Asteburuko proposamenak

Emakumeen omenez

Sardinera Eguna ospatuko dute gaur Santurtzin, sardineraren figuraren bidez herriko emakumeak omentzeko. Egun osoz izango dira ekintzak

Sardinera Eguna bukatzeko, erromeria egingo dute. BERRIA.
Nagore Arin.
2019ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Santurtziko (Bizkaia) ikur ezagunena da sardinera, eta, ikurrarekin bat, baita sardina saltzaile emakumearen figura ere. Hain justu, emakume langilearen figura hori gogoratu eta omenduko dute Santurtzin gaur, urtez urte antolatu ohi den Sardinera Egunaren harira. Hala, itsasoari lotutako emakume eta langileen omenezko ekitaldia osatu dute; gizonezkoek soilik ez, emakumeek ere itsasoari lotuta eginiko lana goraipatzeko asmoz. Aurten, herriko Juana Mozas Cardenal langileak jasoko du herriaren aitortza; izan ere, itsasoaren munduari loturik egon da beti, portuan arraina saltzen ez ezik merkataritza portuan zamaketari lanetan ere aritu izan baita. 12:00etan izango da omenaldia, sardineraren monumentuan.

Ez da, baina, eguneko jarduera bakarra izango; izan ere, egun osoko egitaraua antolatu du beste behin Santurtziko Udalak. Eragile askorekin batera antolatu du, eta askotariko eskaintza kultural etagastronomikoa izango da: 09:30ean itsasora irteteko itsasaldiekin hasi, eta 19:30ean Sukar erromeriarekin amaitzeraino. Tartean, kirol ontzi eta itsasontzi tradizional zaharberrituen erakusketak, bisita antzeztuak, umeentzako jolasak, kalejira, arrain enkantea, dantzak eta ekintza gehiago izango dira.

Berrikuntza eta guzti

Berrikuntza nagusia Sardina freskue dantza antzezlana da, Santurtziko sardinekin lotura duen lana. Organik taldeak antolatu du, eta 19:00etan izango da. Antolatzaileen arabera, ekitaldia umoretsua, freskoa eta urrintsua izango da, eta zenbait unetan ikusleen parte hartzea bilatuko du. Modu horretan, eta ikusleek hala nahi izanez gero, antzezleek egingo dituzten proposamen guztien gainean erabakiak hartu eta norabidea bideratzeko aukera izango dute ikusleek.

Itsasoari lotuta dagoen egun bat izanik, arrantza portutik hurbil ospatuko da jardunaldia, portu inguruan. Hala ere, inaugurazio ekitaldia Sardineraren inguruan izango da. Bertan, omenaldia egingo diote Juana Mozas herriko emakume eta langileari, eta lore eskaintza bat ere egingo dute. Ondoren, kalejira egingo dute arrantza porturaino, erraldoiek,musika eta txistularien bandek eta dultzaineroek lagunduta.

Ekintza programa zabal hori herri bazkari batekin biribildukoda; izan ere, goizean alde batetik bestera ibilitakoak Gernika parkean batuko ditu bazkariak. Hala, Sardinera Eguna ospatzera bildutako herritarrak elkartuko dira, eta, bazkaldu ostean, herri abestiak kantatzeko eta giroaz gozatzeko aukera izango dute, Santurtziko Kantari taldeak lagunduta.

Asteburu mugitua izango da Santurtzira biltzen direnentzat; izan ere, Sardineraren Eguna ez ezik, Itsas Azoka ere egingo dute portuan. Bihar arte egongo da zabalik: gaur, 12:00etatik 00:00etara, etabihar, berriz, 12:00etatik 22:00etara.

Sardinera Eguna



Gaur, Santurtzin (Bizkaia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.