Angiru psikomotrizitate zentroaren sortzaileak

Nerea Ordoki eta Intza Elizalde: «Emozioak lantzea ez da guztiz erraza: pixkanaka eta mailaka egin behar da»

Haurren emozioak lantzeko modu bat osatu dute Angiru zentroan, jolasean eta sormenean oinarriturik. Gorputza erabiliz adierazten dutena aintzat hartuta jasotzen dute haurren berri.

Nerea Ordoki eta Intza Elizalde irakasleak, joan den astean, Donezteben. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Nerea Ordoki eta Intza Elizalde irakasleak, joan den astean, Donezteben. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Iratxe Muxika
Doneztebe
2025eko martxoaren 12a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Haurrek eskuz egin dituzten eskulturatxoen arrasto ondoan eseri dira Nerea Ordoki Etxepeteleku (Lesaka, Nafarroa, 2001) eta Intza Elizalde Aiestaran (Ituren, Nafarroa, 1984), Angiru psikomotrizitate zentro ireki berrian. Azaroan hasi ziren haurrekin lanean, eta harrera bero-beroa egin diete inguruan; sei talde dituzte. 

Anga (arima) + Iru (bidelagun). Arimaren bidelagun? 

INTZA ELIZALDE: Haurren emozioak eta euren gorputzarekin duten harremana jolasaren bidez lantzeko modu bat da Angiru. Jolasaren eta gorputzaren bidezkoa. 

NEREA ORDOKI: Haurren emozioekin hasi ginen, baina orain gurasoekin ere ari gara. Lekua bera da, baina jolasaren bidez egin beharrean hitzaren bidez aritzen gara eurekin. 

Leku horren falta sumatzen zenuten.  

ELIZALDE: Ni ama izan nintzenean, oso bakarrik sentitu nintzen, eta konturatu nintzen teorian nekizkien gauza horiek guztiek praktikan ez zidatela balio. Irakasle zarenean, zuk uste duzu gauza asko dakizkizula, baina, gero, haur bat daukazunean zurekin, gauzak asko aldatzen dira. Nahi nuenaren eta egiten nuenaren artean inkoherentzia handiak zeuden. Hori dena partekatzeko beharra sentitu nuen, baina ez nuen horretarako lekurik aurkitu. Psikomotrizitatea aurkitu nuenean zera pentsatu nuen: «Honek ikaragarri lagundu dezake, eta nik topatu ez nuen babes hori bertze norbaiti eman diezaioket». Nerea ezagutzen nuen lehendik, baina pixka bat hobeki ezagutu nuen, eta argi ikusi nuen berekin sortu nahi nuela proiektua. 

ORDOKI: Nik bi aldiz pentsatu gabe eman nion baiezkoa, pozik. Intzaren ideiatik abiatu ginen, eta hasi ginen, pixkanaka, buruan genuenari forma erreala ematen. Behar batetik hasi zen dena. 

Ezohikoa irudituko zitzaion zenbaiti. 

ORDOKI: Aurreikusi baino harago joan da dena, uste baino anitzez ere hobeki. Gure proiekzioan, talde bakarra irudikatu genuen; pentsatzen genuen talde bat aterako balitz seinale hagitz ona izanen zela, eta guretzat aski izanen zela. Gure usteen kontrara, ireki genuenean jendea guregana hurbiltzen hasi zen, sekulako harrera egin ziguten, eta berehala sumatu genuen berotasuna. «Ai ama, eta orain?», pentsatu genuen. Kontent baina beldurrez, gai izanen ote ginen ere ongi ez jakinda. Harrera beroa egin digute, eta guk ere uste dut jakin dugula nola erantzun. 

ELIZALDE: Uste dut haurrekin lan egiten nahiko ongi moldatzen garela. Talde txikiak dira, baina bi irakasle gara. Alegia, arreta handia ematen diogu haur bakoitzari. Haur bakoitzak nola jokatzen duen aztertzen dugu gure artean, eta saiatzen gara kontziente izaten nola ari den garatzen jokabide horietako bakoitza. Saio bakoitzaren bukaeran hori dena apuntatu egiten dugu; hausnartu, eta hurrengo saiorako ariketa egokituak eta espresuki aukeratuak ekartzen ditugu. Bidea ikaragarria izaten ari da, pila bat ikasten ari gara haurrekin. Ederra da garapena ikustea, eta ariketa bakoitzak haur bakoitzarengan nola eragiten duen ikustea. Hori baino askoz ere zailagoa da guretzat antolakuntza alderdia-edo; paperak, sare sozialak, eta jendeari azaltzea hain ezohikoa den leku honetan zer egiten dugun. Uste dut hona etorri eta bertan zer egiten dugun ikusiz gero jendeari gustatu egiten zaiola, baina kanpotik begiratzen duenari zaila da azaltzea.

