ATZEKOZ AURRERA. Chantal Reyes. Kazetaritzan graduatua

«Emakumeen kirola ikusezin egin dute»

Emakumezkoen kirola Espainiako prentsa idatzian nola jorratzen den ikertu du Reyesek Gradu Amaierako Lanean. Ondorio hau atera du: «Kirol informazioa gizonek gizonentzat pentsatua da».

BERRIA.
Ihintza Elustondo
2016ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Kazetaritzan graduatu berri da Chantal Reyes (Getxo, Bizkaia, 1994), Euskal Herriko Unibertsitatean. Etorkizunean kirol kazetari izatea gustatuko litzaioke, emakumeen kirolari falta zaion bultzada emateko. Gradu Amaierako Lanean, lehen pausoak eman ditu gaiaren inguruan: Marca, As, Mundo Deportivo eta Sport kirol egunkariak ikertu ditu, emakumeen kirola nola lantzen duten ikusteko.

Kazeta horietan, emakumeak protagonista diren albisteak %6,6 baino ez dira. Zifra oso txikia da.

Ikerketarekin hasi nintzenean, imajinatzen nuen emakumeak ez zirela asko agertuko. Baina ez nuen espero %6,6ko zifrarik. Gutxienez, %10 espero nuen, eta hori ere gutxi iruditzen zitzaidan.

Norbaitek esango du: «Hori gizonezkoen kirola jende gehiagori interesatzen zaiolako gertatzen da».

Hori beti esaten da. Oso erraza da esatea emakumezkoen kirola ez zaiola jendeari interesatzen, baina, zuk ez baduzu horretaz informatzen, ezin zaio inori interesatu. Jendeak ez daki noiz diren partidak eta lehiaketak. Jendeari interesatzen zaio ikusten eta entzuten duena.

Emakumeen inguruko albiste askotan kirolaz kanpoko informazioa ematen dela konturatu zara.

Agian, partidari buruz hitz egin beharrean, kirolariaren soinekoari buruz hitz egiten dute.

Hori gizonezkoen kasuan ez da gertatzen, ezta?

Kasu batzuetan bai, baina ez da gauza orokor bat.

Argazkietan ere jarri duzu arreta.

Gizonezkoen argazkiak, oro har, kirol argazkiak dira: lehian ageri dira; kirola praktikatzen. Baina emakumeen kasuan, gehienetan poseko argazkiak dira.

Emakumearen irudi estereotipatu bat transmititzen dela diozu. Nolakoa da irudi hori?

Ez da arreta jartzen kirol arloan. Erakusten dute emakume bat polita dela, elegantea dela, eta, gainera, kirol bat egiten duela. Garrantzia ez zaio ematen kirolariari, kanpoko irudiari baizik.

Erabiltzen den hizkera ere ez dela neutroa ikusi duzu.

Fisikoaz gain, asko hitz egiten dute emakumearen izaerari buruz. Askotan, emakume oso alaia ez bada, izaera txarra duela esaten dute. Eta haren familia erlazioei buruz ere asko hitz egiten dute, baita entrenatzaileari buruz ere.

Agian, esango dute ea ama den, bikotekiderik ba ote duen...

Horri arreta handia jartzen diote. Gainera, emakume batek zerbait irabazten badu, kasu gehienetan bere entrenatzaileari esker izaten da. Eta ez bere esfortzuagatik.

Zure ondorio nagusia da kirol prentsa gizonek gizonentzat egiten dutela.

Informazio gehiena gizonezkoei buruz da, eta emakumeen inguruko informazio gehiena ez da kirolari buruz. Aipatzen dute oso polita dela, eta hori ez doa emakumeari zuzenduta. Niri, kirolzale gisa, ez zait interesatzen nolakoa den tenislari baten soinekoa. Nik jakin nahi dut noiz jokatuko duen, zer egin duen... eta horrelako gauzak.

Kirol kazetari gehienak gizonezkoak izan ohi dira. Horrek ere izango du eraginik.

Gutxika-gutxika ari dira agertzen emakume gehiago, baina, oraindik, asko geratzen da egiteko. Emakumezkoen kirolaren alde gehien egingo dutenak emakumeak izango dira, haiek ere gaian interesa dutelako. Parekatuta egon beharko lukete emakume eta gizon kazetariek.

Zuk Espainiako egunkariak aztertu dituzu. Baina Euskal Herrian ere gauza bera gertatzen al da?

Aztertu ez ditudan arren, gainetik begiratu ditut egunkari batzuk; eta bai, nire ustez, gauza bera gertatzen da.

Oro har gertatzen den kontu bat da, beraz.

Bai, emakumezkoen kirola ikusezin egin dute.

Amaitu berri dira aurtengo Olinpiar Jokoak. Zerbaitek eman al dizu atentzioa?

Kasu asko egon dira. Carolina Marinek [badmintonean urrezko domina] irabazi zuenean, ez zen haren meritua izan; esaten zuten haren entrenatzailea oso ona zela. Emakume baten inguruan idazten dutenean, beti aipatu behar dute gizonezko bat.

Carolina Marinen garrasiak ere asko komentatu dituzte.

Hori gizon batek egiten duenean, ez dute ezer esaten. Rafa Nadalek zarata handia egiten du, eta ez dute ezer esaten. Carolina Marinek egiten duenean, errespetu falta da. Beti aurkitzen dute zerbait negatiboa.

Hemen, Euskal Herrian, zer esango zenuke Maialen Chourrauten inguruan? Nola landu dute gaia?

Arreta handia jarri dute horretan. Baina, egia da egunkariek ez dutela arreta jartzen norbaitek urrezko domina irabazten duen arte. Maialenen inguruan, gainera, askok aipatu zuten ama zela. Asko hitz egin da gai horren inguruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.