DONOSTIAKO ASTE NAGUSIA. Jon Erauskin. Donostiako zezensuzkoen eramaileetako bat

«Emozio apur bat sentitzeko aukera ematen diegu haurrei»

Donostiako zezensuzkoek 30. urteurrena dute aurten, eta, hori ospatzeko, emanaldi berezia egingo dute gaur iluntzean. Erauskin 22 urtean aritu da zezensuzkoa eramateko zereginean.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
2014ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Horretan hasi aurretik, ez zituen ezagutzen, baina Donostiako zezensuzkoetan ateratzen 22 urtean ibili da Jon Erauskin (Pasaia, 1974). Jende gehiena su festa ikusten ari den bitartean, luzatze ariketak egiten aritzen da, ondoren haurren eta helduren atzetik korrika abiatzeko. 30 urte betetzen dituzte aurten Donostiako zezensuzkoek; hori ospatzeko, kalejira berezia egingo dute gaur 20:00etan, Bulebarretik abiatuta.

Aurten, Donostiako zezensuzkoen 30. urteurrena da. Gaur, ekitaldi berezia egingo duzue.

Uste dut prestatuko zutela zerbait berezia, baina sorpresa izango da.

Noiz eta nolatan hasi zinen zezensuzkoa eramaten?

Artean 18 urte nituen, eta arraunean aritzen nintzen San Pedron. Nirekin arraun egiten zuen lagun bat zezensuzkoa eramaten ere ibiltzen zen Donostian, eta hark animatu ninduen. Duela 22 urte, beraz.

Betidanik gustatu izan zaizu zezensuzkoa?

Hasi aurretik, ez nekien Donostian zezensuzkoa nola egiten zen, eta ondorioz, ez nintzen oso zalea. Baina, hasi nintzenetik, urteroko ohitura bihurtu da. Behin ezin izan nuen parte hartu, eta anaia bidali behar izan nuen; baina gainerakoan, beti atera izan naiz. Gustura ibiltzen naizen seinale.

Zezenak berberak dira beti edo aldatu egiten dira?

Hasi nintzenean, beste zezen batzuk geneuzkan, zaharragoak. Baina badira zenbait urte aldatu zituztela. Duela bost urte inguru, zezenetako bat aldatu zuten; oso polita da, baina besteak baino askoz ere pisutsuagoa!

Zer materialez eginak daude?

Barrutik egurrezko egitura bat dute, eta kanpotik poliesterrezkoak dira. Adarrak, berriz, benetakoak dira.

Eta zuek, zenbat pertsona zarete?

Sei zezen eta sei unai izaten gara, normalean; aste osoan, berberak. Batzuk beteranoak gara: nik 40 urte ditut, eta badaude beste pare bat nire adinaren bueltan. Gainerako zezenak gazteagoak dira, 25 urte ingurukoak, eta unaiak oraindik ere gazteagoak izan ohi dira.

Prestakuntza bereziren bat behar da zezensuzkoa eramateko?

Gaur egun, prestakuntza ikastaro bat egin behar izaten da, Arkautin (Gasteiz). Gehienbat, ohartzeko gainean zer daramagun, zer egin dezakegun, zer ezin dugun egin, eta ikasteko arazoren bati nola aurre egin beharko geniokeen. Egia esan, urte asko daramatzagu ikastarorik gabe ateratzen; baina, orain, beharrezkoa da titulua izatea. Horrez gain, ateratzen garen guztiak nahiko kirolariak gara; korrika eginez prestatuta, nahikoa da.

Zer ekartzen dio zezensuzkoak Aste Nagusiari?

Gauez emozio apur bat sentitzeko aukera ematen diegu haurrei. Bada jendea umetan atera dena, gero denbora batez utzia izan duena eta bisitaren bat egitera itzultzen dena. Jendeari asko gustatzen zaio zezensuzkoa.

Nolako jendeak hartzen du parte zezensuzkoan?

Jende asko ibiltzen da; batez ere, haurrak. Txikitan, gurasoekin. Guraso askori gustatzen zaie zezensuzkoa, eta haurrekin etortzen dira. Gero, bakarrik korrika egiteko gai direnean, beren kabuz etortzen dira. Bestalde, beti dago gazte edo atzerritar mozkorren bat astakeriatan eta traba egiten ibiltzen dena; baina, normalean, jendeak nahiko ondo jokatzen du.

Jende kopurua urtez urte aldatuz joan al da?

Ni ibili izan naizen hogei urteotan, kopurua jaitsi behintzat ez da egin. Jaiegun bezperetan eta asteburuetan, beti egoten da jende gehiago; baina, oro har, jende asko egoten da beti.

Zezensuzkoa Euskal Herriko ohitura da, edo atzerrian ere egiten da antzeko zer edo zer?

Espainian antzeko gauzak egiten direla badakit; baina, bestela, ez dut uste beste inon antzeko ezer egiten denik. Lehen, uste nuen zezensuzkoa jaien amaieran egiten zela, agur egiteko. Donostian, gauero ematen diote festari bukaera, eta biharamunean berriro hasten dituzte.

Arriskurik ba al du zezensuzkoak?

Orain daramatzagun kargak nahiko sinpleak dira, eta segurtasun neurri handiak hartzen dira gaur egun. Txinpartek arropan zulotxo bat egin dezakete, baina besterik ez.

Izan duzu inoiz istripurik?

Istripu txikiak, bai: irrist egin, eta zezenen bat erortzea; duela bi urte, mozkor batek zezen bat atzitu zuen. Baina ez dugu istripu larririk izan.

Anekdotarik ba al baduzu?

Gertatu izan zaigu karga bikoitza erre, eta denbora erdian bukatzea, edo alde bat bestea baino lehenago erretzea. Jendearen gainetik salto egin behar izaten dugu batzuetan, eta baten bat protestaka etortzea ere gauza arrunta da. Baina horiek txikikeriak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.