Osasun psikologikoak osasun fisikoarekin lotura zuela sumatzen zuten medikuek aspaldian. Baina azken urteotan susmo horri zientziaren oinarria eman diote. Osasuna bakarra da, psikologiko-fisikoa. Elkarri eragiten diete arlo biek; emozioek, baikorrak edo ezkorrak, bere isla dute gorputzean, eta ezkorrek oso isla etsigarria sor dezakete, dramatikoa ere bai: minbizia, bihotzeko gaixotasunak eta abar. Horregatik, medikuntzan aritzen diren profesionalek gero eta argiago dute gaixoak zaintzean, zainketak arlo psikikoa ere bete behar dutela. Ikerkuntzak eman dio bermea ildo horri.
Javier Yanguas (Donostia, 1973) Ingemako zuzendaria (Matias Gerontologia Institutua) «emozioak zaindu» egin behar direla esaten ari da aspaldian. Adindutako pertsonen inguruan eskarmentu handikoa da Yanguas. Banakoaren izaera gehiago eta hobeto bizitzeko «aldagai garrantzitsua» dela dio. Urlia edo sandia «penaz hil» direla esan izan da betidanik. Esaldiak badu atzean oinarri bat. Sumatzen zena argitu du zientziak, gizakiaren burmuina ikertuz. «Emozioak neurozientziaren barruan daude, funtzio kognitiboak bezain beste», argitzen du psikologo donostiarrak.
Dagoeneko ez da nahikoa arlo fisikoa zaintzea, kirola eginez adibidez; orain arlo psikikoa ere bereziki zaindu behar omen dira gaixotasun larriak saihestuko badira. Azalduko zenuke hori?
Joera klasikoa izan da osasun fisikoa eta psikikoa bakoitza bere aldetik aztertzea, bien artean loturarik ez balego bezala. Orain erabat frogaturik dago lotuta daudela, estuki loturik ere. Kontua da gizarte honen funtzionamenduak espezializazioak bultzatzen dituela diziplinak lantzean, baina azkenean dena dago harremanean. Emozioek eta osasunak harreman zuzena dutela garbi asko frogatu dute. Areago, emozio mota zehatzek gaitz mota zehatzak ekar ditzakete. Zientziak erakutsi digu emozio ezkor jakin batzuk lotura zuzena dutela bihotzeko gaixotasunekin. Emozio ezkorrek estres maila igotzen dute eta horrek arrisku maila igotzen du bihotzeko gaixotasuna sortzeko. Beraz, bihotzeko gaixotasuna daukanak botika jakin batzuk hartu beharko ditu noski, baina aldi berean emozio ezkorrak eta estresa kontrolpean eduki beharko ditu.
Zein emozio ezkor gehiago ekar ditzakete arazo larriak?
Haserretzeko erraztasuna edo sumintzeko joera ere oso arriskutsua da. Pentsamendu eta emozio horiek oso loturik daude minbiziarekin. Lotura hori luze-zabal frogaturik dago. Emozioek beste aldagai bat osatzen dute gaixotasun larrien azalpenean. Ezin dugu ahaztu gure gizartean heriotza kausa zabalduenak direla minbizia eta bihotzeko gaixotasunak.
Giza gorputza burmuinaren baitan dauden emozioen ispilu bada hortaz?
Neurri handi batean hala dela esan daiteke. Azken urteotan ikerketa sakona egiten ari gara adindutako pertsonekin, eta emaitza oso interesgarriak lortu ditugu. 85 urtetik gorako pertsonekin egindako azterketak garbi azaltzen du 90 edota 100 urtera iristen direnek normalean emozio on asko izaten dituztela. Oso zaharrak direnek emozio positibo gehiago erakusten dituzte ez hain zaharrak direnekin alderatuta. Horrek esan nahi du emozio positiboek 100 urte betetzera eraman dituztela? Ez, baina lagungarria izan zaiela bai. Beste aldagai bat da bizitza luzea azaltzeko.
Ezbehar larri bat izaten duenak, hortaz, modu bikoitzean izaten du zorte txarra? Batetik, demagun istripu batean familiakide bat galdu duela, eta bestetik, gertaera horrek sorraraziko dion penak edo areago, depresioak, gaixotasun larri bat ekarriko dio beharbada?
