'Emakumea zara, hilerokoa izango duzu, ama izango zara' erakusketaren egilea

Jennifer Arevalo da Silva: «Ematen du haurdunaldi guztiak direla politak, eta hori ez da horrela»

'Emakumea zara, hilerokoa izango duzu, ama izango zara' erakusketa sortu zuen Jennifer Arevalo da Silvak, amatasunaren inguruko tabuak hizpidera ekartzeko. Egun ere, isilpeko gai hori azaleratzeko lanean ari da.

Jennifer Arevalo Da Silva, 'Emakumea zara, hilerokoa izango duzu, ama izango zara' erakusketaren egilea. IDOIA ZABALETA / FOKU
Jennifer Arevalo Da Silva, 'Emakumea zara, hilerokoa izango duzu, ama izango zara' erakusketaren egilea. IDOIA ZABALETA / FOKU
Iratxe Muxika
Legorreta
2024ko irailaren 5a
05:00
Entzun

Tabuen kutxan bada gai bat etengabe agertzen dena: amatasunarena. Gaia bera, eta bide bakartua izateak dakarrena. Tabu horiek barrenetik bizi izan ditu Jennifer Arevalo da Silvak (Villabona-Amasa, Gipuzkoa, 1989), bertze emakume anitzek bezalaxe. Ume bat galdu zuen bidean, eta, egun, bi umeren ama da. Emakumea zara, hilerokoa izango duzu, ama izango zara erakusketa sortu zuen iaz, amatasunaren inguruko tabuei ahotsa —eta irudia— jartzeko. 

Zer gordetzen du amatasunak isilpean?

Lehenik eta behin, haurdun gelditzen saiatzea bera. Ezinean egoteaz ez da hitz egiten, hau da, bikote batek normalean ez du kontatzen ez duela lortzen haurdun geratzerik. Haurdun geratu ondorengo prozesua ere nahiko isila eta bakartia da, zeren ematen du haurdunaldi guztiak direla politak, eta hori ez da horrela. Badira haurdunaldi onak eta haurdunaldi txarrak. Eta erdibidekoak. Beti entzun dugu etapa zoragarria dela eta asko disfrutatzen dela; hala izan daiteke, baina beste bide bat ere har dezake. Beste tabu bat galerena da: esaten dute hirugarren hilabetera arte ez esateko haurdun zaudela, bidean zerbait okertu daitekeelako. Hor ukatzen ari gara bizi bat egon dela, eta bizi izandako guztia hor geratzen da, bizi izan duenarentzat bakarrik. 

Zuk hitz egiten zenuen gaiari buruz?

Bai, hasieratik. Nire ingurukoekin. Baina nahiko bakarrik sentitu nintzen, batik bat ez nuelako inguruan beste emakumerik prozesu berean zegoenik. Nik banuen zeinekin konpartitu, baina uste dut hobeto ulertuko ninduen norbait falta nuela. Mezu oso gogorrak jasotzen dira horrelakoetan. Niri esan izan didate: «Lasai, izango duzu beste ume bat». 

Nolakoa da amatasuna gizartearen begietatik begiratuta?

Ama zuzena izango da, zoriontsua, eta haurdunaldia ondo biziko du. Erditzea ere bai. Erditzeari buruz, baina, ezin da askorik hitz egin, gauza onak bakarrik kontatu behar dira. Erditu ondotik, umeekin egon eta lana eta afizioak alboratu behar dira. Finean, ama izateaz arduratu, besterik ez. 

Zenbateraino da garrantzitsua profesionalen laguntza?

Oso garrantzitsua da, ezinbestekoa. Baina lortzea ez da batere erraza. Haurra arazo batekin zetorrelako eta jaiotzean hil egingo zelako erditu behar izan nuen. Erditu nintzenean, paper batzuekin etorri zitzaizkidan, laguntza psikologikoa eskaintzera. Orduan, esan nien ez zela momentu egokia, eta ez nengoela paperak irakurtzeko eta horri erreparatzeko.  Ez nuen inorekin hitz egin nahi. Etxera itzuli ginenean, ez nengoen ondo; laguntza behar nuen, eta ospitalera deitu nuen, psikologoa eskaini zidatela-eta, laguntza eske. Esan zidaten berandu zela, laguntza hori erditu ondoan eskaintzen zela, eta behin handik joanda ez zegoela horretarako aukerarik. 

Behin psikologoa lortuta, ongi joan zen?

Bai, psikologoarekin oso ondo: bere lekua eman genion bizitzen ari nintzen horri, eta horrela hasi nintzen pixka bat askatzen. Baina konfinamendua etorri zen, eta telefonoz jarraitu behar izan genuen. Orduan hasi nintzen marrazten eta idazten, barrukoa ateratzeko.  

Lehenagotik ere marrazten zenuen?

Bai, beti marraztu izan dut, baina nahiko utzia neukan. Idazten hasi nintzen, baina idatzitako horri irudia falta zitzaion, eta horregatik hasi nintzen marrazten. 

On egiten zizun? 

Bai, horrek salbatu ninduen. Horixe izan zen nire terapiarik onena. Marraztu, idatzi eta kanporatu. Gero, hori berriz ikusi, entzun eta negar egin. 

Nola sortu zen erakusketa?  

Hori guztia gertatu baino lehenago, obulu dohaintza egin nuen, lehengusina batek behar zuelako. Prozesu horretan ikusi zuten nik obulu erreserba txikia neukala. Guk, emakumeok, normalean ez dakigu hori zer den, ez zaigu halakorik irakasten. Iruditu zitzaidan emakumeoi dena arrisku doinuz irakasten zaigula: «Kontuz, haurdun geratuko zara: erabili preserbatiboa». Gero, momentua iristean, kolpe latza izan zen niretzat. Garrantzitsua iruditu zitzaidan beste interpretazio bat egitea, eta horregatik eman nion erakusketa forma. 

Non aurkeztu zenuen erakusketa?

Legorretan, Ormaiztegin eta Zumarragan [Gipuzkoa].

Egun ez dago ikusgai.

Ez dago ikusgai, ez. Nik, dena dela, gordeta daukat, eta egin daiteke berriz ere; gustatuko litzaidake, gainera. Garantzitsua da zabaltzea eta gaiaz hitz egitea. Legorretan egin genuenean, berezia izan zen: jendeak bere bizipenak kontatu zituen, eta asko hitz egin genuen. Giro polita sortu zen.

LOTSABAKO

Babesleku bat?
Seme-alaben besarkada bat.

Lo hartzeko kanta bat?
You Are My Sunshine.

Ama zarenetik garatu duzun mania bat?
Alertan bizitzea.

Etxeko leku bat?
Sukaldea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.