Nolakoa da zuen ohiko saio bat? 

ORDOKI: Aitzineko saioan material anitz baldin bazen, oraingoan gutxiago jarriko dugu. Lehengo jolasak modu batera bukatu baldin bazuen, bertze modu batera planteatuko dugu, eta ikusiko dugu bakoitzak zer interpretazio egiten duen. Saioa prest dugunean, haurrak etortzen dira, eta borobil batean esertzen gara denok. Hori egiten dugu, batik bat, kanpotik dakarten azelerazio hori jaisteko eta baretzeko.

ELIZALDE: Astean behin bakarrik etortzen dira, eta guretzat garrantzitsua da gurekin konfiantza izatea, baina baita talde sentimendua egitea ere. Hasierako elkarrizketa hori sarea eraikitzeko aitzakia bat da, haurrek ikus dezaten espazio segurua dela hau, eta hemen burutik pasatzen zaizkien gauzek leku propioa dutela. Emozioak adierazten dituzte, eta gero jolasera egiten dute salto. 

ORDOKI: Jolas librean uzten ditugu ondotik. Batzuetan, esku hartu behar izaten dugu, eta, bertze batzuetan, behatzaile izatea egokitzen zaigu, eta momentuaren eta haurraren arabera egiten dugu. Hurrengo pausoa irudi plastikoarena da; izan daiteke marrazkia egitea, edo plastilina erabiltzea, edo eraikuntza material txikiekin zerbait sortzea. Irudi plastikoarekin, gelan egindakoa kontatzen dute, eta hor ikusten dugu bakoitza nola sentitu den; zantzu multzo bat da hori. 

Zantzua? 

ELIZALDE: Saio bakoitzaren ondotik, bakarrik gelditzen garenean, haur bakoitzari buruz fitxa moduko bat idazten dugu, zer egin duen eta nola aritu den biltzeko. Saio horretan egin duenaren arabera, hurrengo saioan egoera batzuk probokatu egiten ditugu. Jokoan gorputzaren bidez aritzen dira, baina bukaerako marrazki horretan emozio asko ateratzen dira. 

ORDOKI: Batzuetan, gainera, ematen du hamar haurrentzat bi irakasle izatea anitz dela, baina despistatu ere egiten gara tarteka. Eta batzuetan sentsazio gazi-gozoa geratzen zaigu haurren batekin, ez dakigulako ongi zertan aritu den. Horretan ere, marrazkiek ematen digute behar dugun informazioa. 

Eta jolasaren ondotik? 

ELIZALDE: Ipuin batekin bukatzen dugu: alor mentalean hasi, gorputzera joan eta mentalera itzuli. Ipuinak emozioen ingurukoak izaten dira normalean; haur anitz beldurrarekin ari dira bueltaka, adibidez. Jakin behar da ipuin bakoitza nola kontatu, eta emozioak lantzea ere ez da guztiz erraz; pixkanaka eta mailaka egin behar da. 

Zerk agintzen du, adinak edo izaerak? 

ELIZALDE: Adinak eragiten du, bai, baina taldearen energiaren araberakoak dira saioak. Adin bera edukita ere bi talde guztiz desberdin eduki ditzakegu, eta, hortaz, haurrak eskatzen digunaren arabera jokatzen dugu. Gutxi gorabehera jakiten dugu nondik joko duen, garapena ikusten dugulako, baina adar berriak atera daitezke beti. Haurrak ulertuak sentitzen badira, pilo bat irekitzen dira. Duela gutxi emozionatuta joan nintzen etxera haur bat saltoka aritua zelako, zeren haur horrentzat saltoka aritzea alimaleko aurrerapausoa zen. 

Gerizin: gurasoen aterpea. Kontu gehiago behar da hor. 

ORDOKI: Eurekin elkartzea erabaki genuenean ez genuen pentsatu pauta batzuk eman behar genituenik, alegia, guk ezin diegu erran zer egin behar duten eta zer ez. Ez dugu sekretu magikorik. Baina akonpainamendua eman nahi diegu, aditu nahi ditugu eta zama arintzen lagundu nahi diegu. Kanpo begiradek beti laguntzen dute; perspektibak mesede egiten du, eta guk saioetan ikusten dugunak lagun dezake ulertzen zergatik dituzten jokabide jakin batzuk.

LOTSABAKO

Haurrekin egiteko jolas bat?
BIEK: Altzo jolasak.

 

Lantzeko sentimendu bat?
BIEK: Norbere buruarekiko maitasuna.

Urtaro bat?
BIEK:Udaberria.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.