Banakoak berak bere eskuetan duena, dituen armak alegia, ezin dira ahaztu. Horrelakoetan ingelesek coping deitzen dutena da garrantzitsuena, hots, gertaera larriari aurre egiteko gaitasuna, egoera berrira moldatzeko gaitasuna. Ezbeharrak gertatzen zaizkigunean, horri aurre egiteko daukagun modua oinarrizkoa izango da aurrerantzean. Egoera zail eta triste horretan emozio positiboak izatea lortzen dituztenek hobe egiten diote aurre egoerari. Hil den pertsonarekiko oroitzapenak kontrolpean dituztenek, hobeto onartzen dute gertatutakoa. Nahiz eta samina eduki, emozio positibotzat dituzte oroitzapen horiek. Bikotekidea hil zaion pertsona bat ezer egiteko gai ez dela gera daiteke urte askoan, blokeatuta, edo hil denarekin egunero hitz egin dezake bere intimitatean, bere gauza berriak kontatu, proiektu berriak azaldu… Pentsamendu horiek positiboak dira, emozio onak dira, eta bizitza indartzen diotela ez dago zalantzarik.
Beraz, bizitzan gertatzen zaionaren aurrean pertsona batek duen jarrerak bere gorputzarekin zer gertatuko den ere finka dezake maila batean?
Horrela da. Gure jarrerak alde batera edo bestera bideratzen ditu etorkizuneko hainbat aldagai. Gure coping edo gertaerei aurre egiteko modua oso garrantzitsua izan daiteke gure etorkizunerako.
Sentipenak, emozioak kontrolatzea, ordea, ez da batere erraza. Alderantziz, askok diote kontrola ezinak direla?
Baina ikas daiteke; oso ohikoa da pertsona batek pentsatzea erretzeari utzi behar diola, edota kirola egiten hasi behar dela. Aitzitik, hori ez da gertatzen gure emozioekin. Ez dakigu zer egin emozioen arloan. Areago, ez ditugu hitzak emozio asko azaltzeko, ez dakizkigu azaltzen emozio asko. Ez dugu gure artean hitz egiten sentipenei buruz. Gizonezkoak are gutxiago; Euskal Herrian argi ikusten da hori.
Zer egin beharko luke bada, emozio ezkorrak aldatu nahi dituenak?
Lehenik eta behin identifikatu emozio horiek, jakin nola sentitzen den. Emozioek kolorea ematen diote bizitzari eta hori jakitea oinarrizkoa da ezeren aurretik. Barruko intimitatearekin bat egin behar dugu. Nor maite duzu? Zergatik? Zer da garrantzitsuena zure bizitzan? Askotan galdera horiek ez dizkiogu egiten gure buruari. Erantzunak lortu, eta hortik aurrera emozioak aldatzen has daitezke.
Oroitzapenaren positibotasuna esaten diote neurologia alorreko ikerlariek, burmuinak berak osasunaren alde martxan jartzen duen sistemari. Argituko duzu?
Pertsonek gauza onak oroitzeko eta ezkorrak ahazteko joera daukagu. Zergatik? Oroitzapenaren positibotasun deitzen diogun sistemari esker. Bizitzeko, bizitzari aurre egiteko, hobeto datozkigu oroitzapen onak txarrak baino, eta gure burmuinak hautatu egiten du. Gertaera ezkorrekin etengabe akordatzeak osasuna kaltetzen duela jakingo balu bezala jokatzen du burmuinak. Egiten ari garen ikerketan ikusten ari garenez, pertsonak zenbat eta urte gehiago bete, orduan eta joera handiagoa dauka emozio onekin lotzeko, egunerokotasunari hainbesteko arreta jarri gabe. Adinduen jarrera berezi hori «zaharren kontuak» zirela esan izan da. Ba ez, bizitzen jarraitzeko egokitze sistema eraginkorra da, ez besterik.
Ezarian. Zientzia. Javier Yanguas. Psikologoa
«Emozio on asko izaten dituzte ehun urtetik gorakoek»
Emozioen osasuna eta gorputzarena estuki loturik daude. Sentipen ezkorrak zaintzen ez badira eragin larriak ager daitezke atal fisikoan: minbiziak, bihotzeko gaixotasunak...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu