Lepo beterik zegoen auditoriuma. Zenbait ikastetxetako ikasleen marmarrak hartua zuen aretoa zuloguneko musikariak tresnak afinatzen hasterako. Pasabideetan hegazkin zerbitzariak geldi-geldi, alderik alde. Bat-batean, ahots bat, bozgorailuetatik deika: pilotua zen, TE-4000 hegaldira ongietorria ematen. Segurtasun jarraibideak zehaztu zituen: «Autismoa ez da gaixotasun bat, ez du sendabiderik». Bitartean, hegazkineko zerbitzariak keinuka. «Jendearekin harremanak egitea gustuko dute». Ordurako, aretoa isilik zegoen. «Autismoa dutenak ez dira beren munduan bizi; mundu bakarra dago, eta horren parte dira». Bidaia hastear zen.
Atzo estreinatu zuten TE-4000 hegaldian musikala Iruñeko Jaso Ikastolak eta Nafarroako Gazte Orkestrak. Bi saio egin zituzten Barañaingo auditoriumean (Nafarroa): bata ikasleentzat, goizean; bestea gainerakoentzat, arratsaldean. Antzerkiaren, akrobazien, dantzaren eta askotariko musika estiloen bidez, ikuslea bidaia zirraragarri batean murgildu zuten. Helmuga: autismoari buruz gehiago jakitea. Tripulazioa fin aritu zen, eta hegaldi musikalak emozioetan lur hartu zuen.
Errutinari buruzkoa izan zen lehenbiziko saioa, eta taula gainean ia 40 lagun aritu ziren kantuan. Ikusleek berehalaxe ezagutu zituzten protagonistak: Enara eta Amets. Autismoa zuten biek. Erika psikologoarekin azken saioa zuten, biharamunean hegaldi bat hartu eta Latinoamerikara bidaiatuko baitzuten. Kantuan azaldu zituzten beren beldurrak: «Ez dakit nola lasaitu. Ez dakit nola bidaiatu oso urduri jarri gabe», Ametsek. «Jendetzak eta egoera arrotzek sortzen didate estresa neurririk gabe», Enarak.
Sentimenduak, azalera
Beldurrak gainditzeko bidaia zuten, eta sentimenduez aritu ziren obran: protagonistek egoera batzuen harira zituzten kezka eta urduritasunez, gurasoen beldurrez eta ahizpa batek bazterrean egoteko zuen sentipenaz Itzalean beti ni abestu zuenean. Pertsonaiak kezkatuta eta urduri zeudenean, haien itxura zuten panpinak agertzen ziren. Inside Out filmean emozioak adierazten dituzten pertsonaiak zekartzaten gogora, panpina bakoitzaren aurpegia kolore batekoa baitzen: gorria, horia, berdea, urdina, morea eta magenta.
Ikuskizuneko tarterik zirraragarrienetako bat emozioei lotuta zegoen. Erikak aurkeztu zuen akrobazia eta gimnastika saioa: «Haien sentimenduak azaleratzeko ordua iritsi da». Sei gazte agertu ziren oholtzan, eta, argiaren kolorea aldatzearekin batera, protagonistek obran bizi izandako emozioak irudikatu zituzten, pilota handiak, dantza koreografiak eta txilinbueltak eginez.
Dantza eta kantu alai artean, izan ziren une latzak ere: protagonistek krisiak bizi izan zituzten, eta panpinak, musika eta argiak baliatu zituzten ikusleari ezinegona helarazteko. Askotariko pertsonaiak ezagutu zituzten Buenos Airesen, eta rap, saltsa eta txa-txa-txa doinuak nagusitu ziren. Bidaian zehar, multikulturalismoari eta sexu askapenari ere keinu egin zioten.
Ez da esaten autista izan zen saiorik garrantzitsuenetako bat: hatz erakuslearekin ezetz eginez, obraren mezu nagusietako baterrepikatu zuten: autistak ez, autismoa duten pertsonak direla. Ikusleek ere ezetz egiten zuten hatzarekin. Koroak autismoa ezaugarri bat da kantatu, eta protagonistek erantzun zuten: Arraroa naizela diote/ baina hori ez da egia./ Arraro begiratzen naute/ eta hori ez da atsegina.
Eszenografia sinple baina eraginkorra erabili zuten ia bi orduz iraun zuen ikuskizunean. Bi solairu zituen, eta eskaileratxoen bidez igo eta jaits zitezkeen aktoreak. Gainean marra soilez osatutako marrazkiek irudikatzen zituzten lekuak: aireportua, hegazkina, hiriak eta euskal etxea. Koreografia koloretsuak baliatu zituzten, oholtza ongi beteta. Auzoko inauteria saioan, esaterako, banderak eta zapiak astinduz.
Negar malkotan eta besarkada estuak emanez bukatu zuten emanaldia, txalo zaparrada jasota. Haien artean ziren Emma Navarro eta Leire Aramendia. «Hasieran, oso urduri nintzen, baina, denak batera hasi garenean, oso ongi», esan zuen lehenak. «Egindako ahalegin guztia azaleratu da oholtzan, eta jendearenilusioa ikusi dugu. Oso pozik gaude», bigarrenak. «Konfiantza eman dit, eta beste ikasturteetako ikasleekin harremanak sendotu ditugu». Imanol Janices zuten ondoan; «oso-oso harro» zegoen. Jasoko irakaslea da, musikaleko zuzendarietako bat. Ikuskizunari bakarrik ez, prozesu osoari eman zion garrantzia: «Gaurkoa itzela izan da, baina urte osoko lana eta talde giroa zoragarriak izan dira». Urriaren 11n, Iruñeko Baluarten ikusgai izanen da.
ATZEKOZ AURRERA
Emozioak airean hegan
Iruñeko Jaso ikastolak eta Nafarroako Gazte Orkestrak musikal bat aurkeztu dute, autismoa hizpide hartuta. Ia bi ordu iraun du ikuskizunak, eta askotariko musika estiloak baliatu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu