Sindikalista eta abeslaria. Borroka eta kanta: biak uztartu ditu Fermin Valenciak (Getze Ibargoiti, Nafarroa, 1948) bere bizitzan. Orain ere bai. Sanferminak kantuan bizi ditu, eta borrokan. Iruñeko bestetako emanaldiak «bereziak» dira.
Nola bizi dituzu sanferminak?
Jaio nintzenetik bizi izan ditut, aita eta amarekin txikitan. Oraingoen aldean, oso ezberdinak ziren bestak. Jende gutxiago zegoen, herrietatik etortzen ziren, hiritik gertuagokoak ziren, gauza gutxiago zeuden, eta suak Gazteluko plazan ziren.
Esan izan duzu Gaixoa ni ikusi ere ezin duzula egin. Zergatik?
Txikiagoa nintzenean, peñetakoak negarrez ikusten nituen, pankartak lurrera botatzen zituzten... Ez nuen ulertzen zergatik egiten zuten negar. San Fermin bukatu zelako. «Horrek oso txarra behar du!», pentsatzen nuen. Geroztik, ezin dut Gaixoa ni ikusi. Jaien bukaerako atsekabea gogorarazten dit.
Kontzertua duzunez, arazo bat gutxiago?
Egia da, baina kontzerturik ez balego ere ez nintzateke joanen.
Ahotsa nola izaten duzu?
Zaindu beste aukerarik ez dut, batez ere niretzat garrantzitsuak diren bi egunetan kantatu behar dudalako. Baina beti daude gehiegikeriak: peña batean zaude, txaranga bat hasten da jotzen, kantatzeko eskatzen dizute, eta bozgorailurik gabe, saiatzen zara, eta ahotsa urratzen duzu azkenerako.
Nola iristen zara azken egunera?
Beti urduritasun handiarekin. Emanaldien aurretik, jan ezinik ibiltzen naiz, oso urduri nagoelako kantatzen hasten naizen arte.
Bestak ixteko ardura duzu. Horrek ez dizu penarik ematen?
Ez. Jendea gustura dagoela ikusirik, nik asko gozatzen dut. Badakit ez dela kontzertu arrunta; jendea honen esperoan egoten da. Toki txikia da, etxekoa, eta hori gustatzen zait.
Beste egun garrantzitsua German Rodriguezen omenaldia da. Nola bizi duzu hori?
Egun hura bizi izan nuen, nire bizitzaren parte bat Germanekin bizi izan nuen, eta uztailaren 8a ailegatzen den aldiro zauriak min ematen du, ez baita inondik inora itxi, are gutxiago haren hiltzaileak kondenatu gabe daudela jakinda. Borroka egun bat da, eta gogoratzekoa.
Isilitasuna egiten da kantatzen duzunean. Batzuk ahapeka laguntzen zaituzte. Kanta berezia da?
Ederra da. Fer Izquierdok egin zituen hitzak, eta Mikel Elizagak doinua. Gaztelerazko bertsoak sartu nizkion.
Kantautore gisa, nola egiten duzu lan? Nola sortu dituzu kantak?
Nire bizitzaren une zehatzetan sortu ditut, normalki zerbait gertatu denean, edo nik bizi edo sentitu izan dudan zerbait irakurri ondoren. Nire kanta guziek arrazoi eta une bat dute. Ez noa etxera zerbait sortzera. Barnean eragiten didan zerbaitengatik sortzen dut.
Zure kantak sanferminetan aditzen dira han eta hemen. Hori berezia da zuretzat?
Kantatzen dituztenean, maite dut aditzea, baina kantatzera behartzen nautenean... Oso lotsatia naiz.
Urtero 8an eta 14an kantatuta, déjà vu sentsaziorik izan duzu?
Ez, ez. Jendeak joateari utziko balio, zerbait berria behar dela ikusiko nuke, baina oraingoz gogotsu nago; ongi pasatzen dut, eta ez dut ikusten egoera hori.
Bizipenak ezberdinak dira urtero?
Bai. Iaz, gogoan dut Anje Duhalde hasi zela kantuan. Ni ateratzekoa nintzenean, abisatu zidaten ekaitza heldu zela. Oholtzara igo nintzenean, zerua beltz-beltza zegoen, eta haizea ari zuen. Amaiur kantarekin hasi nintzen: Amaiuuuuur... [kantuan]. Agur! Euri jasa hasi zuen. Hori izan zen emanaldia: Amaiur eta agur.
Zein da sanferminetako unerik garrantzitsuena zuretzat?
Une guziak. Uztailaren 8a maite dut, goizeko giroa maite dut, eta maite nituen niretzat beti alkate izanen den Josebaren [Asiron] sanferminak. Unetxoarena ergelkeria bat iduritzen zait; norberak badu bere tokia eta bere giroa aurkitzeko modua. Horregatik, besta oso bereziak dira. Sanferminetan ez dago deus programaturik, egitarauak dauden arren. Kalera zoaz, eta dagoenarekin egiten duzu topo.
ATZEKOZ AURRERA. Fermin Valencia. Abeslaria
«Emanaldien aurretik, jan ezinik ibiltzen naiz, urduri»
'Gaixoa ni' ekitaldia ikusi ere ezin du egin Valenciak. Udaletxe plazara ez da joaten, baina bestak kantuan bukatzen ditu. Anje Duhalderekin batera ariko da gaur, 20:00etan, Arrano elkartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu