Iratiko etxolak aurtengo lehen agurra eskaini dio, eta gogotik hartu du Ttale Ouret artzainak (1941, Suhuskune, Baxenabarre). Sasoi berriak bere pozak eta kezkak ekarri dizkio, batez ere 2.0 artzain gaztearen gaiak.
Nolako egoeran harrapatu dituzu etxola eta bortua?
Bazterrak biziki berde, belarra eta oihana ere bai. Gero, urte batez ere horrela harrapatu genuen gure mendia, baina zortzi egun barne elurra zen...
Zerk sortzen ditu halako baldintza onak mendian?
Apirileko hilabetea ontsa joan da aurten. Komunzki, lehen egunetan elurra dastatzen dugu. Orain, eguraldia alderdikatua da, denbora ederrak irauten baitu apiriletik, eta guretzat hobe.
Planeta berotzen ari ote?
Ez dezaket erran! Artzainak beti eta berantago igotzen gara bortura. Eta zortzi eguneko aldea anitz izan daiteke mendian. Hobe bazkarentzat, kasko haiek kabalez anitz kargatzen ari baitira. Behi, behor eta ardi, denek beren tropak emendatu dituzte.
Ai, betiko gerla...
Ez dakit arras gerla denez, baina arras ikusmolde bereziak dira mendiaren antolaketaz. Artzain soila desagertzen ari da. Behereko laboraria geroz eta gehiago mendiaz jabetzen ari da. Horrez gain, mendiaren ibilbidea arras kanbiatzen ari da. Turismoari buruzko aldaketa badela erran nahi dut. Mendia egin ahala polit eta garbi izan dadin, jendea erakartzeko.
Gasna gehiago salduko duzu...
Ez dut uste! Gure merkatua ez daiteke kanpotarrekin finka.
Hobe zenuen apez egonik...
Zer nahi duzu... Laborari artzain baten seme naiz, etxe pobrekoa. Denbora haietan, familia serioseko gisa identifikatu ninduten, eta horrela partitu nintzen seminariora, hamar urtetan. Lehen horrela zen! Salbu, bide hori segituz bezala, familiaren erroetara nola itzultzen ahal nintzen ez nuela sentitzen. Formazioak sustraietatik kanpo eginak dira; euskal talde bat baginen gu, ordea... Ez zitzaigun normala gure nortasuna baztertua izatea. Orduan, gure baitarik baztertu ginen.
Hor zenuen apezgoa utzi?
Ez. Herri pobreei buruz formazio bat segitu nuen. Halako herri batera joateko xedea nuen. Baina apezpikuak gibelera etortzea agindu zidan. Sasoia Lourdesen egin nuen... Eta hango gorabeherak ikusi genituen, elizaren manipulazioak. Langile sindikatua muntatu genuen! Kanporatuak izan ginen. Apezpikuak erranik, Donibane Garazira jin nintzen. Han, gazte elkarte bat kudeatu nuen. Laborari talde bat bazen, eta lan interesgarria eraman genuen hor. Nik ere bidea egin nuen. Laburbiltzeko, mendiaren deia entzun nuen, eta artzain plantatzea erabaki, laborari lagunek lagundurik.
Ardiak baizik ez zaizkizu aldatu...
Hori da! Bi aldeetarik artzain egon naiz. Baina hamasei urteetako formazioa ez dut sekula ukatuko.
Artzainak biltzen dituzu, irratian berriak emanez eta Amerikan ibiliak direnak elkartuz. Zergatik?
Ni baino artzain zaharragoetatik anitz ikasi dut. Elkartasuna bazen haien artean, eta balore anitz, ingurumena zaintzea kasu. Hori dena atxiki nahi dut. Gainera, artzainek izugarrizko inportantzia ukan dute hemengo laborantzan, ekonomikoki ere bai. Ipar Amerikan ibilirik, hemengo etxaldeei bertze itxura bat eman diete. Eta ahanzteko bidean ziren. Ipar Amerikako abentura hori gure historiaren zatia da. Gazteek hori dena jakin behar dute.
Zu Amerikako desertuan egoteko on izanen zinen?
Emaztearekin, igual. Guk biek nahiago dugu etxolan egon, etxean baino.
Artzaintza zuen bikotearen abentura da?
Artzaingoa emazteak salbatuko du. Gure mendi aldean, emazteak badira hamar-hamabost etxoletan. Eta ageri da! Emazteak zoriontasuna eta oreka ekar dezake edozein lekutan. Zergatik ez mendian?
Eta artzain gazteak, nola ikusten dituzu?
Orain baino kezkatuago egona naiz duela hamar bat urte, artzain belaunaldi baten erdia bat-batean joan delarik. Itxaropena banuen, hala ere. Artzain seme-alabak badira beren sustraiei lotuak direnak. Gero, artzain plantatzen diren kale-umeak ere badira. Oztopo administratiboak badira, eta horrek ere, nahi ala ez, artzain lana aldatzen du. Ene iduriko, artzain modelo berri bat sortuko da.
Horrek kezkatzen zaitu?
Gu mendien eta kabalen amodioz gehiago bizi ginen. Orain, dirua atera behar duzu, eta beste mentalitate bat da. Belaunaldi berrian, kultur eskasia bada. Gu noiznahi auzoko etxolan ginen, kantuz, musean... Horrelakorik ez da gehiago! Baina izugarrizko garrantzia du. Orduan, artzainak izanen dira, ados, baina XXI. mendekoak...
Ez ote dute artzain zaharrek transmisioa huts egin?
Zaharrak lekukoa emateko prest ziren. Ohitura anitz bada mendian orain aipatzen ez direnak. Hori ez errespetatzea artzain nortasunaren zati bat galtzea da. Hori dena artzain zaharrak gaizki hartu du. Gero, beste politika bat da mendian ere. Denak utzi dira. Kultura bat ez baduzu gaur bizitzen, ordea... Artzainak izanen dira, baina noren artzain?
Ttale Ouret
«Emazteak zoriontasuna eta oreka ekar dezake edonora»
Apez ohi bat emaztea laudatzen, mendi mazelak ferekatzen eta bere artzain ofizioa biluzten. Iratiko bortua aldatzen ikusi du Ttale Ouret baxenabartarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu