mendia, autotxokeak, noria..., denetik eta denentzako moduko barrakaz beterik dago parkea. Horien artean bat nabarmentzen da: Booster, 40 metroko tramankulua, ausartenentzako bakarrik egina. Barrakaren beso bakoitzean lau pertsona dabiltza goiti eta beiti. Baten batek indarrak hartu eta begiak irekitzea lortzen badu, Iruñea bere oinetan edukiko du, eta hiriaren bista pribilegiatuak.
Sentsazio gazi-gozoa sumatzen da langileen artean, ordea. «Espainiak asteartean jokatu zuen finalaurrekoa, eta egun hori izan zen okerrena», azaldu du Maria Carrion Tecno Dance atrakzioko langileak. Aldiz, partidaren bezperan saldu zuten txartel gehien. Aurtengo sanferminen balantzeaz galdetuta, goibel agertu da Carrion: «25 urte ditut, eta urtero etorri gara Iruñerat; aurtengoa nahiko pattala izan dela erranen nuke». Bat dator ere Laura Garcela, beldurrezko etxean sartzeko leihatilan dagoen langilea: «Lehengo urtea hobeagoa izan zen, dudarik gabe».
Prezioa oztopo
Haurrengatik balitz, atrakzio guztietan muntatuko lirateke seguruenik. Baina urtez urte prezioak igotzen doaz, eta hori oztopo bihurtu da familia anitzentzat. «Prezioak garesti daude; umeei esaten diegu aukeratu egin behar dela: bizpahiru soilik», erran du Garazi Rota iruindarrak. Marta Iholdik dio bera ez dela ibiltzen dirua aurreztearren: «Alaba bakarrik muntatzen da, eta horrela gehiagotara igotzeko aukera dauka».
«Ibil naiteke gaur?», galdetu dio Aimar 7 urteko mutikoak hamaikagarren aldiz amari. Hark, ordea, ezetz erran dio; bihar muntatuko direla. Izan ere, prezioak erdirat jaitsiko dituzte, urteroko moduan. «Begiratzera bakarrik etorri gara; bihar edukiko duzu aukera, erdi prezioan egonen da eta», azaldu dio amak. Badirudi ulertu duela, ez baita berriz saiatu ama konbentzitzen. Amari eskua eman eta goiti begiratzen segitu du, bihar ibiliko den atrakzioen zerrenda imajinatzen.